Euskal liburu asko zentsuratu zituzten Franco hil ostean ere

Zentsoreen obsesioa «separatismoa» zela nabarmendu du Ana Gandara ikertzaileak

MHLI taldeko kide batzuk, atzo, Gipuzkoako Foru Aldundian. JON URBE / FOKU.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Donostia
2023ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Francisco Franco Espainiako diktadorea 1975. urtean hil zen, baina euskal liburuei ezartzen zieten zentsura ez zen harekin desagertu. EHU Euskal Herriko Unibertsitateko MHLI Memoria Historikoa Literatura Iberiarretan ikerketa taldeak Euskal liburuaren frankismo osteko zentsura (1975-1983) liburua ondu du, eta 1975 eta 1983 bitarteko zentsura espedienteen —500 baino gehiago— «hustuketa sistematikoa» egin dute. «Orain arte egin gabe zegoen», nabarmendu zuen liburuaren editore eta MHLIko ikertzaile Ana Gandarak, atzo, Gipuzkoako Foru Aldundian egindako aurkezpenean.

Ikerlariek ondorioztatu dute 1975 eta 1983 bitartean zentsoreek, frankismoan bezala, «separatismoarekin» zutela obsesioa. «Ez hainbertze erlijioarekin eta moralarekin», azaldu du Gandarak. Horrek ez zion soilik helduen literaturari eragiten; beste genero bati ere garrantzi berezia eman zioten. «Haur eta gazte literatura jo zuten begiz, bereziki etorkizuneko belaunaldiak irakurketa horietatik elikatuko zirelako», adierazi du Mari Jose Olaziregi MHLI taldeko zuzendari eta katedradunak.

Torrealdairen omenez

Ikerketaren egileek Joan Mari Torrealdai izan dute «erreferente», eta haren lanari «jarraipena» eman nahi izan diote, Gandararen arabera: «Torrealdai omendu nahi genuen: bera gabe ezingo genukeen lan hau egin». Izan ere, Torrealdaik hainbat ikerketa egin zituen frankismo garaian euskal liburuek jasandako zentsuraz; horren adibide da 2000. urtean argitaratutako Artaziak. Euskal liburuak eta Francoren zentsura (1936-1983) liburua.

«Joan Marik bere ikerlanean nolabaiteko hautapen bat egin zuen, eta guk urte horiek goitik behera hustu ditugu. Topatu dugun guztia aztertu dugu», azaldu du Olaziregik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.