Euskal LGTBI+ Behatokiak Bilboko Alde Zaharrean jazotako lau heriotzen atzean dagoen «LGTBI+ fobia» salatu du, eta horien aurka mobilizatzera bultzatu du «gizarte osoa». Izan ere, kasu horren inguruan sekretupeko ikerketa bat abiatu du Ertzaintzak, gaur Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak azaldu duenez. Lau gizonezko horien heriotzak lotzen dituen hainbat zantzu aurkitu ditu Poliziak, El Correo hedabideak aditzera eman duenez. Batetik, guztiak joan den urteko irailetik urrira bitartean agertu ziren hilda Bilboko Alde Zaharrean; hasieran, guztiak modu naturalean hil zirela zirudien. Bestetik, guztiek erabili zuten gizonezkoen artean zitak edukitzeko Wapo aplikazioa. Eta azkenik, hil ondorengo egunetan, dirua desagertu zen gizon horien kontu korronteetatik.
Azken zantzu horrek piztu zion kezka hildakoetako baten anaiari. 43 urte zituen hildakoak, eta anaiak, hura hil eta egun batzuetara haren kontu korrontetik dirua desagertzen ari zela ikusita, salaketa bat jarri zuen. Orduantxe hasi zen ikerketa, eta, autopsia egin ondoren, hildakoari estasi likidoaren arrastoak aurkitu zizkioten odolean. Ertzaintza jabetu zen Bilbon garai bertsuan antzeko kasu batzuk jazo zirela, eta orain gainontzekoen odola desizozten ari dira, analisiak egin eta horiek ere estasi hondarrak ote dituzten argitzeko. Estasi likidoa dosi handietan edo alkoholarekin nahasita hartuz gero hilgarria izan daitekeela azaldu dute adituek, eta menderatze droga moduan erabili ohi dela, ez duelako kolore, zapore edo usainik, eta gorputzetik ere azkar desagertzen delako.
El Correo-k argitaratutakoaren arabera, orain Ertzaintza usteko hiltzaile berak egindako beste lau krimen ikertzen ari da, baina, Zupiriak gaur esan duenez, ikerketa sekretupean dago, eta iturri ofizialek ez dute oraindik baieztatu informazio hori.
Protestarako deia
Lau gizonen hilketaz gain, LGTBI+ Behatokiak dei egin du azken egunetako gainontzeko erasoen kontra ere mobilizatzera. Izan ere, Santurtzin gizonezko batek salatu du beste gizon batek bortxatu duela, eta Zornotzan ere LGTBI kolektiboko beste kide bati eraso egin diote. Behatokiak, gizarteari protesta egiteko eskatzeaz gain, Eusko Jaurlaritzari ere galdegin dio «prebentzio politika eraginkorrak» antolatzea, «halakorik ez gertatzeko eta gizarte osoa berriz hezteko».
Neurri praktikoak eskatu ditu arlo juridikoan: «Premia ikusten dugu lege esparrua hornitzeko LGTBI+ euskal lege integral baten bidez. Lege horrek pedagogia argia egingo du, anbiguotasunik eta maskaramendurik gabe, kolektiboari aitortu eta berariazko babesa emateko gure arazo guztien aurrean, arazo horiek oso heterogeneoak baitira, eta era guztietako indarkeria sistematikoen eraginpean jartzen baikaituzte».