Euskal Konfederazioak sostengua adierazi dio Gorka Roca Torre auzipetuari

Gorka Roca Torre euskaltzalea Baionan auzitan iragatekoa da martxoaren 26an, eta Euskal Konfederazioak, sostengua erakusteaz gainera, auziaren egunean bertara joateko deia zabaldu du.

Herribiltza
Izpurako Luro osasun etxeko paretan egin tindaketa. HERRIBILTZA
Iñaki Etxeleku.
2024ko martxoaren 13a
12:00
Entzun

Gorka Roca Torre Herribiltza taldeko kidea epaituko du Baionako auzitegiak martxoaren 26an. 2023ko irailaren 21etik 27ra Donibane Garaziko eta Izpurako (Nafarroa Beherea) bi eraikin publikotan euskaraz egin tindaketengatik auzipetu dute. «Euskara lehentasunez erabiltzearen aldeko ekintza» gisa aurkeztu du Herribiltzak, eta Unescoren izenean egin zuela azpimarratu. «Garaziko Osasun Erakunde Publikoko eta Euskal Kostaldeko Ospitale Zentroaren menpe den Haurren eta Nerabeen Garaziko Zentro Mediko Psikologikoko seinaleetan, euskarari eman genion lehentasuna», jakinarazi du taldeak.

Euskalgintzako eragile batzuk biltzen ditu Euskal Konfederazioak, eta sostengua erakutsi dio auzipetuari, agiri bidez. «Euskal Konfederazioak bere jardueran lehenesten dituen ekintza motak ez badira ere, ulergarri da euskaltzale militante edo talde batzuk horrelako ekintzak egitera eramanak izatea, espazio publikoan euskara bigarren mailan kokatua dela edo baztertua dela ikustean», dio agirian.

Aitzineko hamarkadetan ere halako ekintza franko izan direla oroitarazi du Euskal Konfederazioak, «eta horiek gabe agian hizkuntza politika publikorik» ez zela izanen gaur Ipar Euskal Herrian. Hizkuntza politika horiek izanagatik, gaur egungo egoerara ekarri du gaia: «Aitzinamenduak aitzinamendu, espazio publikoko hizkuntza paisaian euskararen presentziak arrunt mugaturik segitzen du, eta egunerokoan ikusgarritasun horrek garrantzi berezia du euskara hizkuntza bizia dela erakusteko eta jendea euskara ikastera edota erabiltzera bultzatzeko». Seinaleak euskaraz jartzea hizkuntza eskubideen betetzea baizik ez dela erran du Konfederazioak: hots, «Euskal hiztun gisa argibideak euskaraz jasotzeko dugun hizkuntza eskubidea bermatzea».

Roca Torreren auzipetzeaz ondoko analisia egin du: «Euskal Konfederazioak salatu nahi du euskararen defendatzaileen kriminalizazioa, haien helburua ez baita ekintza mota desberdinen bidez euskara biziaraztea eta euskaldunen hizkuntz eskubideak errespetaraztea besterik». Bukatzeko, euskaltzaleak deitu ditu martxoaren 26ko auziaren egunean Gorka Roca Torreri sostengua erakustera, 13:45ean, Baionako auzitegian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.