Iñigo Urkullu lehendakariak herenegun esan zuenez, De Miguel auzian zigortutakoen jarrera EAJk «defendatzen dituen balio etikoen aurkakoa da», kudeaketa publikoan eta politikoan «gardentasunarekin eta etikarekin» duten konpromisoa «erabatekoa» baita. Jeltzaleei lotutako ustelkeria kasuen zerrenda, ordea, handitzen ari da. Jarraian, hurrenez hurren, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kasurik sonatuenak.
'HIRIKO AUZIA'
Auto elektrikoaren porrota
2017ko abenduan, Gasteizko Merkataritza arloko 1. auzitegiak Hiriko proiektuaren porrota egotzi zien lau enpresabururi: tartean, Iñigo Antia EAJko kargu ohia eta Jesus Etxabe. Hartzekodunei 530.000 euro ordaintzera zigortu zituen epaileak. Ibilgailu elektriko bat garatzea zen Hirikoren helburua, baina, finantzaketa ia osorik publikoa izan zenez —17 milioi eurotik gorakoa—, akusatuek oso diru gutxi jarri zutenez eta autogintzan esperientziarik ez zutenez, diru laguntza publikoak jasotzeko amarru bat izan zela ondorioztatu zuen fiskaltzak.
'IBARRA AUZIA'
Agiri faltsuak zergadunei
Juan Ramon Ibarra Bizkaiko Aldundiko (EAJ) Ogasuneko Ikuskaritza arduradun izanari lau urte eta erdiko kartzela ezarri zion 2013an Auzitegi Gorenak, berrehun zergaduni baino gehiagori agiri faltsuen bidez lagundu ziela egotzita. 2014ko otsailean sartu zuten espetxean, eta handik bi hilabetera hirugarren gradua eman zioten.
'ALONSOTEGI ERAIKIZ AUZIA'
Hiru alkate auzipetu
Iaz, Barakaldoko Instrukzio Auzitegiak Bizkaiko Alonsotegi herriko EAJko bi alkate ohi auzipetu zituen —Gabino Martinez de Arenaza eta Aitor Santisteban—, dirua bidegabe erabiltzeagatik. Haiekin batera, zinegotzi sozialista bat eta beste alkate ohi bat ere ikertzen ari dira. Epailearen ustez, badaude zantzuak erakusteko influentzia trafikoan aritu direla, dirua bidegabe erabili dutela, iruzur egin dutela eta funtzionario publikoen jarduera debekatuak egin dituztela. Ikertuek Alonsotegi Eraikiz enpresa sortu zuten 2003an, hirigintza sustatzeko, baina 2011n itxi zuten, kiebra jota. Udalak bere gain hartu behar izan du hark utzitako 4,1 milioi euroko zorra. Epaiketaren zain dago auzia.
'PINASOLO AUZIA'
Fabore tratuak
Ikerketa batean, Lehiaren EAEko Erakundeak ondorioztatu zuen Leioako Udalak (EAJ) «fabore tratua» eman ziola kiroldegi bat egiteko hautatu zuen enpresari, 60 milioi euroko azpiegitura egiteko. Kiroldegia ez zuten eraiki, baina fiskaltzak artxibatu egin zuen kasua.
ERRIGOITI
Hauteskunde delitua
Bizkaiko Errigoitiko Iñaki Madariaga alkate jeltzalea hauteskunde delitua egotzita epaitu zuten 2016an, herrian 32 lagun —haietako batzuk Galizian bizi ziren— legez kanpo erroldatu izana leporatuta. Iruzur horren bidez, 2011ko bozak irabazteko asmoa zuen alkate ohiak, eta irabazi egin zituen, baina Bilduk ustezko irregulartasuna salatu zuen.Auzi horren epaia ez dute oraindik eman. Ez da alkate ohiak izan zuen gorabehera bakarra: epaileek urtebeteko espetxe zigorra jarri zioten 2010ean biomasa plantaren aurkako protesta batean zegoen talde bateko pertsona bat autoarekin harrapatzeagatik.
KARRANTZA
Minda plantaren porrota
Karrantzako (Bizkaia) alkate Jose Luis Portillo (EAJ) eta Martin Askazibar Jaurlaritzako goi karguduna zigortu zituzten epaileek hango Minda plantaren aferaren harira: bi urteko inhabilitazioa eta 1,7 milioi eurorainoko isunak ezarri zizkieten. Karrantzako Minda enpresak porrot egin zuen, proiektua gauzatu aurretik hamar milioi euroko baino gehiagoko diru laguntza publikoa jaso ostean.
MALLABIA
Legez kanpoko kontuak
2008. urtean, Jose Luis Pagaldai alkate ohi jeltzaleari hiru urteko eta sei hilabeteko zigorra ezarri zioten epaileek, agiri publikoak faltsutzea eta dirua modu bidegabean erabiltzea egotzita. Udaleko kontu hartzailea ere zigortu zuten. Epaileek frogatutzat jo zuten herriko industrialde bateko enpresek dirua sartu zutela udal arduradunek irekitako legez kanpoko kontuetan.
BAKIO
Zortzi urtez kargugabetua
Bizkaiko herri horretako alkate ohi Txomin Renteriari (EAJ) bi hilabete eta erdiko zigorra jarri zioten 2017an agiri publikoak faltsutu eta administrazioari iruzur egiteagatik. Renteria 1995etik 2011ra izan zen Bakioko alkatea, eta Kiura talasoterapia proiektuaren adjudikazio baldintzak aldatzeagatik epaitu zuten, enpresa bati mesede egiteagatik. Iaz, Auzitegi Gorenak kartzela zigorra kendu zion, baina zortzi urtez kargugabetu zuen.
MUSKIZ
Kontratuak, ahoz
Barakaldoko 1. Zigor Epaitegiak zazpi urteko kargugabetze publikoa ezarri zion 2017an Gonzalo Riancho Muskizko (Bizkaia) EAko alkate ohiari —gerora EAJko zinegotzi izan zen—, prebarikazioagatik, kontratu bat ahoz, «modu lotsagabean eta edozein prozedurari muzin eginez» emateagatik. Gehilan 2000 SM enpresari 35.500 euro bitarteko fakturazioa egiteagatik salatu zuten Riancho, Muskizko Formakuntza Zentroan udako ikastaroak emateagatik. Udaleko kontu hartzaileak «desegokitzat» jo zuen prozedura, baina alkateak ez zion kasurik egin.
ERANDIO
Prebarikazioa
Erandioko (Bizkaia) Hirigintza zinegotzi Itziar Koba (EAJ) zigortu zuten 2017an, prebarikazioagatik. Epaileek frogatutzat jo zuten prebarikazio delitua egin zuela, birziklatze enpresa bati baimenik gabe jarduten utzi ziolako.
TXANPON MAKINEN AUZIA
Lizentzia irregularrak
1985-1989 artean, EAJri egotzi zioten alderdia legez kanpo finantzatzea makinen lizentziak salduz. 2001ean, ahozko epaiketa egin zuten Bizkaiko Lurralde Auzitegian, eta epaileek ebatzi zuten kasua preskribatuta zegoela, ikerketa hasi zenetik epaiketa abiatu zen arte bost urte baino gehiago igaro zirela eta. Herri akusazioaren arabera, 1985-1989 artean Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak 8.000 lizentzia eman zituen modu irregularrean, eta operazioak 5.000 milioi pezetako balioa zeukan —30 milioi euro baino gehiago—.
'BALENTZIAGA AUZIA'
Sei ez, 30 milioi euro
Mariano Kamio Getariako (Gipuzkoa) alkate (EAJ), Balentziaga fundazioko lehendakariorde eta Berroeta Aldamar elkarte publikoko kudeatzaileari lau urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri zion Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak aurtengo martxoan, kudeaketa desleiala egiteagatik eta merkataritza agiriak faltsutzeagatik. Espetxe zigorraz gain, Balentziaga fundazioa kondenatu zuten 43.687 euro ordaintzera, eta Berroeta Aldamar elkartea ere bai, beste 426.093 ordaintzera. 1999an, Balentziaga fundazioa sortu zuten, Cristobal Balentziaga jostunaren jaioterrian museo bat eraikitzeko helburuarekin; sei milioi euroko inbertsio aurreikuspena zuen, eta 30 milioi izan ziren azkenean.
'BIDEGI AUZIA'
Egin ez, ordaindu bai
Ez da epairik espero, gutxienez, 2022 arte. AP-1 errepidea egiterakoan izandako gainkostuen berri eman zuen 2014. urtean Bilduk —euren esku zegoen foru aldundia orduan—, eta auzitara eraman zuen gaia. Bi kereila aurkeztu zituzten; ustez, Bidegik 30 milioi euro baino gehiago ordaindu zituen egin ez ziren lan batzuengatik, eta zenbait dokumentu ere faltsutu zituen. EAJko ordezkariek ukatu egiten dituzte irregulartasunak.
'GLASS AUZIA'
Senatari ohia, aulkitxoan
Irailaren 17an ekin zioten Donostian Glass auziko epaiketari. Ogasunari iruzur egitea egotzi diete EAJko senatari ohi Victor Bravori eta Glass Costa enpresako administratzaile bati. Gipuzkoako Fiskaltzaren arabera, Bravok eta haren sozio batek operazio bat «planifikatu» zuten Glass Costa Este Salou izeneko enpresak «abantaila fiskal nabarmenak» lor zitzan. Enpresak Sustatzeko Sozietateentzat 1996an sortutako zerga erregimen berezia baliatu zuen 2003 eta 2006 artean, egoitza fiskala Gipuzkoan ezarriz «abantaila fiskal nabarmenak» eskuratzeko, nahiz eta Gipuzkoan jarduerarik ez izan, fiskalaren arabera. Victor Bravo Bravo auzian zigorturiko Jose Maria Bravoren anaia da.