'Euskal Y'-arekiko lotura ikertzeko tresna onartu du Nafarroa Gobernuak

Espainiako Sustapen Ministerioa arduratuko da ikerketa idazteaz eta zerbitzuak kontratatzeaz

Erredakzioa
Iruñea
2011ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Nafarroako abiadura handiko trena Gipuzkoarekin lotu ahal izateko ikerketa egiteko protokoloa onartu du Nafarroako Gobernuak. Protokolo horretan, Eusko Jaurlaritzarekin eta Espainiako Sustapen Ministerioarekin elkarlanean jarduteko modua arautu du Iruñeko gobernuak, Iruñea eta Euskal Y-a lotzeko zatiaren azterketa egiterakoan.

Onartutako testuaren arabera, Sustapen Ministerioa ikerketa idazteaz arduratuko da, baita ikerketa idatzi ahal izateko beharko diren zerbitzu guztiak kontratatzeaz ere; Espainiako Burdinbide Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiko teknikari batek egingo du lan hori. Horrez gain, ingurumen eraginari buruzko txostena egitea ere Sustapen Ministerioaren zeregina izango da.

Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak lan koordinatzaile bat izendatuko dute, eta ikerketaren txostena idazterakoan ere elkarlanean jardungo dute. Horrekin batera, bitartekari lana egingo dute Iruñeko eta Gasteizko gobernuen eta Espainiako Sustapen Ministerioaren artean.

Espainiako Gobernua arduratuko da ikerketaren gastuaz, baina Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua informazio bilketaz eta aurreikusi ez diren gastuez arduratu daitezke.

Beste zubi bat Araban

Hego Euskal Herriko tren lasterraren sarea osatzea ikertzen ari diren bitartean, Araban, Arratzu-Ubarrundia eta Legutio arteko zatian, zubi baten lanak bukatu ditu Adif Espainiako Trenbide Azpiegituretarako erakunde publikoak. 112 metro luze ditu zubiak eta hiru zutoin ditu. Ordea, beste hiru beharko dira 2,5 kilometroko zatia bukatu ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.