Sorturi ez zitzaion gustatu Jesus Loza Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariak abenduan euskal preso erien zerrendaz «zorroztasuna» eskatu izana, uste baitu «gaixotasun kopurua eta gaitzak hutsaltzat jotzean trufa» egin ziela larri gaixorik diren presoei, haien familiei eta «estatuaren gabeziak betetzen» ari diren medikuei. Lozak «ez zuen gizatasunik erakutsi», Sorturen arabera, eta joan den urtarrilak «erantzuna» eman diolakoan dago, bi preso ohi hil baitira: Juan Mari Maiezkurrena eta Oier Gomez—2017an askatu zituzten, jada oso gaixorik zirela—; eta, bestetik, Auzitegi Nazionalak herenegun zigorra eten zion Asier Aginako presoari —duela bi aste premiazko ebakuntza bat egin zioten—. Hala, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoak «berehala» askatzeko eskatu du Sortuk. Jaiki Hadi mediku elkartearen arabera, 21 dira osasun egoera horretan daudenak. «Garai politiko berriak neurri humanitario berriak eskatzen ditu, eta espetxe politika berriak gizatasuna izan behar du», esan du Sortuk, ohar batean.
Dei egin du gaur Donostian (12:00), Galdakaon (13:00) eta Gasteizen (17:00) izango diren mobilizazioetan parte hartzera.
Bestetik, Espetxe Erakundeak «familia loturengatik» Oier Goitia presoa Murtziatik Villabonara lekualdatu duela eta, Sortuk dio haren bikotekide Ainhoa Garciak Murtzian jarraitzen duela gatibu eta Villabonan badela emakumeentzako modulua.
Euskal preso eriekin «gizatasuna» izateko eskatu du Sortuk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu