EUSKAL PRESOAK

Euskal presoentzat «legezkotasuna» eskatu dute Sarek eta Etxerat-ek

Manifestazioa egin dute Gasteizko jaiak hasi berritan. «Etapa berri bat» dela azpimarratu dute

Manifestariak, Andre Mari Zuriaren plazatik ateratzen. MARISOL RAMIREZ/FOKU
jone arruabarrena
2023ko abuztuaren 5a
21:28
Entzun

«Etxera, etxera eta etxera!». Ozen entzun dira gaur oihuak Gasteizko txosnetako agertoki nagusian. Jende andana bildu da 20:00etan Andre Mari Zuriaren plazan Sarek eta Etxerat-ek deitutako manifestazioarekin bat egiteko; euskal presoei aplikatutako salbuespen politiken amaiera eskatu dute bertan bildutakoek. Azken hilabeteetan egin duten bezala, beste behin azpimarratu dute bi eragileek «etapa berri bat» zabaldu dela; hain zuzen, euskal presoei dagokienez «esperantza garaia» dela azaldu dute. Urruntze politikekin amaitu arren, ordea, «salbuespen egoerak» indarrean jarraitzen dutela salatu dute. Letra handiz Etxera zioten bi oihal handik gidatu dute manifestazioa, eta tronpeta soinuz girotuta egin dute bidea, Andre Mari Zuriaren plazatik Gasteizko txosnetara iritsi arte.

Goizean egindako adierazpenetan azaldu dituzte protestaren helburuak Blanca Martinez de San Vicente eta Joseba Azkarraga Sareko ordezkariek. Hain zuzen, etapa horri hasiera ematea beharrezkotzat jo dute: «Ez dago arrazoirik, ETA desagertu zenetik hamabi urte igaro direla kontuan hartuta, gure herrialdean ezer aldatu ez balitz bezala jokatzeko». Hala ere, euskal presoen eskubideen urraketak «jarraitzen duela» gogorarazi nahi izan dute atzoko protestaren bidez.

Mobilizazioaren amaieran bi eragileetako eledunek azaldu dutenez, esaterako, hainbat euskal presok zigorraren hiru laurdenak «aspaldi» bete zituzten: «Ez dago gainerako zigorra espetxetik kanpora betetzeko aukera eragozten duen legerik». Zigorra Frantziako kartzeletan bete eta Espainiara estraditatu ondoren hutsetik betetzen hasi behar izan direnen kasua ere salatu dute, eta adierazi dute «Europako esparru judizialean legez kontrakoa» dela praktika hori.

Horrez gain, preso batzuk «bizi arteko zigor ezkutua» jasaten dutela adierazi dute, 40 urte arterainoko kondenen bidez: «Zigor hori Espainiako Konstituzioan jasota egon ez arren, ez eta justifikatuta birgizarteratu ahal diren presoen kasuan». Esan dute euskal presoei aplikatutako politika horiek, baina, ez dizkietela ezarri «estatu erabakiak tarteko edo inpunitatearen babesarekin hil, zauritu, torturatu edo bere boterea gehiegikeriaz» erabili dituztenei: «Gehien-gehienak ez dituzte epaitu».

«Pribilegiorik ez»
Gaur-gaurkoz, ez dago «inolako justifikaziorik» salbuespen juridikoari eusteko, gaur Gasteizen bildutakoen aurrean ordezkariek esan dutenez. Adierazi dute ez dutela «pribilegiorik» eskatzen preso horientzat, «legezkotasuna» baizik: «Estatuko espetxeetan dauden milaka preso horietatik edozeini aplikatzen zaion legezkotasun bera».

Nabarmendu dute, horrez gain, ez dutela «errebindikazio alderdikoirik edo ideologikorik» egin nahi: «Askatasunik gabe urteak eta urteak daramatzaten horien giza eskubideak errespeta daitezela exijitzen dugu, besterik ez».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.