«Gertatutakoak balio behar du jende gehiago batzeko»
Miren Amuriza Bertsolaria
«Aste hau ikusita, ez nau harritu debekuak. Halakoetan, pentsatzen duzu gerta daitekeela, baina baita ere pentsatzen duzu gauden momentuan egonda ez direla horraino iritsiko. Orain denok gaude berotan, baina aste osoan pilatu dugun inpotentziak gehi biharkoak [gaurkoak] balio beharko digu debekuaren aurretik Bilbon egon behar genuen guztiok han egoteko eta beste asko ere batzeko horretara. Sumatzen dut jendeak ez daukala etxean geratzeko asmorik, eta nik ere ez. Sare sozialetan jada zabaldu da olatua. Geldi ezin gara egon, ez baitago eskubiderik».
«Erantzutea eskatzen digu honek»
Lutxo Egia Idazlea
«Bake prozesuak oso gauza konplikatuak dira, hamaika agertoki daude, hamaika botere. Gure prozesu hau hasiera batean baino biziago joan da parte batean, eta ematen du, beharbada, irteerarik gabeko kale zulo batean gaudela batzuetan, prozesurik ez dagoela. Baina orain hiru urte gutxik uste izango zuen presoek hain azkar emango zituztenik pausoak. Honek guztiak erantzun batzuk eskatzen dizkigu, konpromiso txiki bana. Modu horretan aurrera egingo dugu, batzuetan estropezuka eta atzeraka. Baina ezinbestekoa dugu muzin egitea Velascoren debekuari. Ez dugu baimenik behar».
«Astakeria juridiko eta politikoa da debekua»
Mariano Ferrer Kazetaria
«Zuzenbidearen ikuspuntutik, asko asaldatzen nau gertatutakoak, eta ez dut uste argitaratzeko modukoa den ezer esan dezakedanik. Astakeria juridiko eta politikoa da debekua. Politikaren ikuspuntutik, baina, erabakia koherentea dela pentsatzera behartuta ikusten dut neure burua. Koherentea delako Barne Ministroaren jarrerarekin, harengatik ezin dugulako ezer onik espero. Argi dago erabaki judizialaren atzean dagoela Barne Ministerioa. Ezker abertzalearen eta presoen balizko barne eztabaida ezegonkortu nahi du gobernuak, eta zaildu nahi du ezker abertzalearen jarduna».
«Blokeo egoera mantendu nahi dute»
Mario Zubiaga EHUko irakaslea
«Argi dago estatuari interesatzen zaiola Euskal Herria gai honetan katramilatzea, atera ezinik egotea, eta horretarako daukan estrategia ia bakarra zaharra da, ohikoa eta betiko errezeta aplikatzen duena: erantzun gogorrena emanez, errepresioarena, debekuena, atxiloketena… Estatuak ez du aurreko jokalekutik atera nahi. Interes politiko nabarmena du Euskal Herria ahalik eta denbora gehien mantentzeko blokeo egoeran. Debekuaren aurrean garrantzitsua da PPren estrategiaren ahulezia adieraztea. Bakea nahi dugu lelo horren pean beste batzuek egon behar dute».
«Olatua gelditu nahi dute, baina are handiagoa da»
Oier Zearra Pilotari ohia eta irakaslea
«Sentsazio txarra utzi dit debekuak, baina uste dut jada galdu dugula harritzeko gaitasuna. Debekutik ateratzen dudan ondorio nagusia guk geure bidea egin behar dugula da, ezin garela besteen zain egon. Azkenaldian hartutako bidea norabide egokian doa, eta bide horretan jarraitu behar dugu. Bestelakoan, sentimendu kontrajarriak ditut: amorrua sentitzen dut, baina baita tristura ere. Ez dute bestelako argudiorik eta indarkeriarekin erantzuten dute. Akaso lortu nahi dutenaren kontrakoa lortuko dute. Nahi dute olatua gelditu, baina are handiagoa bihurtu da».
«Eskubideak ukatzea ez da praktika sanoa»
Ramon Etxezarreta Idazlea
«Jakina, presoen eskubide guztiak errespetatzearen alde nago, eskubide guztien alde; truke politikoen esparrua beste bat da.
Ez nator bat manifestazioarekin, ezta bere deitzaileekin ere. Baina presoez, ETA erakundeaz, biolentziaz, elkarbizitzaz, biktimez... gai horietaz edozeinek pentsatu eta esatea libre behar luke; eskubidea da.
Ez luke derrigorrezko izan behar gobernuarekin bat etortzea, hori herritarrak morroi bihurtzea da, gupida gabe makurraraztea, eskubideak ukatzea. Eta hori ez da praktika demokratiko sanoa. Lotsa ematen dit».
«Sumindurak akuilu izan behar du lan komuna egiteko»
Txema Ramirez de la Piscina EHUko irakaslea
«Erabat haserre nago. Burura datozkidan lehenengo hitzak esango banitu, agian ezingo lirateke publikatu. Suminduta nago. Beste eraso antidemokratiko bat da, baina are eta jasangaitzagoa egiten ari zaiguna. Kontua da sumindura hori nola bideratu. Hitza erabili behar da eta sumindura hori energia positiboz baliatu eta sormen bilakatu behar dugu. Akuilu izan behar du eraso hauen aurka dauden hainbat eta hainbat sektore eta alderdi behingoz kapazak izan daitezen elkarrekin zerbait egiteko. Sumindura akuilu bilakatu behar dugu elkarrekin zerbait egiteko».
«Muturreko egoeren zain egon behar al dugu erantzuteko?»
Irati Anda Eskalatzailea
«Debekua ez nuen espero, baina banuen harri txiki bat sartuta barruan pentsatuz gerta zitekeela, batez ere ikusita egoerak azken egunotan hartutako bidea. Ematen du Espainiako Gobernua mendekuan eta gorrotoan oinarrituta gobernatzen ari dela eta ez duela benetako borondate edo gogorik konponbiderako. Positiboa da eman zaion erantzun bateratua. Hala ere, nahiko penagarria da Madrilen halako erabakiak hartu behar izatea denak bildu eta erantzun bateratua emateko. Polita da denok batzea, baina zer egon behar gara, muturreko egoeren zain erantzun bateratua emateko?».
«Defizit demokratiko handia dago »
Patxi Zamora Kazetaria
«Denborarekin erakutsi dugu gardentasun falta handia dagoela, justizia hizki txikiz agertzen delako eta ez justizia hizki larriz. Ezein gizarte demokratikotan ezin daiteke debekatu manifestatzeko eskubidea, are gutxiago gizartearen zati handi bat mezu horrekin ados badago. Deitoragarria da debekua, eta erakusten du gobernatzeko zein kudeatzeko formuletan berehalako aldaketa behar dugula. Defizit demokratiko handia dago, eta adierazpen askatasuna zalantzan jartzen da. Erakusten du sistema honek ez duela funtzionatzen eta berehala eraberritze demokratiko bat behar duela».
«Debekuak ez du uzten gatazka bideratzen»
Tere Saez Astelehen Lilak-eko eleduna
«Harri eta zur uzten nau debekuak, eta ez du uzten urte luzez arrastaka daramagun gatazka hau bideratzen. Pertsona presoentzat tortura dosi bikoitza da. Bakearen eta konponbidearen aldeko konpromisoa adierazi dute, eta beharrezkoa ez den zigorra da.
Gizartearen aurrean erantzun irmoak ematen dituela erakutsi nahi du gobernuak, gai horrek etekin politikoak ematen dizkiolako. Esparru orotan egiten ari denaren inguruan jada ez daki zer esan, eta ETAren existentzia bera oso ondo datorkio gobernuari, eta ahal duen guztia egingo du ETAk iraun dezan».
«Inoiz ez al da kapitulu hau itxiko?»
Aingeru Epaltza Idazlea
«Ematen du polizia operazioaren segida bat dela debekua. Tamalez, PPren azken bi urteotako jarreraren logikaren barruan dago. Ematen du epaileen artean batzuek oraindik ez dutela jarrerarik aldatu. Tamalez, ez da izan harrigarria azken debekua. Hemen gauzak aldatzen ari dira, eta ematen du Espainiako botere guneetan badagoela sektore bat deus aldatu ez balitz bezala jokatzeko prest. Ematen du kapitulu hori ez dutela itxi nahi. Gertatzen ari den guztiarekin, ustelkeria kasuak, Espainiako Gobernuak behar ditu kartutxoak arreta desbideratzeko. Inoiz ez al da kapitulu hau itxiko?».
«Espainiari ez zaio komeni bakearen bidea»
Inma Errea Idazle eta itzultzailea
«Ez nau harritu debekuak. Aste honetan gertatutako atxiloketen norabide argian doa. Aspaldidanik pentsatzen dut Espainiako agintariei ez zaiela askorik komeni bakearen bideak aurrera egitea, eta horren arabera jokatzen ari dira. Aldi berean, ulertzen dut Espainian badituela arazo ugari eta hemengo kontuak horiek estaltzeko balio diotela. Bestela ere ez zaie komeni. Ikusten dute haien agintea kolokan jartzen duela bakebide honek.
Nire ustez, inportantea dira bi gauza. Batetik, lasaitasunez hartzea. Gero, oso inportantea da bakearen bideari heltzen jarraitzea».
Euskal presoak. Debekuari buruzko iritziak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu