Euskal presoak «etxeratzeko» eskatuko dute bi martxa handik, Donostian eta Bilbon

Donostian, abuztuaren 17an izango da manifestazioa, larunbatez, eta Bilbon, abuztuaren 23an, ostiralez. 'Etxera' lelopean, «salbuespen neurriak» kentzeko eskatuko dute hiri bietako Aste Nagusietan.

Sarek eta Bilboko Konpartsek egindako agerraldia, gaur. SARE HERRITARRA
Sarek eta Bilboko Konpartsek egindako agerraldia, gaur. SARE HERRITARRA
xabier martin
2024ko abuztuaren 12a
12:15
Entzun

Donostia jaietan da dagoeneko, eta Bilbon larunbat honetan hasiko dira. Bada, «jai giroan ere», aste aproposa da Sare Herritarra bere aldarriak «lau haizeetara zabaltzeko gai» dela erakusteko, euskal presoen aldeko elkarteko bozeramaileek gaur Bilbon adierazi dutenez. «Beste behin ere, hemen gaude, Bilboko Aste Nagusian, Etxera lelopean antolatu dugun manifestazioaren berri emateko»: hitz horiekin abiarazi dute agerraldia.

Bilboko konpartsek eta Sare Herritarrak elkarlanean antolatu dute usadiozko bilakatu den martxa, euskal presoen alde. «Tamalez, oraindik mobilizazio honetara deitu beharrean gaude, oraindik presoen eta iheslarien egoera normalizatzeko pauso asko eman behar baitira», esan du Nerea Godoy Bilboko konpartsetako kideak. Bilboko martxa 13:00etan abiatuko da, Plaza Eliptikotik, abuztuaren 23an; Donostiakoa, 12:30ean, Bulebarretik, abuztuaren 17an.

Presoen aldeko elkarteek 34 urte baino gehiago egin dituzte urruntze politika amaitzeko eskatzen, «ankerra eta gizagabea zelako». Baina urruntze politika gainditu izanak «ez du ekarri euskal presoen eskubideen urraketaren amaiera». Azaldu dutenez, «oraindik ere arau dira etxerako bidea oztopatzen duten salbuespen neurriak eta eskubide urraketak».

Euskal presoen aldeko ekitaldiaren antolatzaileek uste dute «mendekuan oinarritutako jarrerak» daudela etxerako bidea oztopatzeko indarrean dauden «salbuespen neurrietan», eta estrategia horrek «konponbidea zapuztu eta herri hau iraganera iltzatu» nahi duela. Berriro ere, Sarek argi eta garbi esan du ez dela eskatzen ari «inongo pribilegiorik», eta helarazi dute zer emzu eramango duten milaka lagunek Bilboko eta Donostiako kaleetan barna: «Salbuespena indargabetu eta lege arrunta aplikatuz, euskal preso guztiak etxera bidean jartzeko garaia da».

Bilbon, Bizkaiko Etxera Egunaren barruan egingo dute manifestazioa. Manifestazioaren ondoren, 15:00etarako, herri bazkaria antolatu dute txosnagunean, eta 17:30etarako, Atzekalden, erromeria izango da.

Aro berrian, «etxeratzea»

Etxea da gako hitza, Sare sortu eta hamar urtera abiatu den aro berrian: «Elkarbizitzan aurrera urratsak egiteko, konponbidean jarri behar dugu preso, iheslari eta deportatuen auzia. Eta helburu hori errealitatea izan dadin, den-denok behar zaituztegu».

Ekainean hamar urte bete ziren Sare Herritarrak bere lehen ekitaldia egin zuela. Urteurreneko agerraldian, Begoña Atxa Sareren eledunak esplikatu zuen atzean utzi dela urruntze politika, «etapa bat» amaitu dela, eta orain beste bat dagoela martxan. Euskal presoak etxeratzeko eskatzen duen elkarteko kideek uste dute aro berria «motzagoa» izango dela, baina «oztopoak» ez direla txikiak izango. Hain zuzen, horiek gainditzeko antolatu dituzte Donostiako eta Bilboko manifestazioak, «gizartearen aldarrikapenak kalean» jarrai dezan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.