Arratsaldeko manifestazioen aurretik mahai ingurua antolatu du Sare Herritarrak Bilbon, Euskalduna jauregian. Gatazka politikoaren lau biktima elkartu ditu mahaiaren bueltan: ETAk hil zuen Rosa Lluchen aita, Hipercorren ETAk egindako atentatuan zauritua izan zen Robert Manrique, GALek hil zuen Maider Garciaren aita, polizien eskuetan hil zen Idoia Zabalzaren anaia Mikel eta ETAk hil zuen Naiara Zamarreñoren aita. Minak elkartzen ditu, eta biktima guztientzako aitortza bera eskatu dute. Pilar Kaltzada kazetariak moderatu du hitzaldia, eta eskerrak eman dizkie parte hartzeagatik: «Beharrezkoa da elkarbizitzarako».
Manriquek adierazi du legeak euskal presoak Euskal Herrira ekartzea ahalbidetzen badu, egin behar dela. «Niretzat, legea ez aplikatzea indarkeria modu bat da. Delitugileen hurbiltzea aholkatzen bada, kasu honetan terroristen hurbiltzea, nik ez dut arazorik. Baina zigorra bete dezatela».
Zamarreñok erantsi du zilegia dela presoek euren familiengandik gertu egon nahi izatea. Beretzat ametsa litzatekeena ere azaldu du: euskal presoak eurak bihurtzea «bortizkeriaren deslegitimatzaile», birgizarteratu ostean. «Presoek lagundu ahalko lukete egiarako eskubidea duten biktima askoren zauriak sendatzen». Gradu progresioaren alde agertu da Zamarreño, gainera, «baldintzak betetzen dituztenean», baina egindako krimenak deitoratzeko eskatu du.
Garciak ohartarazi du «orriak azkarregi» pasatzen ari direla, eta estatu indarkeriaren biktimak baztertuta daudela. «Ikasi behar dugu biktimak denak igualak garela. Ez da zenbatu behar, denok berdin sufritu dugulako. Aitortza bat behar dugu; nik behar dut, aurrera egin ahal izateko, GALeko biktimek ez daukagulako ezer, eta badira justizia egin ez zaien ETAren biktimak ere».
Biktima guztien aitortza
Hizlariek gizartearen rola nabarmendu dute. Manriqueren esanetan, instituzio publikoen aurretik doaz herritarrak, askotan horiek egiten dituzten urratsak ezkutatu nahi izaten diren arren. Zamarreñok Errenteriako (Gipuzkoa) adibidea jarri du —hangoa da bera eta bere familia—, eta nabarmendu du ezker abertzaleko kide batzuen gertutasuna ere sentitu izan duela. Maider Garciak, berriz, ohartarazi du «berdinak» direla biktima guztiak: «Inor ez dago inoren gainetik. Horrekin hautsi behar dugu. Guk ere errekonozimendua behar dugu».
Lluchek aipatu irakurtzeko, ikusteko eta entzuteko behar handia dagoela, gertatutakoa hobeto ulertzeko. Elkar ulertzeko ezinbesteko jo dute biktimek. Bide beretik, Garciak esan du ikastetxeetan egindako lana inportantea izan dela, eta Espainiara zabaldu beharko litzatekeela lan hori, «biktima guztiekin, denak irakurri eta entzunez, pluraltasunez».
ETAri buruz oraindik ere hitz egin behar dela nabarmendu dute. Zamarreño: «ETA agenda publikoan dago, hamar urte igaro direlako desagertu zenetik. Ez da denbora asko. ETAz hitz egitea beharrezkoa da, ez helburu politikoekin, baizik zauriak sendatzeko». Zabalzak erantsi du baietz, hitz egin behar dela ETAz. «Baina ez orainaldian. ETAren jarduna bukatu denetik, ostrazismoan bizi izan gara. Anaiaz hitz egitea tabua zen».
Biktima gisa «erabiliak» sentitu izan direla ere aipatu dute Lluchek eta Manriquek. «Biktima askok irizpide propioa dugu», adierazi du Manriquek: «Helburua da hau beste inori ez gertatzea, eta hortik aurrera dena hobekuntza izango da». Lluchek erantsi du «ohikoa» dela biktimen minaren erabilera, eta nekatuta ere badaudela horrekin: «ETAren biktima guztiek ez dugu pentsatzen ustez biktimak defenditzen dituzten elkarteek bezala. Baina inork ez digu galdetzen zer sentitzen dugun, zer behar dugun. Babes indartsu bat dugula dirudi, baina babes hori ez dugu ia inoiz sentitu».
Beste biktima batzuek ere parte hartu dute saioan, entzule gisa, Maria Jauregik esate baterako. Alderdi eta sindikatu ugaritako ordezkariak ere izan dira ekitaldian, eta baita Kataluniako alderdi eta eragile independentisten ordezkariak ere.