Sentimendu jakin bat eragin nahi du Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak, apirilaren 25ean egingo duen ekitaldian. “Jendea ateratzea esanez: 'Bai, merezi du euskaldun izatea'”. Eneko Olasagasti zinemagile eta ekoizlearen hitzak dira. Ekitaldiaren alderdi artistikoa prestatzen dabilen lantaldeko burua da: “Ekitaldia ez da ohikoa izango. Protagonistak euskaraz bizi nahi duten herritarrak izango dira”. Euskaldunei eskerrak emateko saioa izango da.
“Emozio handiko” momentuak ziurtatu ditu Olasagastik. Kontseiluko kide Maite Indarekin batera egin du agerraldia, gaur. Ekitaldi parte hartzaile, bisuala, artistikoa eta metaforikoa sortu nahi dute. “Ez da mitin bat izango, festa bat izango da”. Nafarroako irrati euskaldunetako esatarien ahotsek gidatuko dute saioa. Eta oholtza gainean, besteak beste, Julio Soto eta Alaia Martin bertsolariak eta Demonde Quartet musika taldea izango dira.
Normalizaziorako neurriak
Nafarroako hizkuntza politikak “ezinbesteko” aldaketa behar du, Maite Indaren iritziz. Eta euskalgintzak euskararen normalizazioan aurrera egiteko, hamahiru neurri aurkeztuko dituzte ekitaldian. “Norbanakook badugu zer esana prozesu honetan eta baita eragile sozialek eta politikoek ere, eta bakoitzak dagokion mailako erantzukizuna du prozesu horretan”. Aldaketa lau zutabeetan oinarritu behar da, Kontseiluko kidearen iritziz: corpus juridikoan, plangintzetan, baliabideetan eta herri gogoan. "Hauek modu egokian artikulatuz, jauzi kualitatiboa emango da normalizazio prozesuan".
Nafarroako egoera salatu du Indak: “Gure hizkuntza eskubideak sistematikoki urratzen dira bai alor publikoan nola pribatuan ere. Urraketa horren iturburua euskararen desagerpena bilatu duen hizkuntza politika da. Azken urteotan, UPNren zoritxarreko garaian, hizkuntza baten desagerpena ekartzen duen jardun politikoa biziki areagotu da”.