2005eko martxoaren 20a. Bilbo. Bizkaiko hiriburuan amaitu zen 14. Korrika. Anuska Beika eta Jose Antonio Azpitarte Luzie. Bata alabaz haurdun, ia erditzear; bestea AEKren materialaren Euskal Herriko arduradun. Egun bat geroago, martxoaren 21ean, jaioko zen Iraide Azpitarte Beika, haien alaba; gaur, Bilboko Abusu auzoan, 19 urte bete dituela eta, ziur asko inoiz ahaztuko ez duen oparia eman diote: 23. Korrikaren 1.821. kilometroa.
Abusuko taberna batean kafea hartzen ari da Iraide Azpitarte, ezeren berri izan gabe, korrika lagunekin normal egingo duelakoan. Baina Korrika iritsi baino minutu batzuk lehenago eman diote oparia gurasoek: lekukoa eramango du bere hiriko kaleetan. «Ez nuen inondik inora espero. Oso polita da, oso originala, eta uste dut opari hau ez dudala inoiz ahaztuko».
Iraide Azpitartek ez du ahaztuko gaurkoa, baina haren aitak eta amak orain hemeretzi urte gertatutakoa dute akorduan. Korrika Bilbon amaitzekoa zen, eta Beika ia erditzear zegoen: «Hor geunden, urduri, ja jaiotzear zegoelako. Guretzat Korrika beti izan da egun ederra eta hunkigarria. Orduan, oso hunkigarria zen egun hori». Erditze gelara joan baino ordu batzuk lehenago, Korrikan parte hartu zuen: «Nik esaten nuen: ‘Ez bada 20an jaiotzen, nik korrika egingo dut, nahi eta nahi ez’». Esan eta egin: «Hala egin nuen. Gogoratzen dut jende guztia hasi zela nirekin batera oihuka: ‘Iraide ere Korrikaren alde’. Oso-oso polita izan zen».
Bitartean, AEKren materialaren arduradun zegoen aita: «Ni AEKren materialaren Euskal Herriko arduradun nengoen, eta hor egon ginen, eusteko borrokatzen, ea pixka bat atzeratzen zen erditzea, lana ganoraz egiteko». Ondo atera zen guztia: «Amaren tripan egin zituen metro batzuk. Gero, gauean, Korrika amaitu zenean, ospitalera joan ginen, eta han jaio zen».
Gaur, hemeretzi urte geroago, Korrikako kilometro bat izan du opari Iraide Azpitartek. Beikak azaldu du arrazoia: «Kristoren ilusioa egiten dio Korrikak txikitatik, eta hau izan da gure oparia harentzat». Gurasoek konplizeekin batera antolatu dute sorpresa, Beikak azaldu duenez: «Lagunek asko lagundu digute, zeren berak lagunekin egon nahi zuen egun honetan. AEK-ko jendeak ere asko lagundu digu». Lagunez eta senideez inguratuta egin du kilometroa Iraide Azpitartek, eta aurrera segitzeko asmoa zuen: «Kilometroa egin, eta Bilbotik jarraituko dugu korrika. Konpartsak ere badauka kilometro bat, eta konpartsarekin ere egingo dugu korrika, BERRIAri laguntzeko».
Eta aurrera jarraitu du. Abusutik igaro, eta bost ordu inguruan ibili da Bilboko kaleetan. Jendetzak egin dio ongietorria Korrikari Bilbon ere: esaterako, Zazpi Kaleetan. Minutuak aurrera. Jendea pasatu eta pasatu. Eta Zazpi Kaleetan bezala, gainerako auzoetan: Santutxun, Miribillan, Deustun, Abanton, Indautxun...
Jendetza euskararen alde. Baina euskaraz? Konpartsak dira arnasguneetako bat Bilbon, Agurtzane Sotch Hor Dago Abante konpartsako kidearen irudiko: «Esango nuke Bilboko jaietakoa mikrobabesgune bat dela. Konpartsetan gehienok dakigu euskaraz». Gainera, batzuk bereziki dira euskaltzaleak: «Gu Egunkaria-ren aldeko konpartsa izan ginen hasieran, eta, gaur egun, BERRIAren aldekoa gara. Gero, euskaraz dauden hedabideen aldekoak ere bagara». Gainontzean ere, uste du euskararen egoera gero eta hobea dela Bilbon: «Duela 30 edo 40 urteko egoerarekin alderatuta, esango nuke gaur egun gehiago entzuten dela euskara». Irudipenak datuetara eramatearren: Bilbon, kaleko elkarrizketen %3,5 dira euskaraz; herritarren %46k dakite edo ulertzen dute euskara. Gehiago erabiltzea funtsezkoa da, Sotchen irudiko: «Gaur egun, jendeak badaki euskaraz, baina ez dago hitz egiteko ohiturarik. Uste dut horren inguruan ibili beharko ginatekeela lanean».
«Esango nuke Bilboko jaietakoa mikrobabesgune bat dela. Konpartsetan gehienok dakigu euskaraz».
AGURTZANE SOTCHHor Dago Abante konpartsako kidea
Hau Pittu Hau konpartsako Idoia Ugalderen iritziz, euskararen egoera ez da ona Bilbon: «Erabilerari dagokionez, ez da asko entzuten: auzo batzuetan gehiago eta besteetan gutxiago. Erabileran arazo bat daukagu, baina jende askok ez daki euskaraz. Ez dago nahi beste aukera euskaraz egiteko». Halere, euskararen aldeko bultzada ere nabari du. Jendearena, ez instituzioena: «Udalaren oso babes gutxirekin, baina badago jendea antolatuta, auzoetan gehienbat».
Bilboz harago
Bilbon izan da Korrika arratsaldean, baina, goizean, Uribe Kostan eta Txorierrin piztu du ilusioa, besteak beste. Berezia izan da herri batean: Usansolon. Lehen aldiz hartu du Korrika udalerri gisa.
Boluntarioak bideak ixten eta boluntarioak autoei norabidea markatzen. Usansolon ez da udaltzainik ageri. Usansolo gure herria! Lortu dugu leloa du Jabier Aurrekoetxeak eskuetan daukan pankartak. Usansolo Herria plataformako kidea da, eta pozik dago herri gisa Korrikari ongietorria egingo dioten lehen aldia delako: «Guretzat hau oso garrantzitsua da, zeren lehen Korrika da herri bezala parte hartzen duguna. Urtero pasatzen da, baina aurten oso garrantzitsua da herri izatea eta herri honetatik Korrika pasatzea». Lan nekeza izan da udalerri izan zedin lortzea, eta, Aurrekoetxearen esanetan, oraindik ez dituzte eskumen guztiak, baina prest daude euskararen alde egiteko: «Usansolo gero eta gehiago bizi da euskaraz; beste giro bat dago euskararen alde, oso ona».
Bihar ere Bizkaian hasiko du eguna Korrikak, Meatzaldean. Arabara joko du handik, eta Laudion sartu-irten bat eginda, Bizkaira itzuliko da berriro: Arratian izango da goizean, eta Durangaldean arratsaldean.