Euskaraz, gazteleraz eta ingelesez jakiteari garrantzi handia ematen diote herritarrek: %70entzat, oso garrantzitsua da. «Hiru kasuetan». Hala azaldu zuen atzo Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak Euskararen gaineko jarreren eta iritziak ikerketako ondorioetako bat. Txostenak dioenez, hiztunek ez dituzte hizkuntzak kontrajartzen: «Ez da bata edo bestea, baizik guztiak; bakoitza bere rolarekin», azaldu zuen sailburuordeak. Elebakartasuna «iraganeko aukera zaharkitua» dela uste du.
Inkestaren zuzendari Iñaki Martinez de Lunak azaldu zuen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren %75 ez direla sekula hizkuntzagatik diskriminatuta sentitu. Diskriminazioa «hizkuntzen inguruan hitz egitean azkar erabiltzen den lelo bat» dela iritzi dio. Hizkuntzaren arabera sailkatuz gero, ordea, hiru euskal hiztunetatik bat sentitu da noizbait hizkuntza arrazoiengatik baztertua. Erdal hiztunen kasuan, kopurua bost pertsonatik batera murrizten da.
Euskararekiko interes urria eta apurra dutenak batuz gero, %30 dira, eta hori ikusita, herritarrek «euskararen sustapena gizartean oso onartua» dagoela azaldu du Baztarrikak: «Sustapen hori helburu kolektibo bezala ulertzen dute herritarrek, eta ez helburu indibidual gisa».
Atzerritarren kasua aztertuz gero, %57k interes handia edo oso handia erakusten dute euskararekiko. Bertan jaio eta guraso etorkinak dituztenen %52k, berriz, erakutsi dute halako interesa.
Hizkuntza eta bizikidetza
Txostenaren ondorioak «orokorrean» ontzat jo ditu Baztarrikak, inkestatuek euskararenganako duten interesa handia dela adierazten duten datuei erreparatuz (%69k azaldu dute hori). Ondorio positibo horiek «bizikidetza harmoniatsua lortzeko» tresna direla azpimarratu du sailburuordeak.
Txostenak etorkizuna lantzen duen atalean, inkestatuen gehienek diote bai euskaraz eta bai gazteleraz egin beharko litzatekeela eta euskaraz orain baino gehiago (%55ek). Baita ahalegina egin beharko litzatekeela ere euskara eta gaztelera maila berean egon daitezen, eta ez bata bestearen gainetik (%75ek dute iritzi hori). Hizkuntza desberdinetako hiztunen arteko errespetua hobesten duten datuak azpimarratu ditu Baztarrikak. «Bistakoa da euskal gizartean bizikidetza lehenesten dela, eta elebakartasunari bizkarra ematen zaiola». Etorkizunean euskaraz bakarrik egin beharko litzatekeela uste dutenak %13 dira, eta %2 etorkizuna gazteleraz soilik irudikatzen dutenak.
Errespetuaren ildoa oinarritzat hartuz, hizkuntza hautatzeko askatasunaren alde egin du Baztarrikak, «herritar guztien hizkuntza eskubide guztiak» berma daitezen: «Euskal hiztunek onartu behar dute erdaldun askok euskaraz ikasteko dituzten zailtasunak; eta erdal hiztunek euskaraz nonahi eta edozertarako erabiltzeko zilegitasuna».
Azterketa zabal baten parte
Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak legealdi hasieran aurkeztu zuen lan programaren barruan, martxan jarri zuten EGOD euskararen gaineko oinarrizko diskurtsoaren lanketa aztertzeko ikerketa bat. Atzo aurkeztutako inkesta azterketa horren parte bat da. Prentsaurrekoan aurreratu zuen Patxi Baztarrikak datorren astean aurkeztuko dituztela EGOD egitasmoaren ondorioak.
Euskal hiztunen herenak sentitu dira diskriminatuak, eta bost erdaldunetik bat
Euskararen gaineko jarreren inguruan ikerketa aurkeztu du Jaurlaritzak.Elebakartasuna iraganeko aukera zaharkitutzat jo du Baztarrikak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu