Euskara. EAEko VII. Inkesta Soziolinguistikoa

Euskaldunen erdiak baino gehiago eremu erdaldunetan bizi dira

VII. Inkesta Soziolinguistikoa aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak. Biztanleen %21,9k erabiltzen dute euskara erdara adina edo gehiago, 2016an baino 38.000 gehiagok. Gazteak aritzen dira gehien

Euskaldunen erdiak baino gehiago eremu erdaldunetan bizi dira.
Arantxa Iraola - Irati Urdalleta Lete
Donostia
2023ko martxoaren 21a
00:00
Entzun

Euskararen ezagutza, erabilera, transmisioa eta jarrerak. Lau arloetan ikusten da hobekuntza, atzo goizean Eusko Jaurlaritzak aurkeztu zuen VII. Inkesta Soziolinguistikoan. Baina dena ez da positiboa; argi-ilunak mahaigaineratu ditu: euskaldunek gero eta gaitasun txikiagoa dute euskaraz hitz egiteko; lekurik euskaldunenetan atzeraka ari da euskararen erabilera; eta erabilera bera, oro har, ez da handitu ezagutza adina. Euskaldunen ezaugarriak ere aldatu dira: gazteak aritzen dira gehien euskaraz, eta euskaldunen erdiak baino gehiago eremu erdaldunetan bizi dira. Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak, Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaranek eta Jon Aizpurua Hizkuntza Politikako zerbitzuburuak xehatu zuten txostena.

1991tik egiten da inkesta soziolinguistikoa, bost urtean behin, 16 urtetik gorakoei galdetuta. 2021ekoak dira orain aurkeztu dituzten datuak. Horiek ondo ulertze aldera gizartean izan diren hainbat aldaketa aintzat hartu behar direla gogorarazi dute dokumentuan. Lehena: gizartea gero eta zaharragoa da. Bigarrena: azken hamarkadetan atzerrian jaiotako gero eta jende gehiago etorri da. Hirugarrena: globalizazioa ere oso presente izan behar da; eragina du hizkuntza hegemonikoen erabileran. Eta hor, gizartearen mugimenduak ere kontuan hartu behar dira; azken hamarkada hauetan aiseago mugitzen baita jendea toki batetik bestera: ondorioz, hizkuntza paisaia aldatzen ari da.

Ikusi gehiago:Eusko Jaurlaritzak nabarmendu du handitu egin dela euskararen erabilera eta ezagutza

Aurkeztu berri duten azterketak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako argazkia eta bilakaera erakutsi ditu. Sailburua gustura dago lortutakoarekin: «Inkesta soziolinguistiko honetako datuek balio digute atzera begiratu eta 30 urte hauetan euskararen biziberritze prozesuan egin den lanaren emaitzak ikusteko». Eta marraztutako bidetik jarraitzeko asmoa erakutsi du: «Gizarteak euskararen normalizazioaren alde egin duen apustua sendoa izan da, eta sendo jarraitzen du gaur egun ere; beraz, botere publikoei dagokigu aukerak eta tokiak topatzea euskararen ikasketa, erabilera eta normalizazio hau bultzatzen jarraitzeko».

Nafarroako inkesta duela hamar bat egun plazaratu zuten; Ipar Euskal Herrikoa, berriz, oraindik ez dute jendaurrean aurkeztu. Hona Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoa, atalka:

EZAGUTZA

Egun, duela 30 urte baino 261.000 euskaldun gehiago daude: hamabi puntuko igoera izan du hiru hamarralditan. Horiek horrela, 681.000 euskaldun daude, biztanleriaren %36,2. Azken inkesta soziolinguistikoarekin alderatuta ere, ikusten da igoera: 2016an baino 49.000 euskaldun gehiago daude. 

Hiztunen gaztetasuna nabarmendu behar da; 16 eta 24 urtekoen artean lautik hiru dira gaur egun euskaldunak; 1991n, lautik bakarra. Datu horixe bera goraipatu du sailburuak ere: «Euskara hizkuntza gaztea da, gero eta gazteagoa».

Euskaldunen bizitokia ere aldatu da. Duela 30 urte, euskaldun gehienak 3. eta 4. gune soziolinguistikoetan bizi ziren. 30 urte geroago, «mugitu» egin dira. «Euskaldunen erdiak baino gehiago 1. eta 2. gune soziolinguistikoetan bizi dira», azaldu dute aurkezpenean.

Datu hori ulertzeko, garrantzitsua da gune bakoitza zer den azaltzea. Lehena gune erdaldunena da: %31tik behera dira euskaldunak; bigarren gunean, %31-%50 dira; hirugarrenean, %50-%80; eta laugarrenean, %80tik gora. Eta hortxe dago aldaketarik esanguratsuenetariko bat. Gaur egun euskaldunen %55, hain justu, 1. eta 2. guneetan bizi dira. Alegia, eremu erdaldunenetan bizi dira, euskaraz aritzeko aukera gutxiagorekin gehienak.

Ezagutzari begira, beste aldaketa bat «lehen hizkuntzarena» da. Hiru urte bete arte umeek etxean jasotzen duten hizkuntza edo hizkuntzak dira. Gaur egun, euskaldunen %48k dute lehen hizkuntza euskara. Euskaldunen %37k euskara etxetik kanpo jaso dute; euskaltegian, eskolan. Gainerakoak jatorrizko elebidunak dira. Hor ere bilakaera historikoa aintzat hartu behar da, zer gertatzen ari den hobeto ulertzeko. 1991n %14 ziren euskaldun berriak, eta %79 etxean jaso zutenak.

ERABILERA

Biztanleen %21,9k erabiltzen dute egun euskara erdara bezainbeste edo gehiago. Datu horrek ere gora egin du urtez urte, baina ez ezagutzak bezainbeste: azken 30 urteetan, ezagutza hamabi puntu handitu da; erabilera, berriz, 6,4 puntu. Azken inkesta soziolinguistikotik, bi puntu igo da erabilera: euskarak orduan baino 38.000 hiztun gehiago ditu orain. Hiru lurraldeetan egin du gora datuak, eta hiru hiriburuetan ere bai.

Eragiten duten «faktoreak» aintzat hartu behar dira hor ere. «Harreman sareak» eta «lehen hizkuntzak edo erraztasunak» eragiten dute gehien, dokumentuan jaso dutenez. Eta eragin handia du. «Euskaldunak norekin hitz egin daukanean, harreman sare sendoa daukanean, euskara erabiltzen du», azaldu dute aurkezpenean. Horretan eragin nahi dute, Zupiriaren hitzetan: «Garrantzi berezia izango du hiztunen erraztasunaren inguruan lan egiteak eta harreman sareetan eragiteak, lan munduan, aisialdian edo eskolaz kanpo egiten diren jardueretan».

Adibidez, 16-24 urte artean, 4. eta 3. guneetan, erabilera asko handitzen da. Eremu euskaldunenetan, gazteen %93k euskaraz jarduten dute. Oro har, gazteen %33 aritzen dira euskaraz erdaraz beste edo gehiago —normalean, gazteleraz—; gutxien, berriz, 65 urte edo gehiago dituztenek egiten dute. Kasu horretan, ez dute lurraldearen araberako daturik eman.

Bada aintzat hartu behar den aldaketa bat. 4. gune soziolinguistikoan egin du erabilerak behera: eremu euskaldunenean. Aldagai sozialei erreparatu behar zaie hor. Mugikortasuna areagotu egin da, eta horrek gune batzuetan eragina izan du. Horra datuak: eremu euskaldunenetan euskara bezainbeste edo gehiago erabiltzen zuten 1991n %88k; 2001ean, %81ek; 2011n, %81ek; eta 2021ean, %78,5ek.

Urteotan guztiotan etxeko erabilera aldatu da «gutxien». «Ez atzera ez aurrera» ibili dela onartu dute aurkezpenean. Aditzera eman dutenez, azken urteotan gora egin du, bereziki, bikoteetan erabilera handitu delako. Etxean, dena den, seme-alabekin erabiltzen da gehien: lautik batek erabiltzen dute. Etxetik kanpora, horra: lagunekin %22k erabiltzen dute euskara, eta lankideekin, %27k. Udal zerbitzuekin, nabarmentzekoa da erabilera: %27 aritzen dira euskaraz. Ez dute zehaztu alderik ba ote dagoen lurraldeen artean.

Ezagutza eta erabilera pixkanaka handitzen ari badira ere, datu guztiak ez dira baikorrak. Euskaldunak ugaritu ahala, gora egin du erdaraz euskaraz baino errazago hitz egiten duten euskaldunen kopuruak ere. Gaur egun, euskaldunen %44 errazago aritzen dira erdaraz, euskaraz baino —%38 ziren 1991n—. Hor badaude lurraldekako datuak, eta aldea dago batetik bestera: Gipuzkoan, hamar euskaldunetik hiru aritzen dira errazago erdaraz; Bizkaian, hamarretik bost pasatxo; eta Araban, hamarretik ia sei. 

TRANSMISIOA

3-15 urte arteko umeak dituzten inkestatuei galdetu diete eurek zer hizkuntza transmititu dituzten ere. «Transmisioaren bidean datu positiboak jaso ditugu», nabarmendu du Zupiriak. Lehen hizkuntzak eragina du transmisio horretan. Bi gurasoak euskaldunak direnean eta haien lehen hizkuntza euskara denean, %98k transmititzen dute euskara; %2k erdararekin batera. Lehen hizkuntza batek bakarrik duenean %88k transmititzen dute, eta %10ek bi hizkuntzak transmititzen dituzte. Bien lehen hizkuntza erdara denean: %35ek euskara, %36k biak, eta %29k ez dute euskara transmititzen.

Hori, bi gurasoak euskaraz gaituta daudenean. Baina zer gertatzen da gurasoetako batek soilik dakienean euskaraz? Bere lehenengo hizkuntza euskara bada, hamarretik zortzik baino gehiagok transmititzen dute euskara; bere lehen hizkuntza euskara ez bada, berriz, hamarretik ia seik. Gurasoen sexuak ere badu eragina: bikote batean euskalduna ama denean, erdiek euskara transmititzen diete seme-alabei; euskalduna aita denean, berriz, %42k. Baita adinak ere: gazteenen artean gehiago dira euskara etxean jaso dutenak gurasoetako bakarra euskalduna duten kasuetan ere.

JARRERA

Inkestan parte hartzen dutenei ez zaie zuzenean galdetzen euskararen alde edo kontra dauden. Lau baieztapen aintzat hartuta neurtzen da hizkuntzarekiko jarrera. Horiek aintzat hartuta, biztanleen %67 euskararen alde daude, eta %6,8, kontra. Hor ere agerikoa da igoera; 1991n %55 ziren aldekoak eta %14 kontrakoak. Zupiriak ontzat jo du: «Gizartea gero eta euskararen aldekoagoa da».

Aldekotasunik handiena hona zeren inguruan dagoen: inkestan parte hartu dutenen %89k uste dute haur guztiek ikasi behar luketela euskara, eta %6 daude horren aurka. Halaber, lau herritarretik hiruk uste dute euskaraz jakin behar dela administrazioan sartzeko; aldiz, hamarretik bi daude aurka. Gainera, herritarren erdiek uste dute irratiek eta telebistek programa gehiago eskaini behar dituztela, eta erdiek pasatxok ez dela hobe ingelesa ikastea euskara ikastea baino.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.