Sare

Euskal presoen «Euskal Herriratze motela» salatu du Sarek

Esan dute azken bi hilabeteetan ez dutela presorik Euskal Herriratu, eta nabarmendu presoen %36 Espainiako espetxeetan daudela oraindik ere

Udako kanpaina aurkeztu du Sarek. SARE
inaut matauko rada
2022ko ekainaren 7a
16:08
Entzun

Sare Herritarrak euskal presoen egoeraren diagnostikoa egin du, eta, aurrerapausoak eman direla onartzen badute ere, prozesuaren erritmo motela «ulergaitza» dela diote. Ekainaren 18an lau urte egingo ditu Espainiako Gobernuak salbuespenezko espetxe politika amaitzeko prozesu bat iragarri zuenetik; ordutik, presoen erdiak baino gehiago ekarri dituzte Euskal Herriko espetxeetara, eta gehienak lehen gradutik bigarrenera igaro dituzte. Hala ere, nabarmendu dute asko etxetik urrun daudela oraindik ere.

Agerraldia egin dute Bego Atxak eta Joseba Azkarragak, eta Atxak adierazi du oraindik kartzelan dauden 195 euskal presoetatik gehienak Euskal Herrian daudela; 106. 70 Espainiako Estatuko espetxeetan daude, %36, eta beste hemeretzi Frantziako Estatukoetan, %10. Bestalde, Sarek dio preso gehienak lehen gradutik bigarrenera igaro direla, baina nabarmendu du bigarren gradutik hirugarrenera pasatzeko baldintzak dituzten 60 presoetatik 21i bakarrik eman dietela.

Sarek ontzat jo du euskal presoak Euskal Herriratzeko prozesua, baina adierazi du oraindik «asko» falta dela Espainiako Gobernuak duela lau urte hartu zuen konpromisoa betetzeko; izan ere, azken bi hilabeteetan ez dute presorik ekarri Euskal Herriko kartzeletara: «Ez dago arrazoirik eten horretarako; ez dauka inolako zentzurik. Eskubideez ari gara», dio Atxak. Hori dela eta, emandako hitza betetzeko eskatu diote Pedro Sanchezen gobernuari.

Atxak dio euskal presoen salbuespenik gabeko espetxe araudia betetzen ez den bitartean bakeaz, bizikidetzaz eta justiziaz hitz egitea «ameskeria bat» dela, eta, hain zuzen ere, gizarteak hori eskatzen duela.

Udako egitaraua

Euskal presoei espetxe politika arrunta aplikatzeko borrokan jarraituko dutela nabarmendu du Sarek, eta udako egitaraua plazaratu dute. Bi urteko hutsunearen ostean, bizikleta martxari berriro ekingo diote aurten, uztailaren 22tik 24ra. Hiru egunekoa izango da: lehen egunean Etxarri (Nafarroa) eta Durango (Bizkaia) banantzen dituzten 100 kilometroak egingo dituzte, Arabatik pasatuta; bigarren etapa Durangotik Azpeitira (Gipuzkoa) izango da, 70 kilometrokoa, eta azkena izango da laburrena, Azpeititik Donostiara 54 kilometro egingo baitituzte hanka jokoari emanda.

Bestalde, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako jaietan manifestazioak egingo dituzte. Ekainaren 18an Iruñean egingo dute lehena, abuztuaren 3an hurrena, Gasteizen. Bilbokoa abuztuaren 20an izango da, eta Donostiakoa sei egun beranduago.

Urriaren 8an Donostian Etxera bidea gertu! lelopean mobilizazioa eta festibala egingo dutela ere gogorarazi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.