«Zergatik nahi dugu euskaraz bizi?». Hori galdetu dio bere buruari Eneko Olasagasti zinemagile eta ekoizleak, Kontseiluaren apirilaren 25eko ekitaldia prestatzeko. Erantzuna ekitaldian islatuko du: «Euskaldun izatea ospatuko duen festa bat izango da». Anaitasuna kiroldegia euskaldunei eskerrak emateko gunea izango da datorren larunbatean. Hori baita Kontseiluaren xedea: «Jendea ateratzea esanez: 'Bai, merezi du euskaldun izatea'».
Ekitaldiaren alderdi artistikoa prestatzeko lantaldeko burua da Olasagasti; «emozio handiko» saioa ziurtatu zuen. «Ekitaldia ez da ohikoa izango; protagonistak euskaraz bizi nahi duten herritarrak izango dira». Nafarroako irrati euskaldunetako esatarien ahotsek gidatuko dute saioa, eta Julio Soto eta Alaia Martin bertsolariak eta Demonde Quartet musika taldea izango dira, besteak beste, oholtza gainean.
Aldaketarako oinarriak
Euskalgintzak euskararen normalizazioan aurrera egiteko hartu beharreko hamahiru neurri aurkeztuko ditu Kontseiluak. Nafarroako hizkuntza politikak «ezinbesteko» aldaketa behar duela azaldu zuen atzo Maite Inda Kontseiluko kideak. Normalizazio prozesua lau zutabetan oinarritu behar da, haren ustez: corpus juridikoan, plangintzetan, baliabideetan eta herri gogoan. Zutabeak eta neurriak «metaforikoki» aurkeztuko dituzte, baina, ekitaldian. Neurri multzo zehatza ekitaldiaren ondoren egingo dute publiko.
Euskaldun izatea ospatuko du Kontseiluak, Anaitasunan, apirilaren 25ean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu