Ana Urkizak (Ondarroa, Bizkaia, 1962) itsasontzia norabide onean dagoela sinestuta hartu du bigarrenez lemazain kargua Eusko Ikaskuntzako lehendakari gisa. XIX. Kongresuak utzitakoa dokumentu batera ekartzen dabiltza. Ezin gusturago dago azken kongresuak emandako emaitzekin, aurrera begirako «aterki» bat eman duelakoan. Datu bat ere nabarmendu nahi izan du: lehen aldiz parte hartzaileen %57 emakumezkoak izan dira, eta herenak, 30 urtetik beherakoak. Euskal Herriaren lurralde kohesioa, euskal nortasuna eta komunitatearen eraikuntzari buruz gogoetatu dute, haiek definitu nahian, aurrera begirako bide orri bat definitzeko.
Berriro lehendakari hautatu berri zaituzte. Gogotsu zaude?
Gogotsu, indartsu bukatu dugulako lau urteko aldi hau. Jarritako helburuak lortuta eta txapela jarrita amaitu dugu, ez genuelako uste kongresu batekin amaituko genuenik ere. Elkartea oraintxe jarri dugu eraman nahi genuen lekuan, bai proiektuengatik, bai irudi aldetik, bai erreferentzialtasunagatik lortu duen tokiagatik.
Nora eraman nahi zenuten, ba, Eusko Ikaskuntza?
XVIII. Kongresuan aldaketa bat izan zen. Hausnarketa lodi bat egin zen, eta erabaki zen arnasa luzeko proiektuak egitea, diziplinartekoak izatea, ikuspegi bertikaletik horizontalera igarotzea, eta erabaki genuen lan egiteko moduan oinarri akademikotik abiatuko baginen ere eragile publiko, pribatu eta herritarren artean adituekin eta arituekin ere lana egin behar genuela. Guri egokitu zaigu horri guztiari forma ematea azken urteetan, eta lortu dugu. Mende berri bateko ibilbidea ireki dugu.
Forma eman diezuela esan duzu. Zein forma?
Datu bat emango dizut: hamabost proiektu egin ditugu azken lau urteetan, haietatik bederatzi mugaz gaindikoak dira, lurralde guztia kontuan hartzen dutenak. Eta proiektu guztietan lurralde guztietako pertsona aditu, aritu, erakunde eta eragileak ere kontuan hartzen ditugu.
Proiektuak egiteko modu berri bat ere abiatu dugu. Ordura arte ikerkuntza eta sozializazioa egiten zen, batez ere. Orain sortu ditugu beste bi arlo. Behatokia, batetik, ikerkuntza egin aurretik aztertzeko zer ikertu. Eta ikerketaren ondoren esperimentazio laborategi moduko bat sortu dugu, ikerketetatik atera diren emaitzak kontrastatzea inportantea delako.
Zer gai ikusten dituzue ardatzean?
Kongresutik atera diren lau lan lerro nagusiak hauek dira: bat, euskal kulturaren eta nortasunaren garapena. Bigarrena, eta nik uste nagusiena, kohesio soziala eta euskal komunitate berriaren eraikuntza, hor sartzen delako euskal kulturaren definiziotik bizi dugun zerbait izatea, hizkuntza, nortasuna... Izan ere, inguruan dugu globalizazioa, demokraziaren ahultasuna, digitalizazioa eta demografiaren aldaketa. Azken ezaugarri horiek egin gaitzakete txikiago edo zaurgarriago, eta, nire iritziz, horri heldu beharko diogu. Beste bi puntu ere atera ziren: parte hartze demokratikoa sustatzea, eta lurralde kohesioa eta ongizate integrala, hurrenez hurren.
Euskal nortasunaren definizioaren inguruan, adibidez, zer puntutan gaude?
Lortu dugu lurralde osoko ordezkaritza zabalaren iritziak jasotzea, esparru guztietakoak, gazte zein helduak, eta euskararena izan da denetan atera den gai bat. Berez atera den gaia da nortasunaren ernamuina dela euskaldun izatea. Bestetik, asko ikertu izan da bai edo ez terminoetan, eta ulertarazi nahi izan duguna da trantsizioan gaudela, eta trantsizio horretan euskaldun izateko modu diferenteak daudela, guztiak direla zilegi, eta guztien artean egiten dutela euskaldunen mapa.
«Trantsizioan gaude, eta trantsizio horretan euskaldun izateko modu diferenteak daude, guztiak dira zilegi, eta guztien artean egiten dute euskaldunen mapa»
Nola helduko zaie kongresutik ateratako erronkei?
Aipatutako trantsizio horretan gertatzen ari dena ondo ulertuz, etorkizuna hobeto garatzeko. Aipatu ditugun lau gai horietatik, lodiena eta guztien aterkia euskal komunitate berriaren eraikuntza da. Adjektibo horiek garrantzia dute. Uste dut daukagun sentipena dela gizarte bezala desagertzen goazela, ez? Hau da, komunitate bezala. Euskararen egunarekin aipatu genuen nahiko genukeela egun hori ospakizun eguna izan zedin, baina dagoena dago, euskara egunerokoan erabiltzen dugunak %20tik behera garela, eta %30era heltzen gara ezagutzan. 50 urteko lanak honaino ekarri gaitu. Eta pentsatzen genuen euskal komunitate sendo bat izango genuela, baina begira non gauden eta zer datorkigun. Horren aurrean euskal komunitate berritu hori sortu beharko dugu, izango bagara eta desagertuko ez bagara.
Hori sarean egin beharko da. Erakundeekin nolakoa da harremana?
Solaskidetza ona da, baina, gero, proiektu batzuk aplikatzeko orduan, batzuk erori egiten dira. Guztiz erakundetuta gauden herri bat gara, eta ikusi dugu erakundeek euren lurraldeei oso lotutako politika egiten dutela. Hor zailtasunak izan ditugu ulertarazteko zazpi lurraldeak kontuan hartuta egiten dugula guk lana, eta uste dugu lanketa hori egiteko daukagula oraindik.
«Erakundeek euren lurraldeei oso lotutako politika egiten dute. Hor zailtasunak izan ditugu ulertarazteko zazpi lurraldeak kontuan hartuta egiten dugula guk lana»
Adibidez, ongizaterako gaiak, edo kulturaren transmisioarenak, atxikimenduarenak, nekazaritzarenak, herri txikien hustuketarenak... ikuspegi zabalago batetik lan egingo dugula esatea besterik ez dagokit. Gure mugetatik kanpoko ikuspegia izatea kostatzen zaigula esango nuke, eta ikuspegi hori kontuan hartuta iruditzen zaigu urrats bat harago joan gaitezkeela.
«Gainean ditugun mehatxuak ez dira aleka erantzutekoak. Erantzunak, ikuspegi partekatua izan beharko luke. Herri ikuspegiarekin erantzun beharko dira»
Aipatu dituzu lehen digitalizazioa, demokrazien ahultasuna, globalizazioa. Halakoengatiko kezka zabaldua da Euskal Herriko eragile politiko nagusienen artean. Eusko Ikaskuntzak egin dezake funtzio bateratzaile bat?
Gaur egun, adibidez, demokraziaren inguruan lanean dauden erakundeak badaude. Eusko Ikaskuntza gehiago ikusiko nuke kolidergoa horretan, gaiak lodiak direlako, eta erakunde tipo ezberdinen arteko lankidetza eskatzen duelako. Lanketak transbertsala izan behar du, eta eragile ezberdinen arteko komunztadura bat lortu beharko litzateke. Gainean ditugun mehatxuak ez dira aleka erantzutekoak, erantzunak indartsua izan behar du, ikuspegi partekatua izan beharko luke, eta askotariko eragileen artean osatua. Herri ikuspegiarekin erantzun beharko dira.