Nicolas Ferran. OIPko jurista

«Euskal presoek lor ditzaketen garaipenek guzientzat balio dute»

Euskal presoen eta gainontzeko presoen borroketan antzekotasun handiak ikusten ditu Ferranek. Borroka juridikoak eta politikoak bereizi ezinak direla dio Kartzelen Nazioarteko Behatokiko kideak.

BOB EDME.
Maddi Anne Txoperena Iribarren, Berriemaile berezia
Paris
2016ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Sorbonan euskal presoei buruz egindako mintegian Frantziako legediaren oztopoak azaldu zituen asteazkenean Nicolas Ferranek, OIP Kartzelen Nazioarteko Behatokiko juristak (Montpellier, 1972). Mintegia bukatu berritan hartu zuen BERRIA.

Bukatu da mintegia. Zergatik erabaki duzu parte hartzea, eta zein ondorio ateratzen dituzu?

Ni neu, eta OIP bera, oro har, aski hurbil eta sentikor gara euskal presoen gaiarekin, arrazoi ugarirengatik. Lehenik, horietako preso batzuek erregularki abisu ematen digutelako pairatzen dituzten arazoengatik, izan eguneroko arazoak, espetxekoak ala segurtasun neurriei lotutakoak. Zenbait euskal preso erregularki segitzen ditugu gure dosierretan, eta horiekin egiten dugu borroka espetxeko eskubideen alde. Bestalde, Gabi Mouesca OIPko presidente izan da zenbait urtez, eta maiz mintzatu zaigu euskal presoen arazoaz. Beraz, izugarri interesatzen zaigun gai bat da.

Gainera, euskal presoek aitzina eramaten dituzten borroka ugari —bereziki, senideengandik hurbiltzearena— bertzela ere preso guzientzat eramaten ditugunak dira. Beraz, euskal presoek lor ditzaketen garaipenak, izan politiko ala juridikoak, preso guzientzako baliagarriak izan daitezke. Sostengua ematen diogu borroka horri, aldi berean haien arazoarekiko interesatuak garelako baina baita ere espero dugulako borroka horrek orokorki lortuko dituela eskubideak herrialde honetako preso guzientzat.

Arazo juridikoa aipatu duzu bereziki: presoak senideengandik hurbiltzea ez dagoela legean zehaztua. Aldiz, hitzaldietan argi ikusi da arazo juridikoa ez ezik politikoa ere badela.

Argi dago soluzioaren zati bat—are, soluzioa bera— politikoa izan beharko dela. Hain zuzen, ez dago senideengandik hurbiltzeko eskubiderik legean, baina ez dago hurbilketa hori debekatzen duen testurik ere, ezta presoen sakabanaketa geografikoa inposatzen duen legerik ere. Argi dago ekintza politiko bat dagoela, kokatzen dena lege koadro batean, zeina oso eskuzabala den administrazioarekin eta ez batere begiralea presoekiko. Guk egiten ditugun borroka juridikoetan saiatzen gara testuinguru juridiko hori ahalik eta hertsagarriena izan dadin administrazioarentzat eta presoen eskubideen ahalik eta babesleena. Baina zuzenbideak ez du dena egiten, eta preso batzuentzako aitzinamendu juridikoak lortzen ditugun arren, errazagoa da hori egunetik biharamunera senideen hurbilketa legean txertatzea baino. Beraz, aitzinamendu juridikoak zeinahi izanik ere, mobilizazio politikoaren beharra izanen dugu. Ezin bereiziak dira biak: zuzenbideak bakarrik ez du gauza handirik egiten ahal.

Hitzaldian aipatu duzu aitzinamendu juridiko horietan garrantzia duela Giza Eskubideen Europako Auzitegiak egin dezakeen lanak. Azal dezakezu?

Modu orokorrean espetxeetako gaiari buruz azken urteetan ezagutu ahal izan ditugun aitzinamenduak gehienetan Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren zigorrei esker egin dira. Estrategikoki badago interesa borroka horretan indarrak jartzeko, hau da, Frantziako egoera Europako instantzietara eraman eta horrela gauzak mugitzen saiatzeko. Senideen hurbilketari dagokionez ere, gauza batzuk Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren presiopean aitzinatu dira. Baina auzitegi hori elikatu egin behar da: epaileek erabakiak ez dituzte hartzen galdetzen ez zaien bitartean, eta ez dute arrazoitzen ematen dizkiegun argumentuekin ez bada. Beraz, zinezko estrategia juridiko eta politikoak behar dira Giza Eskubideen Auzitegiaren aitzinera argumentazioak eramateko: saiatu behar gara konbentzitzen eta aitzina eginarazten. Zeren, haren jarrera gaur babeslea baldin bada, espero dugu are gehiago izaten ahalko dela etorkizunean.

Sakabanaketak senideei eragindako kaltea salatzen da gehienetan. Bertze zerbait aipatu duzu zuk: presoaren gizarteratzea oztopatzen duela.

Bai. Hurbilketaz hitz egiten dugunean sobera aipatzen da senideengandik hurbiltzearena. Eta bistan da, hori funtsezkoa da. Euskaldunen kasuan, badago zinezko elkartasun bat, ohiz kanpokoa dena, bai senideen eta elkarteen partetik. Baina badira Frantzian preso anitz bakartuak daudenak, ez dutenak bortxaz loturarik familiarekin, ez dutenak sostengurik. Soilik senideengandik hurbiltzeaz mintzatzeak, beraz, bakartu egiten ditu preso horiek. Hurbiltzea pentsatu behar da ingurune sozial eta kultural batera izatea, non pertsona horrek izanen duen gizarteratzeko aukera. Zeren, zure jatorrizko eskualdetik 800 kilometrotara baldin bazaude, eta ateratzen zarenean eskualde horretara itzuliko bazara, oso zaila izanen baitzaizu lan bat bilatzea, ateratze proiektu bat... Funtsezkoa da sare bat mantentzea, ez bakarrik familiakoa, baita lagunartekoa eta soziala ere. Eta bizi diren leku berean preso egonik, erraztasun gehiago izanen dute harreman horiei eusteko. Gaur egun juridikoki eramaten dugun borroketako bat da hurbiltze hori ez dadila izan bakarrik senideengandikoa, baizik eta soziala ere bai.

Mintegian parte hartu ondoren, jarraituko duzue euskal presoekin lan egiten?

Bistan da, segituko dugu. Errepikatzen dut: euskal preso batek indibidualki laguntza eskatzen digun bakoitzean gure sostengua ematen diogu. Eta desmartxa kolektiboan ere parte hartu dugu, anitz lan egin baitugu euskal presoen abokatuekin Giza Eskubideen Europako Auzitegian aurkeztutako argumentario juridikoak osatzeko. Lehenbiziko frantses erabakiak etorri dira, eta segituko dugu horiekin ikusteko nola aurre egiten diegun. Guk interesa badugu haiekin lanean segitzeko.

Ezer lortzeko esperantzarik?

Ni aski optimista naiz. Sinetsiko ez bagenu, ez genituzke borroka horiek aitzina eramanen. Luzera begira borrokatzeko, sinetsi egin behar da, eta nik sinesten dut. Uste dut gauzak mugitzen ari direla, eta Euskal Herrian elkarte eta presoek eramandako estrategiak, goiz ala berant, fruituak emanen ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.