Koldo Diaz Bizkarguenaga. EHUko Nor taldeko ikertzailea

«Euskal identitatea gainerakoak bezala tratatzea da erronka»

Euskal identitatearen ozeanoan igaro ditu azken bost urteak ikertzaile bilbotarrak. Hanka bat atera du bertatik, baina bestea ez. 'Herri digitala' kontzeptuaren inguruan sakondu nahiko luke etorkizunean.

MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Jone Amonarriz
Bilbo
2015eko urriaren 29a
00:00
Entzun
Gazteek euskal identitatea sarean nola eraikitzen duten sakon ikertua du Koldo Diaz Bizkarguenaga ikertzaileak (Bilbo, 1985). Duela urte eta erdi aurkeztu zuen doktorego tesia. Euskal identitatea ontzat eman eta definizioa ahazteko garaia dela deritzo.

Zergatik da hain zaila euskal identitatea definitzea?

Argi eta garbi, estatu bat ez daukagulako. Espainiar edo frantziar identitatea zer den soziologikoki ez dugu kuestionatzen. Alvar Peris autore valentziarrak aipatzen du estatuek objektibatu egin dutela nazio identitatea zer den. Espainiar eta frantziar estatuek hori egin dute legeen bidez. Subalternoak gara, eta horregatik da hain zaila definitzea.

Baina zuk tesi bat egin duzu horren inguruan. Zer da zuretzat euskal identitatea?

Batetik, prozesu historiko bat da. Kontuan hartu behar da identitate zapaldua dela. Azken urteotako hainbat kanpo eragin ere hor daude: euskararekin lotuta, lurraldetasunarekin... Gainontzeko identitate kolektibo guztiak bezala, hainbat erreferente markatzen ditu identitateen inguruan: nortzuk garen gu eta nortzuk diren haiek. Horrela eraiki izan dugu gure identitatea. Hainbat elementu daude gu-tasun hori eraikitzen dutenak; euskara, adibidez. Baina inoiz ez dugu aurkituko elementu bakar bat esango diguna euskal identitatea zer den. Horregatik, soziologikoki, askoz ere interesgarriagoa da erantzutea nola eraikitzen den. Bestalde, euskal identitatea beste identitateekin batera eraikitzen da: genero, langile, arraza, adina...

Zein pisu du hor euskarak?

Tesirako elkarrizketatutako gazteek elementu nagusi moduan identifikatu zuten. Atzerrian zeudenek, adibidez, euskarak etxean sentiarazten diela zioten. Baziren Euskal Herrian erabili ez eta atzerritik, Interneten, euskaraz egiten zutenak ere. Hori definizioaren harira ekartzen badugu, ez nuke esango euskaldun izatea euskaradun izatea denik. Bada jendea ez duena bere identitatea elementu horren bueltan ikusten.

Euskaldun eta euskal herritar nola bereizten dituzu?

Estatu bat izango bagenu, denok izango ginateke euskal herritarrak, eta batzuek euskal identitatea garatuko lukete. Identitate erreferente bat izatean eta besteengatik ezberdindu nahi izatean dago bi terminoen arteko desberdintasuna. Euskal herritarrak garela ontzat emango bagenu, Euskal Herri bat izango genuke. Euskal identitatea gainerako nazio identitateak bezala tratatzea da etorkizunera begira eman beharreko saltoa; ontzat ematea, jakintzat ematea eta definizioa ahaztea.

Internet aztertu duzu tesian. Zein dira sarearen mehatxuak?

Gazteek euskal identitatea Facebook sare sozialean nola eraikitzen duten aztertu nuen nik. Kontuan hartu behar da Facebook enpresa pribatua dela, eta gure identitatea haren bidez eraikitzen ari garela. Lehen kalean eraikitzen genuen, espazio publiko batean. Bestalde, Interneten, oro har, estatuek beren garrantzia daukate. Facebooken, adibidez, ezin dugu gure herritartasuna markatu, ez delako ageri bertan.

Aldiz, aukerak ere ematen ditu.

Noski. Internetek on line espazio bat ematen digu, ez dena geografikoa. Euskal identitatea edo nazio identitatea beti lurralde geografiko batean eraiki dira: Euskal Herrian nahiz diasporan. Hori aldaketa handia da: tesian herri digitala deiturikoa. Euskal Herria geografikoki bi estatutan banatuta dago. Sarean, berriz, espazioa bat eta bera da, eta horrek dena aldatzen du. Etorkizunean kontzeptu horren inguruan sakondu nahiko nuke.

Tesiari jarraipena eman beharko bazenio, ideia horri helduko zenioke, orduan?

Bai. Nire nahia da euskal identitatea jakintzat eman eta beste ikerketa batzuk egitea, ardatz horretatik urrunduz. Estatu bateko akademikoek egiten dituzten ikerketak egin nahiko nituzke.

Internet «territorio librea» da, beraz. Baina euskaldunak ez dira askeak.

Horregatik erabiltzen dut territorio libre Joseba Sarrionandiak erabiltzen duen moduan. «Euskara da nire territorio libre bakarra», idatzi zuen, kartzelatik. Bera lur geografiko horretan preso zegoen, baina euskaraz hitz egiten zuenean bere lurraldea sortzen zuen. Oso kontzeptu interesgarria da, mugak ez direlako geografikoak soilik; badira sinboloek markatzen dituztenak ere.

Euskaldun izatea nekeza dela dio Ruper Ordorikak. Bat zatoz?

Hobe zuela munduko hiritar izatea dio bigarren zatiak. Baina hori ezinezkoa da; estatu bat eta nazio identitate egonkortu bat dutenak dira, berez, munduko hiritarrak; espainolak, adibidez. «Ez dira hesi gehiago jarri behar; barrerak kendu egin behar dira», diote, baina hor daukate Melillakoa. Niretzat oso nekeza izan zen euskaldun izatea atzerrian bizi izan nintzenean, adibidez, eta horregatik aipatu nuen tesian etengabe justifikazioak ematen ibili behar izatea. Baina ez nuke munduko hiritar izan nahi, inondik inora.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.