Michel Barnier (Errepublikanoak) Frantziako lehen ministroaren gobernuak iragan astean aurkeztu zuen aurrekontu egitasmoa. Elkarte irratien diru iturri nagusietarik den FSER Irrati Adierazpiderako Sustengu Funtsean %35eko murrizketa egitea aurreikusi du. Guztira, ia 11 milioi euroko kenketa. «Desastrea» dela erran du Ttitto Betbederrek, Frantziako Irrati Libreen Sindikatuko idazkari nagusi eta Ipar Euskal Herriko Euskal Irratietako koordinatzaile ohiak. Ipar Euskal Herrian berean harremanak hasiak dituzte parlamentariekin, EEP Euskararen Erakunde Publikoarekin eta Euskal Hirigune Elkargoarekin hautetsien bidez lehenbailehen geldiarazteko murrizketa asmo hori. Irulegiko Irratiko lehendakari Jojo Bidartek argi eta garbi erran du: «Euskal Irratiak lanjer gorrian jarriak gara».
Bidart Irulegiko Irratiaren sortzaileetan zen 1980ko hamarkadaren hastapenean. Lanbide ibilbide guzia egin du bertan irratilari gisa, eta erretreta hartuz geroztik irratiko administrari segitzen du. Euskal Irratien sareko idazkari ere bada. Frantziako gobernu berriak duen murrizketa asmo horrek ataka oso gaiztoan ezartzen dituela adierazi du. «40 urtez egin dugun lana zalantzan ezarria da. Euskarari begira egiten dugun ekarpena galtzeko arriskuan da. Momentu larria da».
Ipar Euskal Herrian, Euskal Irratiez gainera —Xiberoko Boza, Irulegiko eta Amikuzeko Irratiak, Gure Irratia, Antxeta Irratia—, euskarazkoak ez diren Radio Bonne Humeur eta Mendililia ere hunkiko lituzke murrizketak. Euskal Irratien sareko irratientzat FSER funtsetik heldu den dirua kasik 400.000 eurora heltzen da, urtero. Horrez gain, funts beretik laguntza gehigarri bat dator bost urtetarik, tresneria berritzeko. Aurrekontuan, ikaragarrizko garrantzia du laguntza horrek, Bidartek esplikatu duenez: «Batzuentzat aurrekontuaren erdia da; besteentzat, gehixeago». Gobernuaren xedea bururaino joanen balitz euskal irratientzat «kolpe hiltzailea» litzatekeela erran du deblauki.
Euskal Irratietako ordezkariak berehala harremanetan jarri ziren Ipar Euskal Herriko diputatu eta senatariekin. Astelehenean, EEPrekin ere batzartu ziren. Euskal Elkargoarengana ere jo dute. EEPk batzarra dauka bihar, eta hango lehendakari Maider Behotegiri galdegin diote bertan agertuko den estatuko ordezkariarekin gaiaz mintza dadin. «Dena egiten dugu politikoki, gauzak legea bozkatu aitzin mugi daitezen».
Parlamentarien itzulia
Ttitto Betbeder, hain zuzen, Parisen da aste osoan. Frantziako Asanblea Nazionaleko kultur batzordean etorriko da gaia mahai gainera urriaren 22ko, heldu den astearteko batzorde bilkuran. Gobernuaren aurrekontuari zuzenketak egiteko lehen txanda dira batzordeak, sailka. Ondoren, Asanbleako saio publikora etorriko dira zuzenketa guztiak. Gero, senatura joango da aurrekontuen legea, Asanbleara itzuli aitzin. Ez da baztertu behar gobernuak 49.3 artikulua erabiltzea, aurrekontuak parlamentuaren onespenik gabe indarrez pasarazteko.
Elkarte edota tokiko irratien ordezkaritzarekin ibili da Betbeder aste osoan, eta talde parlamentario guziak ikusi dituzte. 1981etik plantan da elkarte irratien laguntzeko FSER funtsa. Lau hamarkadaz garatuz joan da, eta azken urteetan Frantziako Kultura Ministerioarekin adostu ziren aitzinamendu batzuk. Tanpez heldu den murrizketa hori ezin konprenituzkoa zaio Betbederri: «Azken urteetan funts hori azkartu dute. Hedabideen krisiari erantzuteko, informazioaren estatu orokorrak antolatu zituzten. Sektore baten kontrako bat-bateko eraso hori ezin da ulertu». Ezin dute jakin, zinez, erabaki politikoa denetz. «Ukan dugun azalpen bakarra da Bercyko finantza ministerioaren erabakia izan dela. Kultura Ministerioari inposatu diotela». Esperantza du bihar gehiago jakinen dutela, Frantziako Kultura Ministerioan ukanen duten bilkuran. Rachida Dati ministroaren kabinetearekin bilduko da Betbeder, elkarte irratien ordezkaritzan izanez.
Astearteko Frantziako Asanbleako kultura batzordean gauzak nola joanen diren ikusi beharko da gero. Badaki Betbederrek partida gaiztoa izanen dela, Frantziako gobernu berriak murrizketak egin nahi dituelako alde guztietarik. «Adibidez, ekonomia sozial eta eraldatzailea, eta elkartegintza oro har, gu bezainbat hunkiak dira. Tokiko kolektibitateak ere hunkiak dira. Badakigu diputatuek denetarik badituztela galdeak». Beste arrangura bat ere aipatu du tokiko irratien ordezkariak, ikusirik irrati libreen atal horren txostengilea nor den: Phillipe Ballard RN eskuin muturreko alderdiko diputatua. Hark ditu aurrekontu moldaketak proposatuko. «Ez da elkarte irratien adiskide bat; ezagutzen dugu lehenagotik».
Horiek horrela, batzordeko diputatu guztiek zuzenketak aurkez ditzakete, bozkatuak izanen direnak eta Asanblea Nazionaleko batzar publikora joan daitezkeenak. Alde horretatik baikorrago aritu da Betbeder. Batzorde burua Alderdi Sozialistakoa dela erran du, eta sozialistek «talde bezala» irratien aldeko zuzenketa bat ekarriko dute. Berdeek ere zerbait egitekoa omen dute. Emmanuel Macronen alderdi «Rennaissanceko diputatu batzuek ere eginen dute». Bereziki, Bretainiakoak aipatu ditu Betbederrek, «Bretainiako irratiek hunki baitituzte».
Ukan dituzten solasetarik, Betbederrek ikusi du dagozkien herrietako diputatuek argi dutela irratiek jasan lezaketen kaltea bertako hizkuntza gutituen kontra doala. «Aniztasunaren kontrako eraso bat da hedabideen arloan», eta diputatu frankok ulertu dute, haren ustez.
Ipar Euskal Herritik, Colette Capdevielle, Peio Dufau, Iñaki Etxaniz diputatuek eta Frederique Espagnac senatariak gutuna bidali diote zuzenki Michel Barnier Frantziako lehen ministroari 11 milioi euroko murrizketa horri uko egin diezaiola eskatzeko. Ohargarri da Max Brisson senatariak ez duela izenpetu. Gehiago dena, bai Bidartek, bai Betbederrek gauza bera erran dute: «Brissonen erantzunik ez dugu ukan». Barnier eta Bruno Retailleau haren Barne ministroaren alderdikide eta defendatzaile sutsua da Brisson. Errepublikanoak nagusi diren Senatuko lehendakariorde da. Ikusi beharko da EEPko lehendakari izan zen politikariak nola jokatuko duen auzi horretan.
FSER funtsa datutan
Frantzian 750 elkarte irratik jasotzen dute.
%35eko kenketarekin, horietarik 200 bat irrati desagertuko lirateke.
Batez beste, irratien aurrekontuen %50 FSER funtsetik dator.
Batez beste, hiru lanpostu ordaintzen ditu funtsak irratietan —batzuek gutxiago dituzte—.
3.000 langile inguru biltzen dira Frantziako elkarte irratietan.