Euskal zientzialari talde batek COVID-19 detektatzeko ordezko RT-PCR test bat balioztatu du

Testak hamabost euro inguru balio du, eta lau ordu baino gutxiagoko tartean egin ahal izango litzateke.

RT-PCRa martxan. UGO MAYOR
2020ko apirilaren 9a
12:34
Entzun

Euskal Herriko zientzialari ikertzaile sare batek COVID-19a detektatzeko RT-PCR test bat doitzea lortu du. EHUko zenbait sailetako, Ikerbasque Zientziaren Euskal Fundazioko, Achucarro Neurozientziaren Euskal Zentroko eta Biofisika Bizkaia Fundazioko zientzialariek hartu dute parte proiektuan, Biocruces Bizkaia eta Bioaraba Institutuetako ikertzaileekin batera. Horri esker, Euskal Herrian gaitza diagnostikatzeko test gehiago egin ahal izango lituzke, Osasunaren Munduko Erakundeak aholkatu bezala.

EHUko iturriek jakinarazi dutenez, material genetikoaren kantitate oso txikiak anplifikatzeko teknika da PCR, kasu honetan birusarenak. RT-PCR aldaerak material genetikoaren detekzio kuantitatiboa egiten du, eta, hortaz, aukera ematen du kutsatuak eta birusik ez dutenak bereizteko. Ikertzaile taldeak konfinamenduko lehenengo astean abiatu zuten teknika doitzeko lana, eta "abiadura bizian" egin du. 55 ikertzaileko talde bat aritu da: argitaratutako artikuluen azterketa sakona eta eztabaida telematiko ugari egindakoan, ekintza plan bat diseinatu zuten, EHUren babes instituzionalarekin.

Bigarren astean, "marka guztiak apurtu dituen epean", sei euste laborategi egokitzea lortu zuten Maria Goiri EHUko Bioteknologia Zentroan, Leioa-Erandio gunean, baita beharrezko lege betekizun guztiak bideratzea ere. Martxoaren 27an, Osakidetzak dagoeneko diagnostikatutako lehenengo laginak jaso zituzten Euskal Biobankutik. Protokoloak doitzen hamar egun eginda lortu dute detekzio testak %100eko espezifikotasuna eta %92ko sentikortasuna izatea. Sentikortasunak kasu positiboak detektatzeko gaitasuna adierazten du, eta espezifikotasunak, berriz, probaren fidagarritasun maila, alegia, zenbateraino emango dien emaitza negatiboa infektatuta ez dauden pertsonei.

Egindako zenbatespenen arabera, erakunde arteko lantaldeak garatutako detekzio probak 15 euro inguruko kostua izan lezake, eta lau ordu baino gutxiagoko tartean egin ahal izango litzateke. Kostua hain neurrikoa da proiektuan parte hartu duten pertsonek eta erakundeek ekarpen altruista egin dutelako. Gainera, beste ikerketa zentro batzuetako askotariko laborategietan egin ahal izango lirateke probak, baita ospitaleetan ere, Osakidetza gaur gaurkoz ibiltzen dituen RT-PCR kit komertzialik gabe geldituko balitz, stock arazoak tarteko.

Ugo Mayor EHUko Ikerbasque ikertzaile eta ekimenaren koordinatzailearen hitzetan, "ordezko test hau auzolanean garatu izanak ikerketaren eta zientziaren balioa nabarmentzen du, baita bi horiek gizartearen ongizatean izan dezaketen inpaktu erreala ere, dagokion babes instituzionala izanda".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.