Euskaldun gehienek ez dute euskal kultura kontsumitzen: ez euskarazko libururik, ez euskarazko musikarik, ezta euskarazko hedabiderik ere. Kultur kontsumoari buruzko azterketa bat egin du Siadeco ikerketa elkarteak, Elkar fundazioaren enkarguz. Euskarazko kontsumoa ez da euskaldunen erdira ere iristen. Euskarazko kontzertuek dute daturik onena: euskaldunen %47 joan dira azken urtean euskarazko kontzerturen batera. Telebista dago gero: %42k ikusi ohi dute euskaraz. Atzerago daude gainerakoak: euskarazko diskoak euskaldunen %29k erosten dituzte; euskarazko liburuak irakurtzeko ohitura %23k dute; eta euskarazko prentsa irakurtzekoa, %21ek. Hori, euskaldunen artean. Kontuan hartuta euskaldunak gutxiengoa direla Euskal Herrian (%28), euskal kulturaren kontsumoa are mugatuago dago.
Euskal kultura kontsumitzeko ohiturari buruzko azterketa egin dute. Atzo aurkeztu zuten Elkar fundazioaren lehendakari Joxemari Sorsek eta Siadecoko ordezkari Juanjo Allurrek. Euskal Herri osoa hartu dute aztergai, eta 2.500 inkesta egin dituzte. Datu aitortuak dira, hortaz: herritarrek zer dioten beren kontsumoaz. 16 urtez gorakoak hartu dituzte aintzat.
Zenbakiak aztertzean, gogoan izan behar da euskararen egoera zein den. Herritar gehienak erdaldun elebakarrak dira, euskara ulertu ere egiten ez dutenak: euskal herritarren %55, azken inkesta soziolinguistikoaren arabera. Euskara ulertzeko eta hitz egiteko gai euskal herritarren %28 dira. Euskara gaitasuna, jakina, giltzarria da euskarazko kontsumoan.
Irakurketan atzerago
Komunikabideen kontsumoari dagokionez, galdetu diete zein dituzten gehien irakurritako bi hedabideak. Bost euskaldunetik batek aipatu ditu euskal hedabideak (%21); euskal herritarren %6 dira. Euskaldunek nabarmen gehiago irakurtzen dute erdarazko prentsa: %59k irakurtzen dituzte erdarazko kazetak, eta euskarazkorik ez. Hor lehen gakoa: euskaldunen artean hiru aldiz handiagoa da erdarazko egunkarien kontsumoa. Hots: 155.000 euskaldunek jotzen dute euskarazko prentsara, eta 442.000k, erdarazkora bakarrik.
Telebistan handiagoa da euskarazko kontsumoa: euskaldunen %42k jarri dute euskal kateren bat gehien ikusien artean; ia denek, ETB1. Hala ere, handiagoa da euskarazkorik batere aipatu ez duten euskaldunen portzentajea: %48.
Liburuak irakurtzeko ohiturari dagokionez, badute prentsaren datuen traza. Euskaldunen %23k daukate ohitura euskarazko liburuak irakurtzeko —euskarazko liburu bat azken hilean—; erdaraz irakurtzeko ohitura, berriz, euskaldunen %54k. Zenbakitan: euskarazko ohiko liburu irakurleak 172.000 dira; erdarazko ohiko irakurle euskaldunak, 402.000. Horrek dakartzan mugez ohartarazi du Sorsek: «Neurri mugatua da». Euskal ekoizpena gizarteratzeko «politika eraginkorragoak» eskatu ditu, uste baitu aukera badagoela merkatu handiagoa izateko. Euskal herritarren %6 dira euskarazko liburuen ohiko irakurleak.
Ikasleen pisua
Disko erosleen ehunekoa handixeagoa da: euskaldunen %30ek erosi dituzte euskarazko diskoak azken urtean —gehienek, bat edo bi—. Hamar euskaldunetik batek (%11) erosi ditu diskoak, baina ez euskarazkorik. Gehienek, %60k, ez dute diskorik batere erosi. Kontzertuei dagokienez, euskaldunen %47 izan dira azken urtean euskarazko kontzerturen batean; beste %15 izan dira kontzertuetan, baina euskarazkoetan ez; eta %38 ez dira halako saioetara joan.
Esparruz esparruko datu horien azpian badaude gorabeherak. Liburuak irakurtzeari dagokionez, adinaren arabera salto handia dago. 16-25 urtekoek daukate ohiturarik handiena euskaraz leitzeko: adin tarte horretako euskaldunen %37k irakurtzen dituzte euskarazko liburuak. Kontuan izatekoa da, hala ere, adin tarte horretako gehienak eskola garaian daudela. Ikasleen pisua zenbatekoa den iradokitzen du beste aldagai batek ere: liburuak zergatik irakurtzen dituzten galdetu diete irakurle euskaldunei, zer motibazio duten. %21ek ikasketengatik edo lanagatik irakurtzen dituzte euskarazko liburuak; erdarazkoak, %26k. Aisian dago benetako aldea: %34k irakurtzen dituzte euskarazko liburuak aisian, eta %63k erdarazkoak. Irakurle euskaldunen datuak dira.
Aurkako jokabideari buruz ere galdetu dute: euskaldunek zergatik ez duten euskarazko libururik irakurtzen. Erantzun bat da nagusia: ez dutela ohiturarik edota erraztasunik. Euskaldunen %43k adierazi dute hori. Alfabetatzeak eragin handia du: 65 urtetik gorakoetan, %62k eman dute argudio hori; 16-25 urterekin, %26k. Oro har, 45 urtetik gorako euskaldunen erdiek baino gehiagok adierazi dute ez dutela erraztasunik edota ohiturarik. Atzerago daude beste argudio batzuk: ez dutela gustuko libururik euskaraz (%10), ez dutela eskaintza ezagutzen (%4), ez dutela interesik euskararekin eta euskal kulturarekin (%1)... Gaitasun apala da arazo nagusia, beraz. Sors: «Agerian geratu da euskaldunen ia erdien hizkuntza gaitasuna, kultura eta bizi hizkuntza nagusia ez dela euskara, euskararen gutxitasun egoera».
Musikaren kontsumoari dagokionez ere badira aldeak adinaren arabera. Zenbat eta gazteago, orduan eta handiagoa da musikarako joera. 16-25 urterekin, egunero edo ia egunero entzuten dute %90ek; 65 urtetik aurrera, %46k. Irratia da musika entzuteko bide nagusia (%42), baina laurdenek badute ohitura Internetetik doan musika hartzeko —16-25 urtekoetan, hirutik bik egiten dute hori—.
Gazteen pisu handiagoa da euskarazko kontzertuetan ere: 16-25 urteko euskaldunen artean, hirutik bi izan dira euskarazko kontzerturen batean azken urtean. Euskarazko diskoak erosteari dagokionez, ordea, ez daude goienean: 35-44 urteko euskaldunek erosten dute disko gehien —%41ek erosi du disko bat azken urtean—.
Musika doan lortzeko joerari buruz ohartarazi du Sorsek, sortzaileek ordainik ez eskuratzeak euskarazko kultura «pobretu» egin dezakeela nabarmendu du. «Bada garaia kultura ordaindu egin behar dela balioan jartzeko».
Euskaldunen erdiek baino gehiagok ez dute euskal kultura kontsumitzen
Euskarazko kultura kontsumoa aztertu du Elkar fundazioak: euskaldun gehienek ez dute euskarazko produktuetara jotzen. Laurdenek ere ez dute ohiturarik euskarazko hedabideak eta liburuak leitzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu