Sare Herritarrak eta politika, gizarte eta kultura arloko dozenaka aurpegi ezagunek euskal presoen afera konpontzeko beharra adierazi dute gaur goizean, Gernikan (Bizkaia) aurkeztutako manifestuan: «Konponbidearen eta elkarbizitzaren ateak parez pare zabaldu nahi eta behar ditugu». Konponbiderako giltzak kanpaina abiatu dute agerraldiarekin, eta urtarrilaren 13an Bilbon mobilizatzeko deia egin dute. «Bete ditzagun kaleak giltzez, konponbidearen mesedetan», adierazi du Bego Atxa Sareko eledunak.
Manifestuaren sinatzaileen artean daude Juan Jose Ibarretxe eta Carlos Garaikoetxea Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiak, ETAren, GALen eta torturaren hainbat biktima, Gerry Adams Sinn Feineko buruzagi historikoa eta Euskal Herriko eragile ugaritako kideak. Denera, 150 lagunetik gora, eta haiekin batera, baita EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta gehiengo sindikala ere. «Giltzari esker sartu eta irten egiten gara: aurrera egiten dugu. Edo atzean geratzen gara, gotorturik», dio denek sinatutako manifestuak. Era berean, giltza «iraganeko minak, gorrotoak eta biolentziak» atzean uzteko baliatu beharrean, «inoren sufrimendua ahaztu edo gutxietsi gabe» aurrera egiteko irakaskuntza izan daitekeela adierazi dute: «Akatsetatik ikasiz ez errepikatzeko, norgehiagokak giltzapetu eta iraganean ainguratzen gaituzten lehiak ixteko».
Ikusi gehiago:Sinatzaileen zerrenda
Horretarako, sinatzaileek urratsak eskatu dituzte bi arlotan. Batetik, biktima guztiei «tratamendu justu eta berdina» ematea ahalbidetzeko, «sufritu duten pertsona guztiak» aintzat hartuz eta errespetatuz. Bestetik, euskal preso, iheslari eta deportatuen aferari irtenbide bat bilatzeko, legeak ezarritako aukerei bide emanez: «Espetxe eredu berri, humanizatu eta justuago batean sakonduz, euskal presoei dagozkien eskubideen jabetza aitortuz». Gaineratu dute eskaera hori ez dela «zigorgabetasunarekin» nahastu behar.
Izan ere, azaldu dute ETAk borroka armatua etetearekin zein euskal presoei ezarritako isolamendu eta urruntze politiken amaierarekin «urrats sendoak» eman direla, baina gogoratu dute, oraindik ere, presoek «legearen bidea jorratzeko ateak ireki ahala», aurrera egiteko «oztopo diren sarraila berriak» topatzen dituztela: «Salbuespenak giltzarrapo izaten darrai, etxerako ateak itxita jarraitzen du».
Ikusi gehiago:Giltzak manifestua
Arazo horretan sakonduz, Atxak adierazi du Auzitegi Nazionaleko epaileen eta fiskalen jarrerak urrun jarraitzen duela «espetxe politika justu bat» izateko helburutik, nahiz eta salbuespenezko politikak «inolako justifikaziorik» ez izan. Are gehiago, espetxeetako tratamendu batzordeen eta Eusko Jaurlaritzaren irizpideekin «talka» egiten duela salatu du. «Eusko Jaurlaritzak onartu dituen gradu progresioen % 75i helegitea jarri dio Fiskaltzak, eta asko dira espetxera eta bigarren gradura itzuli behar izan dutenak», xehetu du, azalduz egoera horrek «estres egoera nabarmenak» eragiten dizkietela presoei: «Eragin suntsitzailea du».
Horren aurrean, jendartea «elkarbizitzarako ateak irekitzeko lanetan» ari dela azaldu dute, eta arlo politiko, sindikal zein sozialean eragiteko nahia plazaratu, «etorkizuneko ateak irekitzeko» helburuarekin: «Adierazi nahi dugu prest gaudela konponbiderako, elkarbizitzarako, biktima guztien minen errespeturako eta presoen etxerako biderako ateak irekiko dituzten giltzak gure eskuetan hartzeko, lege arruntak dion bidetik, hamarkadetan zehar aplikatzen ari zaizkien salbuespenak betiko baztertuz». Hori da, sinatzaileen hitzetan, «elkarbizitza oinarri izango duen etorkizuna» eraikitzeko bidea. Hala, Sarek dei egin die manifestuarekin bat egiten duten herritarrei hura babestera, giltzak.sare.eus webgunean.
Konpromisorako deia
Bi oinarriren pean abiarazi zuten Sare plataforma 2014. urtean: «Euskal presoek jasaten duten eskubide urraketari amaiera emateko» helburuarekin, batetik; eta «indarkeria guztien biktima guztien errespetu, babes eta elkartasun beharrarekin» bat egitearekin, bestetik. Hala, Atxak azaldu du ez zutela espero bederatzi urte geroago, bi aferak «konpondu gabe» egotea.
Halaber, gogoratu du «erabat ezberdina» zen testuinguru batean jarri zirela martxan salbuespenezko politikak, baina Auzitegi Nazionalak «uko» egiten diola errealitate berria onartzeari: «Zuzenbidea bihurritzen du gizarteratze printzipioa ezagutzen ez duen bertsio bat aplikatzeko». Era berean, gaineratu du ez direla «pribilegioak» eskatzen ari, legez jokatzea baizik, gainerako presoekin egiten den moduan: «Birgizarteratzeak edo osasunerako eskubideak giza eskubideen nazioarteko estandarrei erantzuten diete, eta estatu demokratiko batek bere gain hartu eta sustatu behar ditu estandar horiek».
Horren aurrean, eragile politiko, sindikal eta sozialei eskatu diete «konpromiso irmoa» erakusteko egoera horri amaiera emateko bidean: «Orain da etapa berri hau hasteko unea. Zaila, korapilatsua, baina gure elkarbizitzan aurrera egiteko funtsezkoa izango delakoan gaude».