Euskal nazioaren eta herritarren oinarrizko eskubideen eta betebeharren gutuna aurkeztu du Bat Gara-k

Aberri Egunaren ondotik, elkarlana proposatuko diete euskal herritar guziei, gutunean jasotako eskubide eta betebeharrak gauzatzeko.

Ikurrina, manifestazio batean. GUILLAUME FAUVEAU
Ikurrina, manifestazio batean. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2025eko apirilaren 20a
12:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Bat Gara prozesuan parte hartzen duten independentistek azken hilabeteetan egin duten gogoetaren emaitza aurkeztu dute 2025eko Aberri Eguna baliatuta. Iazko udazkenean abiatu zuten euskal nazioarentzat desio duten estatu euskaldunari buruzko gogoeta, eta hainbat bilkura egin dituzte zazpi lurraldeetan. Abenduaren 7an, estatu «egiazki demokratikoa» zer den definitu zuten Durangon (Bizkaia) egin zuten biltzarrean. Orain, euskal nazioaren eta herritarren oinarrizko eskubideen eta betebeharren gutuna aurkeztu dute.

Bat Gara-ren iritziz, nazioarteko erakundeek autodeterminatzeko eskubidea bermatu behar diote euskal nazioari. Kanpoko indarrezko esku hartzerik gabe, estatu euskalduna eta demokratikoa ukaiteko eskubidea eta nazioarteko erakundeetan berdintasunez esku hartzeko eskubidea eskatu dituzte. 

Horrez gain, adierazi dute estatu euskaldun eta demokratiko batek euskal nazionalitatea ukaiteko eskubidea eta nazionalitate bat baino gehiago ukaiteko eskubidea bermatu behar liokeela Euskal Herrian bizi den orori.

Eskubide unibertsalen berme

Estatu euskaldun eta demokratiko batek, «herritar orori inolako murrizketarik gabe» Euskal Herrian euskaraz bizitzeko eskubidea bermatzeaz gain, hainbat eskubide unibertsal bermatu behar lizkiokeela uste dute Bat Gara prozesuan parte hartu duten kideek: bizitzarako eskubidea, bere gorputzaren begirunerako eskubidea, eta sexuagatik, generoagatik, joera sexualagatik, jatorriagatik, erlijioagatik edota pentsaeragatik bereizketarik gabe bizitzeko eskubide berdintasuna. Adierazpen askatasunerako eskubidea ere funtsezkotzat jo dute.

Horrez gain, bizitzeko behar dituen oinarrizko elementuak ukaiteko eskubidea ere ezarri dute gutunean, hau da, lurra, baliabide naturalak, etxebizitza, energia, elikagaiak, sendagaiak eta garraiobideak ukaiteko eskubidea, eta ingurumen osasungarrirako eskubidea ere aldarrikatu dute. Bizia noiz bukatu hautatzeko eskubidea ere bermatu beharko luke euskal estatuak. Beste hainbat eskubide ere zerrendatu dituzte: erditzeko baldintzak hautatzea, haurrek hezkuntzarako eta bizitzeko oinarrizko gauzak izatea, gurasoek hezkuntza hautatzea, eta «aniztasun funtzionala» dutenek bizitzeko oinarrizko gauzak ukaitea.

Euskara betebehar

Estatu euskaldun eta demokratiko bateko herritar orok izanen lituzkeen betebeharrak ere zehaztu dituzte. Horietan lehena, euskara jakitea. Herritarren eskubideak errespetatzea, elkarbizitza antolatzeko instituzio politikoetan esku hartzea, eta oinarrizko gauzen ekoizpenean zuzenki edo zeharka esku hartzearen betebeharra ere identifikatu dituzte.

Azkenik, estatu euskaldun eta demokratiko batek munduko herritar guzien arteko injustiziak desagerrarazteko ahalegina egiteko betebeharra lukeela erran dute, eta euskal naziotasuna nahi duen orori Euskal Herrian bizitzeko eskubidea bermatu beharko liokeela ere bai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.