Estatus politikoaren inguruko eztabaida betean, euskal herritar gehienak ez datoz bat Espainiako eta Frantziako egungo lurralde antolaketarekin. Hala ondorioztatu daiteke Naziometroaren seigarren neurketari erreparatuta. Izan ere, inkestaren emaitzen arabera, euskal herritarren %60,9k nahiago dute autonomia zabalagoko antolaketa eredu bat edo erabakitzeko eskubidea onartuko duen bat. Gainera, azken inkestetako joerak bere hartan dirauen arren, apur bat gora egin du euskal estatu baten aldeko jarrerak: erreferendum «ofizial eta onartu bat» egingo balitz, herritarren %35,2 egongo lirateke estatu berri bat osatzearen alde, eta %26,8 kontra.
Ikusi gehiago
Autogobernuan sakontzeko bidean, euskal herritarren herenek (%32,5) nahiago lukete «erabakitzeko eskubidea aitortzen duen estatu batean» bizi. Gainera, aukera horrek ia bost puntu egin du gora iazko Naziometroa egin zenetik, eta, gorakada horren ondorioz, gainditu egin du orduan lehen aukera izan zena: «Eskumen gehiago edo autonomia handiagoa duten erkidegoz edo lurraldez osatutako estatua».
Lehena igotzea, baina, ez da bigarrena jaistearen ondorio, autonomia handiagoko erkidegoen aldekoak %28,4 baitira, iaz baino bi puntu gehiago. Kontrara, behera egin dute egungo ereduari eustearen aldekoek ─%21,9tik %18,9ra─ eta eredu zentralizatuago bat nahiko luketenek ─%12,1etik %9,5era─; iaz goia jo ostean, bien arteko batura Naziometroak inoiz jasotako apalena da.
Halere, datuak lurraldez lurralde aztertuta, autogobernu handiagoaren aldeko jarrera errotuago dago EAEn eta Ipar Euskal Herrian. Galdetegia erantzun duten EAEko herritarren %62,7 dira erabakitzeko eskubidearen edo eskumen gehiagoko erkidego baten aldekoak, eta Ipar Euskal Herrikoen %69,8. Nafarroaren kasuan, berriz, %49,5 dira. Lurralde hartan, herritarren %15,6 daude sistema zentralizatuago baten alde, eta %22,1ek egungoari eutsiko liokete.
Era berean, euskal herritar gehienek uste dute Euskal Herriak bere etorkizun politikoa erabakitzeko eskubidea duela. Eremu administratibo bakoitzari dagokionez, euskal herritarren %62,2k uste dute Nafarroak horretarako eskubidea duela, eta %60,9k uste dute EAEk duela. Ipar Euskal Herriaren kasuan ere, herritarren erdiak baino gehiago (%54,9) dira horren aldekoak.
Lurralde batetik bestera, baina, eskubide horren inguruko interpretazioak aldatu egiten dira. Esaterako, galdetegia erantzun duten arabar, bizkaitar eta gipuzkoarren artean nabarmenagoa da EAEk eskubide hori izatearen aldeko jarrera Nafarroak izatearen aldekoa baino. Kontrara, galdetegia erantzun duten nafarren ehuneko ia bera dago Nafarroari eta EAEri erabakitzeko eskubidea aitortzearen alde. Adinari dagokionez, berriz, erantzun duena zenbat eta gazteago izan, handiagoa da erabakitzeko eskubidearen aldeko jarrera.
Erreferendum adostua
Euskal herritar gehienek (%53,9) uste dute Espainiako eta Frantziako gobernuek onartu egin beharko luketela afera horren inguruko erreferendum bat egitea, Eusko Legebiltzarrak, Nafarroako Parlamentuak eta Euskal Hirigune Elkargoak hala adostuz gero. Kontrakoa uste dutenak %20,1 dira. Gainera, iaztik 1,3 puntu egin du gora erreferenduma onartzearen aldeko jarrerak, nahiz eta beste urte batzuetako kopuruetatik urrun samar egon. Afera horretan, baina, gora egin dute erdibideko jarrerek ere; hau da, abstentzioaren eta galdera ez erantzutearen alde egin dutenek.
Eta euskal estatuari buruzko erreferendum «ofizial eta onartu» hori egingo balitz, haren aldeko hautua nagusituko litzateke, Naziometroaren arabera. Herritarren %35,2k egingo lukete euskal estatuaren alde, %26,8k kontra eta %17,4 abstenitu egingo lirateke. Beraz, herritarren bosten baten asmoa argitzeko legoke.
Halere, bada aldea euskal estatu baten aldeko joeraren eta independentzia nahiaren artean. Izan ere, azken neurketetako joerari eutsi zaio, eta euskal herritarren laurdenak (%25,6) soilik daude independentziaren alde, eta %43,4 kontra. Hain zuzen, alde hori «interpretatzen laguntzeko» asmoz, Naziometroak beste hiru galdera txertatu ditu azken inkestan.
Gakoetako bat da euskal estatuaren alde baina independentziaren kontra daudenen bi hereni independentismoa ez zaiela «erakargarri» egiten, eta erdiek baino gehiagok (%53,7) ez dutela «ezinbestekotzat» jotzen euskal estatua edo ez, behintzat, hura «edozein modutan erdiestea». Halere, bi herenek (%66,8) haren alde egingo lukete, «horrek gatazkarik sortzen ez badu».
Izan ere, Etxenikek azaldu duenez, bi hipotesirekin egin dute lan azken urteetan. Batetik, independentismoak baduela «identitate kutsu bat», eta haren inguruko proiekzioak ez direla beti positiboak. Bestetik, independentismoa «gatazka politikoarekin» lotzen dela. Hala, teknikariak uste du erantzunek hipotesi horiek indartzen dituztela.
Naziometroak 1.422 inkesta egin zituen apirilean eta maiatzean Euskal Herri osoan; 601 Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, 391 Nafarroan eta 430 Ipar Euskal Herrian.