Milaka lagun mendira irten dira gaur Sarek antolatutako protestan parte hartzeko. Euskal Herri osoko 650 tontorretatik eskatu dute euskal preso eta iheslariak etxeratzeko. Gaur egun indarrean dagoen espetxe politika "bidegabea" dela salatu dute, eta "elkarbizitzarako eta bakerako bidea" hartzeko borondatea agertu.
Aipatutako bidegabekeriarekin bukatzeko "lehen urratsak" ematen hasiak direla esan dute: "Euskal presoen gerturatzea ematen hasia da; urruntze politikarekin amaitzeko oraindik ere mugimendu sendorik egin ez arren, tantaka-tantaka distantzia laburtzen hasiak gara". Berdin graduen progresioari dagokionean: "Oso gutxika bada ere, ate berriak zabaltzen hasi dira".
Sarerentzat orain arteko mugimenduak ez dira aski, baina "bide berriak zabaltzeko" baliagarriak izan daitezkeela uste dute. "Inoiz baino garrantzitsuagoa da kalean konponbidearen aldeko eta presoen etxeratze prozesua garatzeko nahia azaleratzea, gehiengoaren nahia. Bultzada hori gabe ez baita sekula etxerako bidea burutuko", esan dute mendi tontorretan.
Presoen eta iheslarien afera konpontzeko bidea ez dela erraza izanen aurreikusi dute protestaren antolatzaileek. Nolanahi ere, ez dira etsipenez mintzatu: "Badakigu bakera eta bizikidetzara daraman bidea harkaitz gogorrean ireki behar dela, pazientziaz eta irmotasunez. Baina ireki daiteke. Bai horixe". Helburua lortzeko, jendeari mobiliza dadin eskatu diote. Heldu diren hilabeteetan Izan Bidea egitasmoarekin jarraituko dute, dozenaka ekintza antolatuz.