Hizkuntza eskakizunak. Gipuzkoako Diputazioa. Arantza Lekuona. Kabiako gerentea

«Euskaldun bat bere hizkuntzan artatuta, etxean sentituko da»

Hamasei zahar etxe kudeatzen ditu Kabiak. Hizkuntza berdintasunaren ikuspegia dute txertatua, kalitatezko arreta bermatzeko.

JON URBE / FOKU.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Donostia
2023ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Kabia Gipuzkoako Foru Aldundiaren menpeko organismo autonomo bat da. Duela zortzi urte sortu zuten, eta hamasei zahar etxe kudeatzen ditu Gipuzkoan. Arantza Lekuona (Donostia, 1971) da erakundearen gerentea, eta azaldu du hasiera-hasieratik txertatu dutela hizkuntza berdintasunaren ikuspegia Kabiaren jardunean. «Euskaraz lan egin nahi dugu». Hori da asmoa eta gogoa, Lekuonaren esanetan.

Ikusi gehiago:HIZKUNTZA IRIZPIDEEN LANTEGIAN

Nola gorpuzten da hizkuntza berdintasunaren ikuspegia Kabiaren jardunean?

Kabiako zerbitzu zentralak, adibidez, euskaraz lan egingo zuela erabaki genuen, hau da, langileen %100ek euskaraz jakin behar dutela. 28 pertsona gaude, eta denok egiten dugu euskaraz.

Eta Kabiako zahar etxeetako egoiliarrak euskaraz artatzea bermatuta dago?

Horra iristea da helburua. Oraintxe, kontuan izan behar da guk hamasei errealitate zeharo desberdin ditugula. Oinarriak jartzen ari gara, baina ez da gauza bera Hernaniko egoitza batean egin den ibilbidea, adibidez, edo Eibarkoan egindakoa. Egia da egoera soziolinguistikoa desberdina dela. Langile publikoei eskatzen dizkiegu hizkuntza eskakizun batzuk, eta aukera hori izan dute. Enpresetako langileena beste ibilbide bat da, eta kontratazioetako klausuletan jaso behar duzu hizkuntzarena nola txertatu. Aztertu genuen nola motiba genitzakeen langile horiek. Ez zeukaten ziurtagirik, eta guk klausuletan eskatzen genuen ziurtagiriak bermatu behar zituztela. Ariketa pilotu bat egin genuen, zaintzaileek ahozkotasuna egiazta zezaten. Zaintzaileek bermatu behar dute egoiliarren hizkuntza menperatzen dutela. Ahozkoa da garrantzitsua hor, eta hori neurtu genuen.

Arrakasta izan du?

Handia. Bestalde, Lanbide Heziketatik egoitzetara praktikak egitera datozen guztiek bermatu behar dute euskara maila egokia daukatela, ahozkoa behintzat. Hainbat eskola —Donostiako Easo Politeknikoa, adibidez— zaintzaile ikasketak D ereduan eskaintzen ari dira, lan munduak hori eskatzen duelako.

Erronka nagusia zein da orain?

Egoitza gehienetan zaintzaileei B2 maila eskatzen diegu, baina beste batzuetan B1a. Ez dugu lanpostu zerrenda bateraturik, eta hizkuntza eskakizunak bateratzea da erronka.

Zein da hizkuntza berdintasunaren garrantzia zahar etxeetan?

Gure egoitzetan dauden adineko pertsonei kalitatezko arreta eta zaintza ematea da gure misioa. Kalitatezko arretaren barruan kontuan eduki behar ditugu beraien hizkuntza eskubideak. Euskaldun bat bere hizkuntzan artatzen baduzu, erosoago eta etxean sentituko da. Beraiekin komunikatu ahal izateko, kontuan izan behar dugu beraien hizkuntza. Behar bat da.

Ikusi gehiago:Erakunde «euskaltzalea» euskalduntzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.