Euskal nortasuna ezabatzeko pausoak salatu ditu EHBEk

2006an sinatutako Oinarrizko Hezkuntza Akordiotik abiatuta, elkarlanerako deia egin die hezkuntza eragileei

Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2011ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Hezkuntza alorrean «urte korapilatsua» izan da, EHBE Euskal Herriak Bere Eskola taldearen esanetan. 2010-2011 ikasturtearen balantzea egin dute. Bereziki, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroaren Gobernuak hartutako irakaskuntza neurriak kritikatu dituzte. «Administrazioen aldetik, herri honen iraupen eta garapena arriskuan jartzen duten ereduen aplikazioek ez du etenik izan», salatu du taldeko kide Ainhoa Larrabek. Alberto Catalan maiatzeko hauteskundeak arte Nafarroako Gobernuko Hezkuntza sailburu izandakoa eta Isabel Zelaa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua «erlojupekoan» aritu direla diote.

Nafarroako ikastetxeetan ezarritako TIL eredua, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eskoletan bultzatzen hasi diren hiru eleko eredua, Eusko Jaurlaritzaren Bakerako Hezkuntza Plana, Euskal Herria kontzeptua ikasliburuetatik kendu izana eta Bolognako prozesua. EHBEren esanetan, horiek dira hezkuntza alorrean hartu diren neurrietan larrienak. «Aspaldi ezagutu gabeko erasoaldi bat izan dugu aurrez aurre», ohartarazi dute.

Euskara eta euskal kultura—«euskal nortasuna», alegia— «ezabatzeko bidean» egindako urratsak direla iruditzen zaie. «Gehienak euskararen desagerpen prozesua areagotzera datoz», diote, hiru eleko ereduaren eta TIL ereduaren aipamena eginez. «Ingelesaren ezagutza sustatzeko aitzakian euskara orduak murriztea helburu duten eredu hauekin, ikasle gutxiagok lortuko dute gutxieneko euskara maila», ohartarazi du Larrabek.

Euskarazko ereduarekin euskalduntzea ez dela bermatu gogoratu du Haizea Ginea EHBEko kideak. Hori horrela izanik, euskara, gaztelera eta ingelesa maila berean jartzen dituen ereduak nola euskaldunduko duen galdetu du. «Euskara ardatz izan gabe, ezinezkoa da euskalduntzea bermatzea».

Frantzia eta Espainia «hezkuntza sistema euskal kulturaren aurka egiteko baliatzen» ari direla salatu dute. Izan ere, EHBEk gogoratu duenez, gizarte baten eraikuntzan hezkuntza da zutabe garrantzitsuena. «Herri baten izaera ezabatzen duen hezkuntzaren, historia manipulatzen duen hezkuntzaren, gure ama hizkuntza ezabatzen duten hizkuntza ereduen aplikazioaren eta beste hainbat neurriren zergatia horixe bera da», ohartarazi du Gineak.

Halakoen aldean «Euskal Herriak alternatibak» dituela diote. «Guk Euskararen Kontseiluak egindako eleaniztasunaren proposamena badugu: curriculum arrotzen ordez, guk ikastolek, Sortzen Ikasbatuazek eta Udalbiltzak elkarlanean egindako Euskal Curriculuma proposatzen dugu, eta egungo unibertsitateek betetzen ez dituzten beharren ordez, Euskal Unibertsitatearen egitasmoa jartzen dugu mahai gainean», dio Gineak.

Autokritika ere bai

Larraberen ustez, ez EHBEk konkretuki, ez hezkuntza komunitateak oro har, ez diote «erasoaldiari» tamainari erantzuten jakin.«Hezkuntza esparruko eragileen dinamika sektorialak izan dira nagusi; ez dugu nazio mailan erantzun bateraturik eman», egin du autokritika. Hezkuntza mugimenduak azkenaldian sakabanaturik egon direla iruditzen zaio.

Hurrengo ikasturtea elkarlanera itzultzeko erabili behar dutela dio. 2006an hezkuntza komunitateko eragile eta banakoek Euskal Herriko Oinarrizko Hezkuntza Akordioa sinatu zutela gogoratu du: «Euskal herritarron hezkuntza eskubideak zerrendatu eta formulatu genituen; batzen gaituenari eutsi eta hezkuntza sistema propioa garatzeko oinarri sendoa jarri genuen». Akordio hori berreskuratu eta «Euskal Herriak behar duen hezkuntza eraikitzen» hasteko deia egin die eragileei. Lan hori herri eta auzoetatik abiatu behar dela dio: «Txikitik, handira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.