Euskal preso denak gerturatzeko eskatu dute Bagoaz-ek eta Sarek

Mont-de-Marsan eta Zaballa arteko bizikleta martxari ekin diote, Orain Presoak dinamikak antolatuta. Hegoaldean Iparraldeko lan molde bera jarraitzearen alde agertu da Sare

Orain Presoak dinamikakoak, atzo, Mont-de-Marsan kartzela atarian, bizikleta martxa hasi aitzin. Hizlari, Emili Martin (Bagoaz) eta Inaxio Oiartzabal (Sare). BERRIA.
enekoitz esnaola
2018ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
EPPK-k eskatua dauka presoak Mont-de-Marsango (Okzitania) eta Zaballako (Araba) kartzeletan batzeko, eta, atzo, Orain Presoak dinamikak antolatuta, 40ren bat lagunek bizikleta martxa bati ekin zioten Mont-de-Marsanen bertan; astelehenean amaituko dute, Zaballan justuki. Okzitaniako espetxe atarian egindako agerraldian, Bagoaz-ek euskal preso guztiak gerturatzeko eskatu dio Frantziako Gobernuari. Sarek ere bai Espainiakoari, «urrunketa politika amaituta».

Paris ari da mugimendu horiek egiten. Etxerat elkarteak atzo jakinarazi zuen Justizia Ministerioak Javier Abaunza presoa (Gernika-Lumo, Bizkaia) gerturatu duela Moulins-Yzeureko kartzelatik (Frantzia) Lannemezangora (Okzitania). Joan den otsailetik aurrera egindako 20. gerturatzea izan da, eta tramitazioan dira beste batzuk. Mont-de-Marsanera hamahiru eraman dituzte: Zigor Garro, Julen Mendizabal —aske da dagoeneko—, Josu Urbieta, Raul Aduna, Jon Salaberria —aske da—, Ekaitz Sirvent, Asier Borrero, Luis Iruretagoiena, Asier Ezeiza, Jurdan Martitegi, Aitzol Etxaburu, Igor Suberbiola eta Ibon Goieaskoetxea. Lannemezanera, zazpi: Jon Gurutze Maiza, Alberto Ilundain, Arkaitz Agirregabiria, Iurgi Garitagoitia, Asier Oiartzabal, Asier Bengoa eta Javier Abaunza.

Frantziako Estatuko 50 euskal presoetatik 24, bi espetxeotan dira —lehendik lau zeuden—. Beste 26etatik guztiak ezin dira, oraingoz, haietara bidali: emakumeen modulurik ez dago —11 emakume preso daude—, eta lau preso epaiketaren zain daude.

Emili Martin Bagoaz-eko eledunak martxaren hasieran esan du «azken urteetako dinamika» giltzarri izan dela Parisek hurbilketak egiteko, eta hori «positiboa» dela deritzo, baina guztiak gerturatzeko galdegin du, baita eri direnak aske uzteko eta, presondegian 28 urte daramatzatela-eta, Ion Parot, Jakes Esnal eta Frederic Haranburu baldintzapeanaske uzteko ere —Unai Parot haiekin batera atzeman zuten, baina Espainian dago preso—.

Inaxio Oiartzabal Sareko bozeramaileak nabarmendu du «garai berri batean» dagoela Euskal Herria eta presoen auziaren «sufrimenduari irtenbidea» eman behar zaiola. Lau lehentasun ezarri ditu: urrunketa politika bukatzea; gaixotasun larriak dituzten presoak askatzea; Frantziako espetxeetan betetako zigor urteak zenbatzea Espainiak; eta lehen graduaren amaiera.

Ipar Euskal Herrian gizarte zibilak ETAren amaiera garaian jorratutako dinamika goretsi du Oiartzabalek, eta azaldu Hegoaldean lan molde bera jorratu nahi dutela. Uste du gehiengoa presoen auziari konponbidea ematearen alde dagoela, eta, hala, espetxe politika aldatzeko eskatu dio Madrilgo gobernuari. Pedro Sanchez presidente berriak mugimenduak iragarri zituen duela hilabete bat, baina oraindik ez du neurririk hartu. Orain Presoak dinamikak manifestazio batera deitua du urriaren 20rako, Bilbon.

Madrilen bi erabaki

Atzo jakin zen Espainiako Gobernuak Frantziakoari Julen Atutxa euskal presoaren estradizio aldia luzatzeko eskatu diola, Auzitegi Nazionalean epai dezaten 1990eko kasu bategatik. Galdakaon (Bizkaia) Espainiako polizia bat hiltzea egozten diote Atxurrari. Puerto I-en dago preso.

Halaber, AEMk zabaldu zuen Madrilek, epaiketa bat bukatu ondotik, Frantziaratu egin duela Saioa Sanchez euskal presoa: Soto del Realen zegoen behin-behinean, eta, orain, Rennesen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.