PSNk Nafarroako Parlamentuan duen bozeramaile Ramon Alzorriz «legea betetzearen alde» azaldu da espetxe politikaren auzian. Esan duenez, «orain abagunea berria da, eta legeak agintzen duena bete egin behar da».
Haren esanetan, presoen urruntzea «terrorismoaren kontra borrokatzeko hartutako neurria» izan zen, «baina gaur egun ez dago terrorismorik, ETA erakunde demokratikoek garaitu zutelako». Esan duenez, auzia ez da «presoak espetxeetatik ateratzea», ezpada «hurbiltzea, legeak agindu bezala».
«Egoera desberdina izanik, zehatz-mehatz bete behar da legeak agintzen duena, hau da, presoek bizilekutik ahalik eta hurbilen bete behar dutela zigorra», azaldu du Alzorrizek.
«Truke politikoa»
Navarra Sumako Javier Esparza, aldiz, erabat kontra agertu da, eta «deitoragarria» iritzi dio «presoak hurbiltzea truke politikoaren ondorio» izateari. Haren ustez, espetxe politikan «irizpide judizialak» nagusitu behar dira, eta ez «negoziazio politikoa».
Esparzak esan duenez, «duintasun falta ikaragarria» izango litzateke «presoak multzoan hurbiltzea erabakitzea, zergatik eta EAJk [Espainiako gobernuburu] Pedro Sanchezi sei boto eman dizkiolako». «Espero dut ez egitea», erantsi du.
Geroa Bai, eta EH Bildu, berriz, presoak hurbiltzearen alde mintzatu dira. Geroa Baiko bozeramaile Uxue Barkosek esan du beharrezkoa dela «ohiko espetxe araudira» itzultzea: «Sakabanatzea ez da ulertzen, ez bada beste garai batean egon zitezkeen salbuespen kasuetan».
Horregatik, «preso guztiak, ahal den neurrian, sorlekura hurbiltzearen alde» agertu da Barkos.
EH Bilduko Bakartxo Ruizek esan du orain dela garaia «presoen egoerari irtenbide bat emateko, eta sakabanaketa politika amaitzeko; izan ere, inoiz ez du zentzurik izan, baina gaur egun, inoiz baino gutxiago».
Ruizen ustez, erakundeek «ardura» dute «elkarbizitza demokratikoan aurrera egiteko», eta Nafarroako Gobernuak ere zeregina izan beharko luke «presoen aferari irtenbidea emateko lanean».
Euskal presoen gaian «legea betetzearen alde» azaldu da PSN
Orain «abagunea berria» dela esan dute. UPNk «deitoragarria» iritzi dio hurbiltzeari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu