Euskal Herrira itzultzeko baimena ukan du Bidartek

Baigorrira itzuliko da Filipe Bidart; han baldintzapeko askatasunean izanen da oraino 22 hilabetez

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2012ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Filipe Bidart Iparretarrak erakundeko kide eta preso ohiak Euskal Herrira itzultzeko baimena jaso du. Epaiaren berri eman zuen Parisko Dei Auzitegiak atzo arratsaldean. Hori dela eta, sorterrira, Baigorri herrira (Nafarroa Beherea) itzuliko da bizitzera. Han, oraindik hogeita bi hilabetez egon beharko du baldintzapean aske.

Nahiz eta martxoaren 29an epaileak jada herrira itzultzeko baimena eman, fiskalak berehala dei egin zuen baimena baliogabetuz. Maiatzaren 15ean aztertu zuten berriro Bidarten eskaera Dei Auzitegian. Eskaera errefusatzea, «printzipiozko afera bat» dela zehaztu zuen orduan prokuradoreak. «Fiskalak egiazko argumentu juridikorik ez izatea» gaitzetsi zuen Filipe Aramendi abokatuak. Hark, eskaera juridikoki aztertzea eskatu zion, haatik, epaileari. Bidarten eskaera onartu du epaileak, herrira itzultzeko baldintzak beteak dituela ondorioztaturik.

1988an sartu zuten preso, eta, hainbat aldiz baldintzapean aske uztea errefusatu ondoan, 2007an eman zioten kalera ateratzeko baimena. Ordutik Beziers hirian bizi zen baigorriarra, baldintza pean.

«Urte luzeetako jazarpena»

«Urte luzeetako jazarpen politikoa» gaitzetsi izan du behin baino gehiagotan Filipe Aska sostengu komiteak. Azkenik, apirila hastapenean egindako prentsaurrekoan gogor salatu zuten prokuradorearen helegitea.

Ondoan ukan zuten hautetsi talde bat, haiek ere Bidarten herriratzea exijitzen zutela. AB, Batasuna eta EA alderdi abertzaleetako kideek ez ezik, ezkerreko NPAko, Europe Ecologie Berdeak taldeko, Alderdi Sozialistako zein zentroko hautetsiek ere zioten elkartasuna erakutsi. Besteak beste, Frantxua Maitia eta Alice Leizagezahar eskualdeko kontseilariak, Jean-Jacques Lasserre senataria, Alain Iriart kontseilari nagusia eta Jean-Mixel Galant auzapeza ziren tartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.