Euskaraz arituko diren kazetariak prestatzeko unibertsitate diploma abiatuko dute heldu den irailean Baionan. UPPA Paueko eta Atuarrialdeko unibertsitateak, EHU Euskal Herriko Unibertsitateak eta IJBA Bordele-Akitania Kazetaritza Institutuak elkarlanean emanen dute, EEP Euskararen Erakunde Publikoak koordinaturik. Ikasleek Ipar Euskal Herriko hedabideetan eginen dituzte praktikak, euskaraz. «Hizkuntza politikaren ikuspegitik proiektu egituratzailea da», adierazi du Antton Kurutxarri EEPko lehendakariak. « Hedabideei esker esker, euskara egunerokotasunean entzungai, ikusgai eta irakurgai da. Hori dela eta, hedabideak hizkuntza antolamenduaren elementu saihetsezinak dira».
Ipar Euskal Herriko hedabideekin osatutako lantalde bat sortu du EEPk azken urteetan, eta hortik atera da kazetari euskaldunak formatzeko beharra. Unibertsitate diploma pasa nahi duen ikasleak profesionalizazio kontratua egin beharko du hedabide batekin, ondoren praktikak enpresa horretan egiteko; hedabidearen gain izanen da langilearen lansaria. Hedabidearen hizkuntza hautua edozein izanik ere, praktikak euskaraz izanen direla baieztatu du EEPk. Jadaneko hamar hedabide prest agertu dira balizko ikasleei kontratua egiteko. Ikaslearen formakuntza AFDAS erakundeak ordainduko du, eta EEPk 8.000 euroko laguntza emanen dio kontratua egiten duen hedabideari.
Ekonomikoki bizigarria izan dadin, gutxienez hamar ikasle behar dira formakuntza abiatu ahal izateko; gehienez ere hamabost onartuko dituzte. Bi urte iraunen dituen aldizkako formakuntza izanen da: bi astez unibertsitatean arituko dira, eta sei astez enpresan. Zikloaren bukaeran, hiru eremutan gaitasun hartze bat segurtatuko die ikasleei: euskara, kazetari lanbidea eta lurraldearen ezagutza.
Hautagaitzak EEPn
Kazetaritza diploma hau ez da lizeotik atera berritan egitekoa; unibertsitate ziklo batean engaiatuak diren ikasleei begirakoa da, horiek lan mundura bideratzeko helburuarekin. Lanbidez aldatu nahi duen batentzat ere egokia izan liteke. Haatik, ez da jadanik kazetaritzan ari direnak prestatzeko pentsatua. Interesa duenak EEPrekin harremanean jarri behar du [email protected] helbidera idatzita.
Euskarazko B2 maila eskatuko diete ikasle hautagaiei. «Helburua da formakuntzatik ateratzean gutxienez C1 maila eskuratzea, ahal bada C2», esplikatu du Celine Mounole Euskal Ikasketetako irakasle-ikerlariak. Ezagutzari bezainbat garrantzia emanen diote hizkuntzaren kalitateari.
Klaseak Baionako fakultatean emanen dituzte nagusiki, baina ikasgai batzuen behar teknikoek Bordelera (Okzitania) eta Leioara (Bizkaia) eramanen dituzte ikasleak. IJBAk emanen du multimedia kazetari izateko formakuntza orokorra; espezializazioa hedabide bakoitzean eginen du ikasleak. Bi urteko prozesuaren ondotik, hiru unibertsitateek aitortutako diploma emanen diete ikasleei.
Unibertsitate diplomaren onurak laudatu ditu EEPk. «Lurraldean euskarazko ekoizpen mediatikoen garapen perspektibei modu eraginkorrean erantzutea ahalbidetuko du» Kurutxarriren erranetan. «Kazetari euskaldunen belaunaldi berri baten formakuntza lortuko da, eta horrela euskarazko kazetaritza lanaren sendotzea eta grapena ahalbidetuko da».