Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeak. Elkarrizketa. Jean Telletxea. EAJko hautagaia

«Euskal lurralde elkargoa ez da abertzaleen tresna bat»

Seigarren boz barrutian aurkeztu da Jean Telletxea. Bozketa horietan eskuinarentzat eta zentroarentzat abertzaleen eskaintza bat izatea «interesgarria» dela dio.

JENOFA BERHOKOIRIGOIN.
Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2012ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Ekonomiaren gaiak leku anitz hartzen du EAJren programan. Haatik, bake prozesuaren mezuak ez du haien programan egoterik, Jean Telletxearen ustez (Baigorri, 1969): «Arazo horretan bitartekari lana egin dezake EAJk, eta hori egiten dabil. Baina ezker abertzaleak du bereziki kudeatu beharko arazo hori; haren eginkizuna da».

Legebiltzarrerako azken hauteskundeetan ez aurkezteko hautua egin zenuten. Zergatik aurten bai?

Aurkezten garenez geroztik, beti gora goaz kopuru aldetik, bainabaita proposamen eta handinahiaren aldetik ere. Gainera, paisaia politikoa aberasten dugu. Beti galdetzen digute zergatik ez den abertzaleen arteko koaliziorik, baina ez da alderdi frantsesen arteko bilketarik! Hor bada abertzaleen eskaintza bat eskuinarentzat eta zentroarentzat, eta interesgarria da.

Haatik, bosgarren barrutian ez zarete aurkeztu, eta Jean-Baptiste Mortalena sostengatzeko hautua egin duzue. Zergatik?

Badu bederatzi hilabete elkarrekin lanean ari garela, eta balio berdinakditugu politikan aritzeko moldeari buruz. Ireki behar gara, euskal gaiak bakarrik abertzaleen artean jorratzea ez dut imajinatzen, jendarte eta alderdi guztiek behar dituzte jorratu. Lau punturi buruz ados jarri gara: euskara, euroeskualdea, euskal lurralde elkargoa eta barnealdearen eta kostaldearen arteko sinergia.

Austeritate gutxiago, eraginkortasun gehiago duzue lelotzat harturik. Erabat ekonomian zentratu duzue zuen programa.

Diputatu baten betebeharra zabala da, baina ni hautetsi eta industrial gisa kausitzen ditudan arazoei begira nago. Gaurko egunean, ikusiz biziaren kostua, arazo erdi bat gertatu eta oreka galtzen da, egongaiztasunean eta prekaritatean gaude eta bazterketa pairatzen dugu; oso laster doa dena. Horretan zentratu gara gure programan. Presidentzialerako hauteskundeen biharamunean gara. Kanpaina guztian aterabideak aipatu zizkiguten. Baina uste dut gehiengo bat ez dela egindako proposamenez konbentzitua izan. Enpresaburu naiz, eta ohartzen naiz behargabeko xahutze eta huts anitz badirela politika publikoetan. Horri begira ditut proposamenak.

Zein dira proposamen horiek?

Politika publikoek sintomen arabera jorratzen dituzte arazoak.Guk diogu sintomak konpondu ordez arazoaren iturrira jo behar dela. Adibidez, garraioei begiratuz, auto metaketa anitz badira. Beraz, bideak moldatzen edo gehitzen ditugu eta beharrezkoak baina oso garesti diren garraio publikoak garatzen dira. Baina auto metaketetan direnei zaie begiratu behar. Aktiboen %60k beren herritik kanpo lan egiten dute eta %40 Baionako aglomerazioan ari dira. Garraioak, lanpostuak... dena kostaldera eramaten dugu. Guk diogu lurralde elkargo propioa beharrezkoa dugula gure nortasunarentzat, baina bereziki lurralde antolaketa on bat ekarriko duelako. Baina ez horrentzat bakarrik: garapen ekonomikoan eta lanpostuen arloan ere beharrezkoa dugu. Tokiko ekonomia politikak ez dira ongi ibiltzen, ez dugulako elkargo hori.

AHT egitasmoaz osoki hunkia da zure boz barrutia. Zer postura duzu horri begira?

Hego Europa Atlantikoa deitu AHT egitasmoa garrantzitsua da, besteak beste Lisboa Parisera hurbilduko duelako, europar gisa garrantzitsua da. Baina argi da, halaber, lurralde bat trabeskatzen duenean herritarrak eta hautetsiak alde izan behar direla eta lurralde arazo batzuk konpondu behar dituela. Gure kasuan ez da hautetsien iritzia galdetua, herritarren nahiaren aurka doaz eta arazoak ez ditu konpontzen. Egitasmoaren alde gara, baina ez gaur diren baldintzetan. Lurraldea trabeskatzen dute eta, gainera, Tours-Bordele tartea finantzatu beharko dugu, 60 eta 70 milioi euroren artean guztira. Diru zama horrekin 100 hektarea eskuratu eta egokitzen ahal lirateke, jarduera guneak egiteko. 5 eta 10mila lanpostu lirateke hemengo.

Lurralde elkargo proposamena aurkeztu berri duzue beste hautetsi zentrista batzuekin. Zer lotura duzue Batera-rekin?

Pedagogikoki, elkargoaren beharraren hedatzea da Batera-ren eginkizuna. Horretan sostengatu ditugu aktiboki. Adibidez, herri galdeketan lagundu nituen. Baina EAJ ez da Batera-ren gisa plataforma apolitiko bat. Guk proposamen bat landu dugu, gaitasunak genituelako. Geroztik lehen proposamena gogoetatu eta landu dugu, eta gaur egun hautetsi zentristen proposamena da, ez da gehiago EAJrena.

Zer diozu Ipar Euskal Herriaren egituraketaz Hautetsien Kontseiluak eraman lanaz?

Hurbiletik segitzen dugu, eta hartzen ari den bilakaeraz pozten gara. Motibazio, irekidura eta interesei begiratzen bazaie, Garapen Kontseiluak etsenplua eman du. Hautetsien Kontseiluan ere aitzina doa. Sozialista, UMPko eta zentrista batzuek postura argia adierazten dute orain. Lurralde elkargoaren gaia ez da gehiago abertzaleen proiektua, baina bai jendarte proiektu bat, eta hori lortu du Batera-k, baita EAJk ere. Hori beharrezkoa eta garrantzitsua da. Orain eskumenei buruz gogoetatu behar dugu. Guk diogu elkargoa ez dela abertzaleen tresna bat; eraginkortasuna ekartzeaz gain bizia sinplifikatu behar duen tresna bat da. Perspektiba berri batzuk ireki beharko ditu. Adibidez, euskarari dagokionez, benetako estatutu bat eman beharko zaio.

Gatazkaren konponketari dagokionez diozu puntu hori ezin dela zuen programan idatzi. Zergatik ote?

Auzian bitartekari lana egin dezake EAJk, eta hori egiten dabil. Baina ezker abertzaleak du bereziki kudeatu beharko arazo hori; haren eginkizuna da. Hautetsiekin, euskal jendartearekin egin beharko da. Baina guk erabaki eginkizunik ez dugu. EAJk lagun dezake; herritarren artean elkar entzutea eta barkatzea; bide horretan ukanen dugu eginkizuna, hamarkada luzeetako borroka digeritzeko. Eginkizuna badugu, baina ez dugu erantzukizunik.

Baina ezker abertzaleak dio bake prozesuaren aitzinarazteko betebeharra denen esku dela.

Dei horri erantzuten diogu.

Ipar Euskal Herriko eragileei ere galdatzen zaie biltzea, gai politikoei buruz eztabaidatzeko.

Hemen? Nik uste dut erabakitzaileak direla konbentzitu behar; parlamentariekiko komunikazio bat behar da. Hemen lokalki jendea konbentzitua da. Aterabideak ez ditugu atzemanen arazoa hemen mantenduz, gaia gorantz eraman behar da.

Zer diozu Frantziako Gobernuaren joeraz?

Ez nau harritzen. Manuel Vallsek lehen egiten zena segitzen du; ez du arriskurik hartu nahi. Gai horrek bere garrantzia badu, eta hemengo biztanleriarentzat duen garrantziaz ez da konturatu. Baina funtzioak hartzeko denbora ere utzi behar zaio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.