Hizkuntza soziologia du ogibide Txerra Rodriguezek (Bilbo, 1978), urteak eman baititu euskara teknikari Emun enpresan, baina zaletasun eta pasio ere badu. Soziolinguistika gaiak hizpide dituen blog bat kudeatzen du, Garaigoikoa izenekoa; han plazaratzen dituen iritziak sarri aldentzen dira euskararen berreskurapenaren inguruko diskurtso ofizialetatik.
«Euskara Bilbon salbatuko da edo ez da salbatuko», esan zuen Ramon Saizarbitoriak. Ados al zaude horrekin?
Ez dakit ados nagoen edo ez, baina uste dut baieztapen horri ñabardura batzuk egin behar zaizkiola; izan ere, Bilbori itxaroten badiogu euskararen salbazioa ikusteko, seguru asko hilik egongo gara ordurako. Asko hitz egiten da euskararen arnasguneei buruz, eta uste dut gune horiek garatu behar direla, baina, nire ustez, herri koskorragoetan ere jarri behar da indarra: Durango, Gernika, Zornotza eta abar, Bizkaikoak aipatzearren. Nik hor ikusten dut, ez dakit salbazioa, baina bai aurrera begirako garapenerako bidea.
EH Bilduk duela gutxi antolatutako jardunaldian nahiko pesimista agertu zinen Bilboren euskalduntzeaz, datozen bizpahiru hamarkadetan behintzat.
Nik neure burua oso baikortzat daukat; bestela, ez nintzateke euskara teknikari izango, baina uste dut gauzak zientziaren ikuspegietatik aztertu behar direla. Eta, horren argitara, Bilbo 25 urte barru ez da euskalduna izango, argi eta garbi. Behintzat, «euskalduna izatea» esaten dugunean euskararen erabilera handi samarra izango duen hiriburua izatea ulertzen badugu. Nik uste dut 25 urte barru euskaldun gehiagok euskara erabiliko dutela gaur egun baino esparru gehiagotan, baldin eta gauzak ondo egiten baditugu.
Eta zer da gauzak ondo egitea?
Gustatuko litzaidake jakitea. Sentsazioa dut euskalgintzakook orain arte oso monolitiko jokatu dugula. Gauden lekura iristeko, orain arte gauza askok balio izan digute, eta etorkizunean ere balioko digute: identitatearen auzia, nazio ikuspegia eta abar. Baina bestelako bide batzuk ere landu behar ditugu. Bilbon, eta beste leku askotan ere, pauso batzuk eman ditzakegu, geure kabuz, inori ezer eskatu barik eta inoren zain egon barik. Orduan, eman ditzagun pauso horiek beste harrotasun eta beste duintasun batekin.
Datuen arabera, Bilbon euren burua euskalduntzat jotzen dutenak erdiak baino gehiago dira, %52. Ez du ematen datu horiek bat datozenik eguneroko errealitatearekin.
Ez naiz hasiko zalantzan jartzen erabiltzen ditugun datu estatistikoak, baina neurri batean bai, zalantzan jartzen ditut. Zuk aipatutakoa datu aitortua da, eta hor askotan pertzepzioaren araberako kontu batzuk sartzen dira: oraindik itzal handiagokoa da zeure burua euskalduntzat jotzea, euskalduna izatea zer den ere ez dute denek berdin ikusten, eta horrek inkestak horretara makurtzen ditu, baina belarria jartzea besterik ez dago konturatzeko Bilbo ez dela hiri euskalduna. Erabilera handitu da azken hamar urtean, baina oraindik oso txikerra da, eta ezagutza datuak ere tentuz hartu beharko genituzke.
Lehen aipatutako jardunaldian euskalduntasun urbanoaz aritu zineten. Ba al du ezaugarri berezirik hiriburu batean edo ingurune urbano batean euskaldun izateak?
Nik uste dut, ez soilki gune urbanoetan, baina gune urbanoetan bereziki, euskaldun izateak eskatzen duela zer edo zer. Oro har, Euskal Herrian, euskaldun izatea hautu bat da, baina gune urbanoetan are gehiago. Ez da ingurunera egokitzeko egindako zerbait, kontrakoa baizik. Batzuetan badirudi euskalduntasuna oso gauza jakinekin lotzen dela, folklorekeriarekin, berba zantar bat erabiltzearren. Bada garaia horrekin apurtzeko eta mito batzuk botatzeko.
Adibidez?
Adibidez, euskara Europako hizkuntzarik zaharrena dela dioen mito hori. Sentitzen dut, baina ez. Oso erromantikoa izango da, baina ez da egia, datuek erakusten dutenez. Euskara, zerbait bada, Europako hizkuntzarik modernoena da. Neu zurekin erabiltzen ari naizen berben %70 ezingo nituzke nire amamarekin erabili. Gurea hizkuntza modernoa da, duela 40 urtetik hona egunero sortzen, birsortzen, apurtzen eta berriro eraikitzen ari garena.
BERRIAri emandako elkarrizketan, Bilbon lehentasuna «umeak, gazteak eta gurasoak» zirela esan zuen Sabin Anuzita Bilboko Euskara zinegotziak, eta, kaleko erabilera sustatzeko ere programa batzuk ezarri arren, bermea «etxean egiten dena» dela. Ados al zaude?
Nik ere oso garbi daukat euskararen etorkizuna etxean dagoela, baina gaur egungo mundua ez da duela ehun urtekoa, eta kalea ere, zelanbait, etxea da. Etxean transmisio egokia bultzatzen duten gurasoek euskara aberats eta jatorra, D ereduan matrikulazioa eta aldeko bestelako faktoreak izanik ere, halako batean gaztetxoak erabaki bat hartu beharko du bere bizitzan: euskaraz egingo dut edo ez? Erabaki horretan etxeak pisua edukiko du, baina askoz pisu handiago beste gauza batzuek. Kaleak, esaterako, eta kalea diodanean etxea ez den hori guztia esan nahi dut: inguruko lagunak, hedabideak, kultur mundua, are administrazioa eta lan mundua ere.
Korrika Bilbon amaituko da. Euskararen aldeko ekitaldi erraldoiek kontzientzia pizteko edo kontzientzia txarra baretzeko balio al dute?
Nik bereiziko nituzke Korrika eta masifikazioaren aldeko apustua egiten duten beste ekitaldi batzuk, oso desberdinak direlako. Korrikak badu gauza inportante bat, herririk herri egiten dela, eta herrietan egiten den lan horrek fruituak ekar ditzake. Ez dakit kontzientziak suspertzeko balio duen, eta seguru asko baten bati kontzientzia txarra lasaitzeko balioko dio, baina euskararen aldeko lanean ari garen guztioi indar ziztada bat ematen digu.
19. Korrika. Txerra Rodriguez. Soziolinguista
«Euskalduna izatea hautu bat da; gune urbanoetan, gehiago»
Euskara tradizioaren eta iraganaren zenbait konturekin lotzea ez du egoki ikusten Rodriguezek; euskalgintzan «beste bide batzuk» lantzearen aldekoa da, «inori ezer eskatu barik» pausoak emanda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu