Euskal Hirigune Elkargoa gainditzeko bideari ekin diote

EH Baik azaro bukaerarako onartuko du Ipar Euskal Herriko instituzio berriaren proposamena. Batera plataforma berpizteko bilkurak abiatu dituzte.

Estatus bereziko lurralde elkargo baten aldeko protesta, 2013ko ekainean, Baionan. GAIZKA IROZ
Estatus bereziko lurralde elkargo baten aldeko protesta, 2013ko ekainean, Baionan. GAIZKA IROZ
Ekhi Erremundegi Beloki.
2024ko urriaren 20a
05:00
Entzun

Ipar Euskal Herrian ere mahai gainean dago estatus politiko berri batera iragateko gogoeta. Horri buruz lan egiten hasi dira talde eragile batean baino gehiagotan. EH Baik azaro bukaeran egitekoa duen biltzar nagusian adostu beharra du instituzio berriaren aldeko proposamena, eta Batera plataforma berpizteko bilkurak ere abiatu dituzte. Jean Rene Etxegarai Euskal Higune Elkargoko lehendakariak ere gogoeta abiatzeko borondatea agertu zion BERRIAri iazko udazkenean. Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalearen argazki bat atera zuen Bagira prozesuan ere instituzionalki urrats gehiago egiteko beharra azpimarratu zuen gehiengo batek. 2026ko herrietako hauteskundeei begira eztabaida mahai gainean ezarri nahi lukete eragileek.

Iaz Hazparnen (Lapurdi) egin zuten biltzar nagusian, EH Baiko kide gehienek bat egin zuten instituzio berri bat lortzea ondoko urteetako lan ardatz nagusietako bat izan zedin. Ikasturte hasieran, ezkerreko abertzaleek adierazi zuten azaroaren 23an egingo dutela aurtengo biltzar nagusia, «estatus politikoaren proposamena eta programa politikoa» onartzeko asmoz. Urte bukaerarako aurkeztu behar lukete instituzio berriaren proposamena. Iaz adierazi zuten garaian babes zabala eskuratu zuen estatus bereziko lurralde elkargoaren pista lantzen ari zirela, besteak beste, baina atea zabalik utzi zieten bestelako aukerei ere. 2026ko bozetan, Ipar Euskal Herriaren instituzio bilakaeraren alde diren ahalik eta hautetsi eta auzapez gehien lortu nahi dute.

2002an sortu zen Batera plataforma Ipar Euskal Herrian, eta hark eraman du urteetan aitortza instituzionalaren gaia. Euskal Hirigune Elkargoa sortu ondotik ere gogoetak eraman zituzten bilakaera instituzionalari buruz, baina azkenaldian lokarturik dago egitura. EH Bairen helburua da Ipar Euskal Herriko eremu politiko, sozial, sindikal eta kulturaleko eragile zerrenda zabal batekin adostasun bat iristea, instituzioaren aldarria elkarrekin egiteko. Gaur egun, Bateraren egitura osatu zutenen arteko bilkurak egiten hasiak dira berriro; oraindik ez da jakina elkarguneak zer forma hartuko duen.

Parisen baiezkoa

2017ko urtarrilean osatu zuten Euskal Hirigune Elkargoa; Ipar Euskal Herria bere osotasunean hartzen duen lehen erakunde publikoa izan zen. Lapurdiko, Behe Nafarroako eta Zuberoako 158 herriko etxeak biltzen dituen mankomunitatea da, funtsean, eskumen politiko mugatuak dituena. Hasierako egituratze fasearen ondotik, hiru lurraldeetarako politika publikoak martxan ezarri ditu azken urteetan, baina desoreka eta muga bat baino gehiago ere erakutsi ditu, eskumenetan, aurrekontuan eta gobernantzan, besteak beste. Gaur egungo koadroa gainditu eta botere gehiago izanen lukeen erakunde bat eraikitzearen aldeko ahotsak ugaritu dira azkenaldian.

Izan ere, emaitza Euskal Hirigune Elkargoa izan bazen ere, prozesuaren hasieran ez zuen hori defendatzen Ipar Euskal Herriko gehiengo politiko eta sozialak. Urteetako aldarrikapena izan da hiru lurraldeak barnean bilduko zituen instituzio baten sorrera. Autonomiaren eta departamenduaren aldeko kanpainen ondotik, 2010etik aitzina estatus bereziko lurralde elkargo baten aldeko jarrera nagusitu zen. Horren alde egin zuten Ipar Euskal Herriko hautetsien kontseiluak, Batera plataformak, ekonomia alorreko ganberek, eta alderdi politiko, sindikatu eta arlo anitzetako eragileek; 2014ko urrian izenpetu zuten Baionako Adierazpenean ere, koadro hori adostu zuten.

Mobilizazio andana izan ziren, eta hautetsien ordezkaritza bat Frantziako Gobernuarekin bildu zen Parisen. 2014ko hauteskundeetan, aldarrikapen horren inguruko eztabaida nagusi izan zen aurkeztu ziren zerrenden artean. Baina, azkenerako, Ipar Euskal Herriko gehiengo sozialaren eskaerari uko ezin zion Manuel Valls lehen ministroa buru zuen gobernuak. Hortik iritsi zen hirigune elkargoa sortzeko aukera. 

Ikusteko dago zer aldarrikapen nagusitzen den oraingoan, baina edozein izanik ere, Frantziako Gobernuaren adostasuna beharko du, eta litekeena da hondarrean Frantziako Asanblean lege bat bozkatu behar izatea. Ipar Euskal Herriko eragileek ezarriko duten indar harremanak baldintzatuko du partida.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.