EUSKAL PRESOAK

Euskal preso bat Euskal Herriratuko dute; bi hurbildu, eta bertze bi mugitu

Bakartze moduluetatik atera dituzte horietan zeuden azken presoak: Iñaki Reta, Marixol Iparragirre eta Jurdan Martitegi.

Urtarrilean Bilbon presoen alde egindako manifestazioa. OSCAR MATXIN / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2021eko martxoaren 31
15:00
Entzun

Espainiako Espetxe Erakundeek jakinarazi dutenez, bertze preso bat Euskal Herriratuko dute; bi Euskal Herri inguruko kartzeletara hurbilduko dituzte, eta bertze bi mugitu eginen dituzte. Angel Lopez Anta da Euskal Herriratuko dutena: Mansillako espetxetik (Leon, Espainia, 370 kilometro) Zaballakora ekarriko dute (Araba). Xabier Zabalo Valladolideko kartzelatik (Espainia, 350 kilometro) Logroñora hurbilduko dute (170 kilometro), eta hara eramanen dute Aitor Olaizola ere: orain arte Dueñasen zegoen (310 kilometro). Irantzu Gallastegi eta Xabier Garcia Gaztelu euskal presoak, berriz, Huelvatik (Andaluzia, Espainia, 1.000 kilometro) Estremerara mugituko dituzte (520 kilometro). Gainera, iragarri dute Olaizola, Zabalo eta Lopez Anta bigarren graduan jarriko dituztela.

Mugimendu horiek eta aitzinetik iragarritako batzuk gauzatuta, hutsik geldituko dira Huelvako eta Lamako espetxeak, eta, azken horrekin, preso bakarra geldituko da Galizian: Curtisen. Etxerat-ek jakinarazi duenez, bertzalde, aste honetan hurbiltzea iragarria zuten zazpi preso eraman dituzte helmugako kartzelara: zehazki, Diego Ugarte Lopez de Arkaute  eta Fernando Garcia Jodra Mansillara eraman dituzte (370 kilometro); Mattin Sarasola eta Beñat Aginalade, Dueñasera; Gurutz Agirresarobe Pagola, Logroñora; Ana Belen Egues, Villabonara (385 kilometro), eta Eneko Goieaskoetxea Arronategi, Duesora (170 kilometro). AEMrekin loturiko Jon Kepa Preciado euskal presoa ere Dueñasera mugitu dute asteon. Mugimendu horiekin, beraz, jada ez dago euskal presorik Jaengo, Kordobako, Lamako eta Murtzia I espetxeetan. Aitzinetik euskal presorik gabe ziren Algecirasko, Cacereseko eta Badajozko espetxeak ere.

Bakartzea, bukatuta

Etxerat-ek jakinarazi duenez, halaber, bakartze moduluetan jada ez dago euskal presorik. Soto del Realgo kartzelan zeuden Iñaki Reta, Marixol Iparragirre eta Jurdan Martitegi, eta horiek izan dira horrelako ziegetan egon diren azken euskal presoak, senideen elkartearen arabera —gaur egun, Martutenen dago Martitegi, eta Alcalan Iparragirre—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.