Euskararen ezagutza, erabilera, transmisioa eta jarrerak. Lau arloetan ikusten da hobekuntza, gaur goizean Eusko Jaurlaritzak aurkeztu duen VII. Inkesta Soziolinguistikoan. Baina dena ez da positiboa, argi-ilunak azaleratu baititu azterketak: euskaldunek euskaraz hitz egiteko gero eta gaitasun txikiagoa dute, lekurik euskaldunenetan atzeraka ari da euskararen erabilera, eta erabilera bera, oro har, ez da handitu ezagutza adina. Euskaldunen ezaugarriak ere aldatu dira: gazteak aritzen dira gehien euskaraz, eta euskaldunen erdiak baino gehiago eremu erdaldunetan bizi dira. Jon Aizpurua Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako zerbitzuburuak hainbat azalpen tekniko eman ditu, ondoan Kultura eta sailburu Bingen Zupiria eta Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaran zituela.
1991tik egiten da inkesta soziolinguistikoa, 16 urtetik gorakoei galdetuta. Datuak ondo ulertzeko gizartean izan diren hainbat aldaketa aintzat hartu behar direla gogorarazi dute txostenean. Lehena: gizartea gero eta zaharragoa da. Bigarrena: azken hamarkadetan atzerrian jaiotako gero eta jende gehiago etorri da. Hirugarrena: globalizazioa ere oso presente izan behar da; eragina du hizkuntza hegemonikoen erabileran. Eta hor, gizartearen mugimenduak ere kontuan hartu behar dira; azken hamarkada hauetan aiseago mugitzen baita jendea toki batetik bestera: ondorioz, hizkuntza paisaia aldatzen ari da.
Gaur aurkeztu dutenak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako egoeraren argazkia eta azken urteetako bilakera erakutsi ditu. Nafarroako inkesta duela hamar egun aurkeztu zuten; Ipar euskal herrikoa, berriz, oraindik ez dute jendaurrean aurkeztu. Hona Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako inkestaren hainbat datu, atalka:
Ezagutza
Araba, Bizkai eta Gipuzkoan egun duela 30 urte baino 261.000 euskaldun gehiago daude, hamabi puntuko igoera izan du hiru hamarralditan. Egun, 681.000 euskaldun daude, biztanleen %36,2. Azken inkesta soziolinguistikoarekin alderatuta ere ikusten da igoera: 2016tik 2,3 puntu igo da ezagutza; alegia, 49.000 euskaldun gehiago daude. Hiztunen gaztetasuna nabarmendu behar da; 16 eta 24 urtekoen artean %75 dira egun euskaldunak; 1991n %25 ziren. Datu horixe bera goraipatu du sailburuak ere: «Euskara hizkuntza gaztea da, gero eta gazteagoa, gazteenen artean oso zabalduta dagoelako euskararen ezagutza».
Euskara eremu geografiko eta soziolinguistiko berrietara aldatu da. «Duela 30 urte euskaldun gehienak 3. eta 4. gune soziolinguistikoetan bizi ziren», azaldu dute. 30 urte geroago, «mugitu» egin dira. «Euskaldunen erdiak baino gehiago 1. eta 2. gune soziolinguistikoetan bizi dira». Alegia, ingururik erdaldunenetan.
Datu hori ulertzeko, garrantzitsua da gune bakoitza zer den azaltzea. Lehena gune erdaldunena da: %31tik behera dira euskaldunak; bigarren gunean, %31-%50 dira; hirugarrenean, %50-%80; eta laugarrenean, %80tik gora. Eta hortxe dago aldaketarik esanguratsuenetariko bat. Gaur egun euskaldunen %55, hain justu, 1. eta 2. guneetan bizi dira. Alegia, eremu erdaldunenetan bizi dira, euskaraz aritzeko aukera gutxiagorekin gehienak.
Ezagutzari begira beste aldaketa bat «lehen hizkuntzarena» da. Bizitzaren lehen hiru urteetan nagusiki erabiltzen den hizkuntza edo hizkuntzak dira. Egun euskaldunen %47,8k dute lehen hizkuntza euskara. Euskaldunen %37k euskara etxetik kanpoan jaso dute; euskaltegian, eskolan. Gainerakoak jatorrizko elebidunak dira. Hor ere bilakaera historikoa aintzat hartu behar da, zer gertatzen ari den hobeto ulertzeko. 1991n %14 ziren euskaldun berriak, eta %79 etxean jaso zutenak.
Ezagutza pixkanaka handitzen ari bada ere, datu guztiak ez dira baikorrak. Euskaldunak irabazi ahala, gora egin du erdaraz euskaraz baino errazago hitz egiten duten euskaldunen kopuruak. Gaur egun, euskaldunen %44k erraztasun handiagoa dute erdaraz hitz egiteko euskaraz baino —%37,8 ziren 1991n—. Kasu honetan ere, aldea dago lurraldearen arabera: Gipuzkoan, hamar euskaldunetik hiru aritzen dira errazago erdaraz; Bizkaian, hamarretik bost; eta Araban, hamarretik ia sei.
Transmisioa
Norberak jaso duen hizkuntzaz ez ezik, 3-15 urte arteko umeak dituzten inkestatuei galdetu diete eurek zer hizkuntza transmititu dituzten ere. Lehen hizkuntza oso garrantzitsua dela euskara transmititzeko orduan. Bi gurasoak euskaldunak direnean eta haien lehen hizkuntza euskara denean, %98k transmititzen dute euskara; %2k erdararekin batera. Lehen hizkuntza batek bakarrik duenean %88k transmititzen dute, eta %10ek bi hizkuntzak transmititzen dituzte. Bien lehen hizkuntza erdara denean: %35ek euskara, %36k biak, eta %29k ez dute euskara transmititzen.
Hori bi gurasoak euskaraz gaituta daudenean. Baina zer gertatzen da gurasoetako batek soilik dakienean euskaraz? Bere lehenengo hizkuntza euskara bada, hamarretik zortzik baino gehiagok transmititzen dute euskara; bere lehen hizkuntza euskara ez bada, berriz, hamarretik ia seik. Gurasoen sexuak ere badu eragina: bikote batean euskalduna ama denean, erdiek euskara transmitizen diete seme-alabei; euskalduna aita denean, berriz, %41,7k.
«Badago zer irabazi, baina badago ehuneko handi bat euskara erdararekin batera transmititzen duena», ondorioztatu dute gaur goizeko aurkezpenean.
Erabilera
Biztanleen %21,9k erabiltzen dute egun euskara erdara bezainbeste edo gehiago. Datu horrek ere gora egin du urtez urte, baina ez ezagutzak bezainbeste: azken 30 urteetan, ezagutza hamabi puntu igo da; erabilera, aldiz, 6,4 puntu. Azken inkesta soziolinguistikotik, 2016kotik, 1,9 puntu igo da erabilera: orduan baino 38.000 hiztun gehiago ditu orain euskarak. Hiru lurraldeetan egin du gora datuak, eta hiru hiriburuetan ere bai.
Eragiten duten «faktoreak» aintzat hartu behar dira hor ere. «Harreman sareak» eta «lehen hizkuntzak edo erraztasunak» eragiten dute gehien. Inkesta guztietan agertu izan da hori. Eta eragin handia du. «Euskaldunak norekin hitz egin daukanean, harreman sare sendoa daukanean, euskara erabiltzen du», azaldu dute gaur goizeko aurkezpenean. Adibidez, 16-24 artean 4. eta 3. guneetan, erabilera asko handitzen da. Eremu euskaldunenetan gazteen %93,ek euskaraz jarduten dute. Datu orokorra, hiru herrialdeetakoa, %33 da.
Ikusi gehiago:Gari Goikoetxea: Dena ez da arnasgune
Bada aintzat hartu behar den aldaketa bat, hala ere. 4. gune soziolinguistikoan egin du erabilerak behera: eremu euskaldunean. Aldagai sozialei erreparatu behar zaie hor. Mugikortasuna areagotu egin da, eta horrek gune batzuetan eragina izan du. Horra datuak; eremu euskaldunenetan euskara bezainbeste edo gehiago erabiltzen zuten 1991n %88k; 2001ean, %81ek; 2011n, %80k; eta 2021ean, %78,5ek.
Urteotan guztiotan etxeko erabilera aldatu da «gutxien». «Ez atzera ez aurrera» ibili dela onartu dute gaur aurkezpenean. Aditzera eman dutenez, azken urteotan gora egin du, bereziki, hazi delako bikotekidearekin egiten den erabilera. Etxean erabilerarik handiena, hala ere, seme-alabekin izaten da: %24k erabiltzen dute. Etxetik kanpora, horra. Lagunekin %22k erabiltzen dute euskara, eta lankideekin, %27k. Udal zerbitzuekin, nabarmentzekoa da erabilera: %27,4 aritzen dira euskaraz.
Jarrera
Ez zaie galdetzen zuzenean alde edo kontra dauden inkestan parte hartzen dutenei. Lau baieztapen aintzat hartuta neurtzen da jarrera. Horiek aintzat hartuta, biztanleen %67 euskararen alde daude. Hor ere agerikoa da igoera; 1991n %55 ziren. «Progresiboki» gora egin du datu horrek inkesta guztietan.
Aldekotasunik handiena hona hemen zeren inguruan dagoen: inkestan parte hartu dutenen %89,3k uste dute haur guztiek ikasi behar luketela euskara. %74k adierazi dute euskaraz jakin behar dela administrazioan sartzeko.