Euskal presoen etxeratze prozesuaren puzzlea osatzea exijituko du Sarek bi eguneko ekinaldi baten bidez

Lesakan hasiko dute ekinaldia, eta Iruñean amaituko da, 'Puzzlea osatu arte' lelopean. Erregimen itxian dauden presoak izango dira protagonista, eta haien sorterriak batuko dituzte maiatzaren 17an eta 18an, ibilaldi baten bitartez.

Gaur goizeko agerraldia, Gasteizen. SARE HERRITARRA
Gaur goizeko agerraldia, Gasteizen. SARE HERRITARRA
Iosu Alberdi.
2025eko apirilaren 8a
11:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Gero eta gehiago dira espetxe ibilbidean aurrera egin eta zigorra erregimen irekian betetzen ari diren euskal presoak. Sare Herritarraren arabera, baina, oraindik ere erdiak inguru daude erregimen itxian: plataformaren datuen arabera, EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboko 58 kide. Hain zuzen, horien errealitatea hizpidera ekarri nahi dute maiatzaren 17an eta 18an egingo duten ekinaldiaren bidez. Gaurko aurkezpenean azaldu dutenez, preso horien jatorrizko udalerriak —denera, 29— batuko dituzte bi eguneko ibilbide baten bitartez: Lesakan (Nafarroa) hasi, eta Iruñean bukatu. «Preso horiek etxerako bidea egitearen garrantzia nabarmendu nahi dugu, zigorra erregimen irekian betetzearena, eta zigorraren azken urteak etxean betetzeko beharra azpimarratu», azaldu dute Nahikari Iturbe eta Mikel Mundiñano eledunek.

Sareko kideen ustez, gatazkaren ondorioak konpontzeko bidean bi gai nagusi jorratu behar dira. Batetik, «askotariko biolentzien biktimek merezi eta behar duten egia eta aitortza». Bestetik, euskal presoei ezarritako salbuespen politiken amaiera, hark iraganean eragin duen eta oraindik ere eragiten duen «sufrimendua» amaiarazteko. Adierazi dute «etorkizunari begira jarri eta elkarbizitzari ekarpenak egiteko» baldintzak direla horiek.

Hurrengo urtean hamabost urte beteko dira ETAk jarduera armatua behin betiko amaitu zuenetik, baina Sare Herritarreko kideek gogoratu dute salbuespen legeek «etxerako bidea oztopatzen» dietela oraindik ere euskal presoei, hamabost urte geroago. Espainiako Kongresuak iaz indargabetu zuen 7/2014 lege organikoa, eta, hala, Frantzian betetako zigor urteak kontuan hartzeko betebeharra ezarri; hori dela eta, hainbat euskal presoren auziak aztertzen ari dira auzitegiak; Balbino Saenz Olarra izan zen lege aldaketari lotutako ebazpen bat zela medio espetxetik ateratzen lehena, martxoan. Era berean, baina, indarrean da 7/2003 lege organikoa, besteak beste, eta, Sareren arabera, 50 presori baino gehiagori eragiten die. Lege horren bidez, 30 urtetik 40ra luzatu zuten gehienezko espetxe zigorra, eta gradu progresioak eskuratzeko baldintzak zorroztu.

Halere, Sarek erregimen irekien defentsa egin du, argudiatuz legediak aukera ematen duela presoek zigorraren azken zatia modu horretan betetzeko. Zehazki, legeak dio presoek zigorraren erdia betetzen dutenetik beretik jaso dezaketela hirugarren gradua, eta baldintzapean aske atera daitezkeela zigorraren hiru laurdenak egitean. Horrez gain, espetxe araudiko 100.2 artikulua baliatuta, bigarren gradu malguago bat ere ezarri daiteke zigorra betetzeko. «Euskal presoen kasuan, ordea, salbuespen politika da bide horren oztopo», gehitu dute eledunek, eta gogoratu euskal preso guztiek betetzen dituztela, modu batean edo bestean, zigorrak erregimen irekian betetzeko baldintzak.

Hala, auzia puzzle baten moduan irudikatu du plataformak, eta hura osatzeko falta diren piezak jartzeko eskatuko dute maiatzaren 17ko asteburuko ekinaldian. Hau da, exijituko dute erregimen itxian dauden 58 presoei legedi arrunta aplikatzea, eta etxeratzeko prozesuari bide emateko, Puzzlea osatu arte lelopean. «Baldintzak betetzen dituztelako, eta legeak aukera ematen duelako», adierazi dute eledunek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.