Otsailean hasi zen Ukrainako gerra, eta, ordutik, 3.000 ukrainar baino gehiago etorri dira Euskal Herrira. Orain, gerra hasi eta bi hilabetera, errefuxiatuak pixkanaka hasi dira euren herrialdera itzultzen. Eusko Jaurlaritzak joera hori baieztatu du, baina, BERRIAri adierazi dionez, «ezinezkoa» da jakitea zenbat lagun bueltatu diren Ukrainara.
Azkenaldian, gerra Donbassen eta Ukraina hego-ekialdean zentralizatu da gehien bat, eta litekeena da iheslariak erasoalditik kanpo gelditu diren herrietara itzultzea. Jaurlaritzaren ustez, «zentzuzkoa» da ukrainarrek euren herrietara itzuli nahi izatea, «gehienek» asmo horrekin egin baitzuten ihes.
Nafarroako Gobernuak joan den astean jakinarazi zuenez, 1.200 ukrainar inguru etorri dira Nafarroara. Jaurlaritzak emandako datuen arabera, Arabara, Bizkaira eta Gipuzkoara 2.000tik gora iritsi dira, eta, horietatik, 422 haur eskolatu dituzte.
Vladimir Putin Errusiako presidenteak otsailaren 24an hasi zuen Ukrainaren aurkako gerra, eta dagoeneko ia 5,4 milioi lagunek egin dute ihes herrialdetik, UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren arabera. Poloniak hartu ditu Ukrainako errefuxiatu gehien: ia hiru milioi lagun; Errumaniak 810.000 hartu ditu; eta Errusiak, 656.000. NBE Nazio Batuen Erakundeak adierazi duenez, gerrak 8,3 milioi iheslari eragin ditzake.