Energia

Euskal Herriko zentral eolikorik handienetakoa egin nahi dute Goizueta eta Hernani artean

Sustrai Erakuntzaren arabera, proiektua enpresa pribatu batena da, eta Madrilen ari dira tramitatzen. BERRIAk jakin duenez, gauzatuko balitz, Euskal Herrian egindako zentral eolikorik handienetako bat litzateke, 100 megawatt inguruko potentziako proiektu bat baita.

Parke eoliko bat Valtierran (Nafarroa). IBERDROLA
Ion Orzaiz - Iñaki Petxarroman
2023ko apirilaren 19a
10:49
Entzun

Goizueta, Arano (Nafarroa) eta Hernani (Gipuzkoa) herrien artean parke eoliko handi bat eraiki nahi dutela jakinarazi du Sustrai Erakuntza fundazioak. Elkarte horren arabera, enpresa pribatu bat ari da proiektua sustatu nahian –ez dute zehaztu zein–, eta Nafarroako eta Gipuzkoako lur eremu handi bati eraginen dio. Fundazioak gehitu du proiektua Madrilen ari direla tramitatzen, «azpiegituraren tamainagatik eta bi autonomia erkidegori eraginen dielako».

BERRIAk jakin duenez, eraikiko balute, inoiz Euskal Herrian egin den egitasmo eolikorik handienetako bat litzateke Urumea ibarreko mendietan paratu nahi duten hori, 100 megawatt inguruko potentziako instalazioa bailitzateke. Orain arte eraiki dituzten zentral eolikorik handienak 50 megawattetik beherakoak dira.

Kasu honetan, Espainiako Gobernua ari da egitasmoa tramitatzen, eta enpresak jada eskatua du eskubidea sare elektrikoarekin lotzeko, eta, aldi berean, berme batzuk jarri ditu proiektua sustatzeko. Hurrengo pausoa proiektua garatzea eta jendaurrean aurkeztea litzateke. Esanguratsua da egitasmoa jarriko litzatekeen udalerrietako ordezkariek ez dutela haren inguruko informaziorik jaso oraindik, ez Hernanin, ez Aranon, ez Goizuetan.

Sustrai Erakuntzak ohar batean salatu duenez, parke eoliko handi hori diseinatzeko tenorean ez dute «plangintza demokratikorik» egin, eta ez dituzte «gizartearen premiak» aintzat hartu: «Nola antolatu eguneroko joan-etorriak, nola arindu eta ordezkatu nekazaritzako eta abeltzaintzako industria eredua, nola sustatu lurraldeen arteko oreka handiagoa, nola birplanteatu industria eredua, nola hartu enplegua eta erreprodukzio lanak banatzeko neurri erradikalak, eta hori guztia biodibertsitatearen eta gure ekosistemen zaintza eta babesa integratuz».

Nafarroan martxan jarritako proiektu energetikoen balantzea «kezkatzeko eta larritzeko modukoa» dela gaineratu dute oharrean. «Era desordenatuan hedatu dituzte, eta, horren ondorioz, laborantzako eta biodibertsitateko milaka hektarea galtzen ari dira». Adibidetzat jarri dute Adios herrian eraiki nahi duten parke fotovoltaikoa: «Horrek ekarriko du laborantzarako lursail gehienak okupatzea. Horrez gain, baimendu egin dira egun instalatuta dagoen potentzia halako bi izango duten proiektuak. Urtez urte beherantz doa Nafarroako kontsumo elektrikoa, baina, hala ere, eutsi egin zaio energia fosilen kontsumoari, eta CO2 gasen emisioa handitu da».

Proiektu horiei guztiei «galga» jartzeko galdegin du Sustrai Erakuntzak, «arriskuak era kritikoan aztertzeko». Salatu du, hala ere, Nafarroako Gobernua «miopia energetiko eta klimatikoak jota» dagoela, eta «multinazional elektrikoak elikatzen» dituela, «isiltasunak eta eztabaida politikorik ezak lagunduta, eta gizartearen interesen eta lurraldearen jasangarritasunaren aurka».

Energia berriztagarriei lotutako makroproiektuak «krisi globalari aurre egiteko alferrikakoak» izateaz gain, «gizartea amildegiaren ertzean jarriko duten konponbide faltsuak» direla nabarmendu du fundazioak: «Etekinen bilaketa eroa, baliabideen kontrolaren aldeko gerra ekonomikoak, herriei behar energetikoak kudeatzeko subiranotasuna ukatzea, oligopolioen botereari eustea, tokiko nekazaritza eta abeltzaintza suntsitzea, planetaren muga biofisikoak ez errespetatzea... Hori guztia ikusita, lanean jarraitzea eta mobilizatzea besterik ez zaigu geratzen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.