Euskal presoentzat «legezkotasuna» eskatu dute Sarek eta Etxerat-ek

Manifestazioa egin dute Gasteizko jaiak hasi berritan. «Etapa berri bat» dela azpimarratu dute

Manifestazioa, Andre Mari Zuriaren plazatik irten zen unean. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
jone arruabarrena
2023ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
«Etxera, etxera eta etxera!». Ozen entzun ziren atzo oihuak Gasteizko txosnetako eszenatoki nagusian. Jende andana bildu zen 20:00etan Andre Maria Zuriaren plazan Sarek eta Etxerat-ek deitutako manifestazioarekin bat egiteko; euskal presoei aplikatutako salbuespen politika amaitzeko eskatu zuten bertan bildutakoek. Azken hilabeteetan egin duten bezala, beste behin azpimarratu zuten bi eragileek «etapa berri bat» zabaldu dela; hain zuzen, euskal presoei dagokienez «esperantza garaia» dela azaldu zuten. Urruntze politikekin amaitu arren, ordea, «salbuespen egoerak» indarrean jarraitzen dutela salatu zuten. Letra handiz Etxera zioten bi oihal erraldoik gidatu zuten manifestazioa, eta tronpeta soinuz girotuta egin zuten bidea, plazatik Gasteizko txosnetara iritsi arte.

Goizean egindako adierazpenetan azaldu zituzten protestaren helburuak Blanca Martinez de San Vicente eta Joseba Azkarraga Sareko ordezkariek. Hain zuzen, etapa horri hasiera ematea beharrezkotzat jo zuten: «Ez dago arrazoirik, ETA desagertu zenetik hamabi urte igaro direla kontuan hartuta, gure herrialdean ezer aldatu ez balitz bezala jokatzeko». Hala ere, euskal presoen eskubideen urraketak «jarraitzen duela» gogorarazi nahi izan zuten atzoko protestaren bidez. Mobilizazioaren amaieran bi eragileetako eledunek azaldu zutenez, esaterako, hainbat euskal presok zigorraren hiru laurdenak «aspaldi» bete zituzten: «Ez dago gainerako zigorra espetxetik kanpora betetzeko aukera eragozten duen legerik». Zigorra Frantziako kartzeletan bete eta Espainiara estraditatu ondoren hutsetik betetzen hasi behar izan direnen kasua ere salatu zuten, eta adierazi zuten «Europako esparru judizialean legez kontrakoa» dela praktika hori.

Horrez gain, preso batzuk «bizi guztiko zigor ezkutua» jasaten dutela adierazi zuten, 40 urte arterainoko kondenen bidez: «Zigor hori Espainiako Konstituzioan jasota egon ez arren, ez eta justifikatuta ere birgizarteratu ahal diren presoen kasuan». Esanzuten, baina, euskal presoei aplikatutako politika horiek ez dizkietela ezarri «estatu erabakiak tarteko edo inpunitatearen babesarekin hil, zauritu, torturatu edo bere boterea gehiegikeriaz» erabili dituztenei: «Gehien-gehienak ez dituzte epaitu».

«Pribilegiorik ez»

Gaur-gaurkoz, ez dago «inolako justifikaziorik» salbuespen juridikoari eusteko, atzo Gasteizen bildutakoen aurrean ordezkariek esan zutenez. Adierazi zuten ez zutela «pribilegiorik» eskatzen preso horientzat, «legezkotasuna» baizik: «Estatuko espetxeetan dauden milaka preso horietatik edozeini aplikatzen zaion legezkotasun bera».

Nabarmendu zuten, horrez gain, ez dutela «erreibindikazio alderdikoirik edo ideologikorik» egin nahi: «Askatasunik gabe urteak eta urteak daramatzaten horien giza eskubideak errespeta daitezen exijitzen dugu, besterik ez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.