Euskal LGBTIAQ+ Behatokiak lege integral «propio» bat exijitu dio Eusko Legebiltzarrari

«Pertsona guztiak» babestuko dituen legea nahi dute, eta «beti ahaztutakoak» barne har ditzala. «Zuriketa arrosari» aurre egiteko neurriak ere exijitu dituzte.

Euskal LGBTIAQ+ Behatokiak agerraldia egin du gaur, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Euskal LGBTIAQ+ Behatokiak agerraldia egin du gaur, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2024ko ekainaren 28a
15:20
Entzun

Euskal LGBTIAQ+ Behatokiak uste du beharrezkoa dela LGBTIAQ+ lege integral «propio» bat izatea. LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Egunean, agerraldia egin du Bilbon, eta bertan exijitu dute «euskal lege integral» bat, «eguneroko bizitzan eragina duten arlo guztietan neurri zehatzak xehetasunez bilduko dituena».

Behatokiko kide diren Virginia Garcia Fernandezek, Iren Ibisatek, Asmi Molinak eta Javi Martinezek hartu dute parte prentsaurrekoan, eta lege hori eskatzeko arrazoiak jarri dituzte mahai gainean. Euren ustez, iaz onartutako Espainiako trans legea ez da nahikoa, «edukia eta irismena oso partziala eta mugatua» baitira: «Ez ditu aintzat hartzen, besteak beste, pertsona intersexualak, ez-binarioak edo estra binarioak, asexualak, migratzaileak edo egoera administratibo irregularrean daudenak».

Horrez gain, garrantzitsua da horrelako lege bat, «eskuin muturrak bere botere espazioak mundu osoan zabaldu dituen testuinguru batean». Izan ere, «beldur» dira «eskuin muturreko indarrak Espainiako Estatuan agintera iristen badira» ez ote duten trans legea ahal bezain laster indargabetuko. Horiek horrela, «baliabide zehatzak» eskainiko dituen legea eskatu dute, «egutegi konkretu batekin eta botere politikoaren gainbegiratze eta kontrol independentearekin, bere xedapenen garapen erreal eta eraginkorrerako».

«Batzuetan, pertsona asexualak medikuarenera doazenean, konbertsio terapiak nahi ote dituzten galdetzen diete».

VIRGINIA GARCIA FERNANDEZEuskal LGBTIAQ+ Behatokiko kidea

Legeak «pertsona guztiak» babes ditzala nahi dute, eta «kendutako eskubideak» itzuli diezazkiela. Hain zuzen, «beti ahaztutako» pertsonak barne hartzea exijitu dute. Molinak azaldu duenez, intersexualak «erabat isilduta» daude. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan guztira 10.000 baino gehiago diren arren, inork ez du lanik egin «gainerako pertsona guztien maila berean jartzeko», ez alderdiek eta ez gobernuek. Asexualen errespetua eta ezagutza ere sustatuko duen legea eskatu dute. «Batzuetan, pertsona asexualak medikuarenera doazenean, konbertsio terapiak nahi ote dituzten galdetzen diete», azaldu du Garciak.

Autonomia erkidegoak dituen eskumenetan ere egin dute azpimarra Behatokiko kideek; legeak horiek hartu beharko ditu kontuan. «Hezkuntzari dagokionez, adibidez, Anitzak proiektura gazte transen kasuak heldu zaizkigu; bullying-aren biktimak dira, eta, gaur-gaurkoz, ez dute baliabiderik», azaldu du Ibisatek. Eta Osakidetza ere aipatu du: «2019an, esan zuten pertsona transek ez zutela psikiatrarenetik pasatu behar izango, baina Osakidetzak ez du bere protokoloa aldatu, eta oraindik ere psikiatriara bideratzen dituzte». Euskal Herrian genero unitate bakarra dagoela gogoratu du Ibisatek.

Posible da

Egungo Eusko Legebiltzarraren osaerari erreparatuta, Behatokiak uste du posible dela lege hori aurrera ateratzea, «ezkerrean kokatutako indar politiko gehienek» euren programetan jaso baitute. Alde batetik, Behatokiak adierazi du «pozik» daudela, alderdi horiek kolektiboaren ordezkari diren elkarteekin lankidetzan aritzeko prest agertu direlako. Eta erantsi dute: «Eskuragarri jartzen dugu urte hauetan maila honetan egin dugun lana».

Kezka ere badu Behatokiak, EH Bilduk «ustezko adituak» hartu nahi dituelako kontuan prozesu parte hartzailerako. «Nahiz eta haien asmoa ez izan, eta ziur gaude horretaz, proposamen hori erabil daiteke foro horietan sartzeko egiaz gure oinarrizko eskubideen aurka lan egiten duten pertsonak». Haien ustez, adituak ez dira beharrezkoak euren beharrei eta aldarrikapenei erantzuteko.

«2019an, esan zuten pertsona transek ez zutela psikiatrarenetik pasatu behar izango, baina Osakidetzak ez du bere protokoloa aldatu, eta oraindik ere psikiatriara bideratzen dituzte».

IREN IBISATEEuskal LGBTIAQ+ Behatokiko kidea

PSE-EErekiko zalantza ere agertu dute. Gogoratu dutenez, aurreko legegintzaldian prozesu hori martxan jartzeko aukera izan zuten, baina programan agindutakoa ahaztu zuten, «EAJ gobernukidea ez haserretzeko». Hain justu, gogorrago egin dute EAJren aurka, «ulergaitza» egiten zaielako Espainiako Kongresuan «alderdi aliatua» izatea eta Euskal Autonomia Erkidegoan, berriz, «oposiziokoa».

Behatokiak aitortu du EAJk babestu duela EAEko trans legea aurten bigarrenez aldatzea, EH Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos-IUrekin batera. Halere, Bizkaiko erakundeek ekainaren 28an egindako «zuriketa arrosa» kritikatu dute. Hori dela eta, legean horren inguruko neurria ezartzea exijitu dute: «Autonomia erkidegoko administrazio publiko guztiek saihestuko dute, eskubide kolektiboen aldeko borrokan, erakunde edo enpresa publiko edo pribatuen merkantilizazioa, baita jabetze kulturala edo ideologikoa ere».

Agerraldia egiteko hautatu duten eguna ahaztu gabe, argi utzi dute kalera aterako direla gaur. Gorroto diskurtsoen aurka egiteko aterako dira plazara, baita Stonewalleko altxamenduak eta haien protagonistak oroitzeko ere. «Borroka hura gidatu zuten emakume trans beltz eta latinoei omenaldi berezia eginez», duela hilabete hil zen Roberta Marrerok Marsha P. Johnson aktibista «menderaezinari» eskainitako hitzekin amaitu dute hitzaldia: «Gorputz bakoitza bere biztanleak bakarrik gobernatu behar du. Eskerrak errebeldeei, justizia gure hildakoentzat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.