ZIGOR EPAIA JASOTAKO KASU NAGUSIAK
URRALBURU. Lehendakari ohi bat kartzelara
Politikoki, bederen, Euskal Herrian izandako kasurik larriena izan da Gabriel Urralbururena: epaiaren arabera, Nafarroako Gobernuko lehendakari zela legezkoak ez ziren komisioak jaso zituen, eta Lurralde Auzitegiak 11 urteko kartzela zigorra eta 780 milioi pezetako isuna ezarri zizkion 1998an.
1984-1991 artean izan zen lehendakari Urralburu (PSN), eta azkeneko legealdian egin zuen delitua. Eraikuntzako zortzi enpresari lan publikoak esleitzearen truke jaso zuen dirua, modu irregular batean. Nafarroako auzitegiak Antonio Aragon 1987-1991n Herrilan kontseilari izana (zazpi urteko kartzela), Urralbururen emazte Olivia Balda (hiru urte), Aragonen emazte Ana Isabel Romero (hiru urte), Luis Roldan Guardia Zibileko buru ohia (hiru urte) eta Jorge Esparza (lau urte) ere zigortu zituen.
2001eko martxoan Espainiako Auzitegi Gorenak jaitsi egin zizkien zigorrak. Urralbururi, kasurako, lau urtera, eta Iruñeko espetxean sartu zuten. Urte bereko abenduan hirugarren gradua eman zioten, eta 2003ko abuztuan, baldintzapean aske utzi zuten.
OSAKIDETZA. Oposizioetan tranpak egiten
PSE-EE nahastu zuen auzia izan zen Osakidetzakoa. Hark Jaurlaritzan Osasun Sailaren ardura zuela, Osakidetzan sartzeko 1990eko azterketetan iruzur egitea egotzi zien lau kide sozialistari Arabako Lurralde Auzitegiak, 1998an. Sei urte eta erdiko kartzela ezarri zien Mario Gonzalez Osakidetzako orduko zuzendari nagusiari, Pedro Perez Kudeaketa Ekonomikoko buruari eta Jose Angel Martin teknikariari, eta seikoa Pablo Sastre informatikariari —urtebetekoa, azterketen enpresa zuzentzailearen arduradun Francisco Javier Abasolori—. 2001ean zigorra berretsi egin zuen Auzitegi Gorenak, baina lau haiek urte berean gobernuari indultua eskatu zioten. Madrilek erabakia hartu artean libre segitu zuten. 2007an etorri zen erabakia, gobernuan PSOE zegoela: indultua.
1990eko oposizio publikoetan 2.500 lanpostu zeuden jokoan, eta 50.000 lagun aurkeztu ziren. Epaileek lau haiei egotzi zieten PSE-EEko eta UGT sindikatuko militanteei azterketako edukien berri eman zietela aurretik, postuak bereganatzeko erraztasunak izan zitzaten.
IRUNGO OGASUNA. Zerga biltzailea dirua lapurtzen
Euskal Herriko ustelkeria kasu garrantzitsu bateko azken epaia da Irungo Ogasunekoa. Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak (2012an) eta Auzitegi Gorenak (2013an) ebatzi zuten Jose Maria Bravo Irungo bulegoko zuzendari ohiak herrialdeko Ogasunarekin zorrak zituztenei diru kopuru bat eskatu ziela, zorra kitatu, gutxitu edo ordaintzeko gai ez zirela argudiatzeko. Hala, 1,9 milioi euro eskuratu zituen, eta Ogasuna 8,1 milioi jaso gabe geratu zen. Diru publikoa bidegabe erabiltzea, dirua zuritzea, prebarikazioa eta ondasunez jabetzea egotzi zion auzitegiak, eta 11 urteko espetxe zigorra ezarri. Gorenak hamarrera jaitsi zion. Haren emazte ohi Rosa Cobosi hiru urte pasako zigorra ezarri zioten, laguntza emateagatik, eta Gorenak urtebete murriztu zuen.
Era berean, 1,9 milioi euroko kalte-ordaina eman beharko zion Bravok aldundiari, eta bi milioi euroko isuna jarri zioten. Soto del Real kartzelan sartu zuten, 2012an. 1990-2004 artean izan zen Irungo Ogasuneko zuzendari. EAJ zegoen orduan Gipuzkoako Aldundian sail hartako agintean.
BILBOKO GUGGENHEIM. Finantzaburua museotik sosak ateraz
Bilboko Guggenheim museoa izan da azken hamarkadetan Euskal Herriko kultur azpiegitura nagusia —1997an ireki zuten—, eta urtero milioi bat bisitari hartzen ari da. Badu izena. Baina izan du, halaber, ustelkeria kasu bat: duela bost urte Bizkaiko Lurralde Auzitegiak, bidegabeko jabetza eta merkataritza arloko agirien faltsutzea leporatuta, hiru urte eta erdiko kartzela zigorra jarri zion Roberto Zearsolo museoko Administrazio eta Finantza zuzendari ohiari. Fiskalak, akusazioak eta defentsak hitzartu zuten zigorra. Museoaren jabe dira erakunde publikoak.
1998tik 2005era ia milioi erdi bat euro ostu zituela aitortu zuen Zearsolok Bilboko Epaitegiko epailearen aurrean, baina Guggenheimetik kanpoko enpresa batek egindako ikuskaritzaren arabera, 556.482 euro ebatsi zituen. Hala jaso zuen epaiak, eta sententzia izan zenean 437.900 euro bueltatuak zituen. Internet bidez egin zituen diru transferentzia ugari, eta beste asko, Juan Ignacio Bidarte museoko zuzendariaren sinadurafaltsututa. Txekeen bidez atera zuen dirua.
GALIPIENZO.
2003an egin zuen eztanda kasuak. Ignacio Galipienzo Eguesibarko alkateak (UPN) eskola erabilerarako zoru batean aparthotel bat eraikitzeko baimena eman zion enpresa bati. Atzean Aricam taldea zegoen, eta Galipienzok harentzat egiten zuen lan. Partaidetza zuten Nafarroako Kutxak eta Emilio Izquierdo Industria zuzendari ohiak. 2009an egin zuten epaiketa, eta zigortu bakarra egon zen: Galipienzo; urtebeteko espetxe zigorra.
JUAN RAMON IBARRA.
Juan Ramon Ibarra Bizkaiko Aldundiko (EAJ) Ogasuneko Ikuskaritza arduradun izanari lau urte eta erdiko kartzela ezarri zion 2013an Auzitegi Gorenak, berrehun zergadun baino gehiagori agiri faltsuen bidez lagundu ziela egotzita. Iazko otsailean sartu zen espetxean, Basaurikoan; bi hilabetera hirugarren gradua lortu zuen.
EPSILON EUSKADI.
Erakunde publikoek 50en bat milioi euro eman zizkioten Epsilon Euskadi 1 Formulako ametsa zuen autogintza egitasmoari. Gasteizko Epaitegiak 2013an Joan Villadelprat Epsiloneko administratzailea zigortu egin zuen, porrot ekonomikoa zela eta: hiru urteko inhabilitazioa eta 900.000 euroko isuna.
-------------------------------------------------------------------------------
EPAITEGIETAN IKERKETA FASEAN EDO AUZIBIDEAN
CAN. Iruñeko Epaitegiak CAN Nafarroako Kutxako dieten auzian UPNko lau agintari inputatu zituen: Miguel Sanz, Alvaro Miranda, Enrique Maia eta Yolanda Barcina. Gorenak atzera bota zuen kasua. Kutxako ustezko delitu sozietarioen eta inbertsioen atal nagusia Auzitegi Nazionalak hartu du eta, berriki, Enrique Goñiren eta Sanzen ondareak ikertzeko agindu du.
Cabieces. Cabieces auziko inputatu Mikel Cabieces Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari ohiak, Mario Fernandez Kutxabankeko zuzendari ohiak eta Rafael Alkorta abokatuak apirilaren 16an deklaratuko dute Bilboko Epaitegian. Cabiecesek 243.000 euro eman zizkion Kutxabankek. Fernandezek azaldu du 2012an PPko buru batek eskatu ziola hari "irteera profesional bat" topatzeko, eta ETAren kontrako borrokan aritutako jende gehiagorekin ere hala jokatu izan dela.
Urtxuegia. Ana Urtxuegia Lasarte-Oriako alkate ohiak (PSE), prebarikazioa eta diru publikoa bidegabe erabiltzea egotzita, asteotan inputatu gisa deklaratuko du Donostiako Epaitegian. Somoto herriari (Nikaragua) garapenerako 2000-2010 artean udalak 2.112.505 euro eman izanak piztu zituen susmoak.
De Miguel. Roberto Ramos Gasteizko Epaitegiko epaileak joan den asteartean 26 pertsona inputatu zituen De Miguel auzian, 11 delitu leporatuta: prebarikazioa, eroskeria, dirua zuritzea, funts publikoak bidegabe erabiltzea edota konkurtso publikoetan prezioak eraldatzea. Inputatuen artean EAJko hogei kargu ohi daude: Alfredo de Miguel ABBko kide ohi eta Arabako Tokiko Administrazioetarako diputatu ohia, Aitor Telleria ABBko kide ohia... Helegitea sartzeko aukera dute. Epaileak laster erabaki dezake ahozko epaiketa ireki ala ez.
Hiriko. Josu Izagirre Arabako fiskal nagusiak Hiriko ibilgailu elektrikoaren proiektuan diru publikoa beren mesedetan erabili izana leporatu zien otsailean sei laguni. Haien artean dira Jesus Etxabe enpresaburua eta Iñigo Antia EAJko kargu ohia. EITBk sortu zuen enpresa, 2005ean. Porrot egin zuen.
Bidegi. Bidegi Gipuzkoako errepideak kudeatzeko enpresako auziko hiru inputatuek aste honetan Azpeitiko Epaitegian deklaratu dute: Agustin Zugasti zuzendari tekniko ohiak, Juan Bautista March obra zuzendariak eta Laurena enpresako buru Ivan Fernandez de Landak. Agiriak faltsutzea eta diru publikoa bidegabe erabiltzea egotzi diete. EAJk dio kasua ez dela «egiazkoa».
Gurtel. Pablo Ruz Auzitegi Nazionaleko epaileak hil hasieran amaitu zuen Gurtel auziko zati nagusiaren ikerketa, eta 40 pertsona auzipetu zituen, PP legez kanpo finantzatzea leporatuta. Ikerketaren beste partean PPren Bilboko egoitzaren ustezko finantzaketa irregularra dago.
Balentziaga museoa. Administrazio publikoek Getariako (Gipuzkoa) Balentziaga museoa abian jartzeko
jarritako dirutik 2000-2007 artean 1,2 milioi lapurtzea egotzita, hiru inputatu daude: Mariano Kamio alkate ohi (EAJ) eta museoko elkarte sustatzailearen arduradun ohia, eta Julian Argilagos eta Rolando Paciel arkitektoak. Gipuzkoako Fiskaltzak irailean Kamiorentzat eskatu zuen zigorrik handiena: zortzi urte eta erdiko kartzela eta 2,2 milioi itzultzea, bidegabeko jabetzea, merkataritza agirien faltsutzea, kudeaketa desleiala, delitu sozietarioa eta diru publikoa bidegabe erabiltzea leporatuta. Argilagosi lau urteko kartzela eskaera egin dio; Pacieli, 3.600 euroko isuna.
Marie. Artean berekin loturiko ustelkeria kasua argitu gabe zela hil zen Bernard Marie Miarritzeko auzapez eta diputatu ohia, otsailean. Michele Alliot Marie alabarekin batera Parisko hiru epailek zuten jomugan, dirua bidegabe erabiltzea leporatuta. 2013an zabaldu zen ustezko ustelkeria: aitaren onuran arituz «karguaz baliatzea» leporatu
zioten Alliot Marieri. Frantziako Justizia eta Barne ministro ohi izateaz gain, Donibane Lohizuneko auzapeza ere bazen Marie alaba, eta, inkestaren arabera, berrehun mila euro desbideratu zituen haren aita abea zen Xantako hotelera. Justuki, luxuzko hotel horren eta Turismo Bulegoarekin lotutako elkarte baten arteko —elkartearen burua ere Marie aita zen— lotura ikertzen aritu da Polizia. Elkarte horrek eta Miarritzeko Herriko Etxeak hitzarmen bat zuten.
----------------------------------------------------------------------
PRESKRIBATUTAKO AUZI NAGUSIAK
TXANPON MAKINAK. "Saltsa bat gutxiago". 1990eko hamarkadan ezagun egin zen txanpon makinen auzia, tartean jarri baitzuten EAJ, makinen lizentzien salmenten bidez alderdia legez kanpo finantzatzea egotzita. 2001ean ahozko epaiketa egin zuten, Bizkaiko Lurralde Auzitegian, eta epaileek kasua preskribatuta zegoela ebatzi zuten. «Saltsa bat gutxiago, susmo bat gutxiago», esan zuen Xabier Arzalluz EAJren EBBko buruak. Herri akusazioaren arabera, 1985-1989 artean Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak zortzi mila lizentzia modu irregularrean eman zituen, eta operazioak bost mila milioi pezetako balioa zeukan. Auzitegietan ezin izan zuten frogatu halakorik, ez eta EAJ handik finantzatzen zenik ere. Bi lagun epaitu zituzten: Josu Abrisketa eta Alfredo Peña Jaurlaritzako Joko Zuzendaritzako teknikariak, esleipenak emateko legezko dokumentazio falta leporatuta. Akusazioak 1996an sartu zuen dokumentazioari buruzko salaketa. Epaileek auzia preskribatu zuten, ikerketa hasi zenetik epaiketa abiatu zen arte bost urte baino gehiago igaro zirela ebatzita.
JAVIER OTANO. Beste presidente bat auzitan. Nafarroako gobernu historikoa osatu zuten 1995ean, lehen aldiz alderdi abertzale bat sartu zelako: EA. PSNk, CDNk eta hirurek akordioa lortu, eta Javier Otano sozialista jarri zen lehendakari. 11 hilabete baino ez zituen egin karguan, Suitzan diru kontu bat zeukala zabaldutakoan dimisioa eman zuelako. Han bukatu zen gobernu hura, UPNren mesedetan. Otanok aitortu zuen kontu hartako sinadura berea zela, baina esan zuen ez zuela sosik baliatu. Ustez, Gabriel Urralburu Nafarroako gobernuburu ohiak agindu zion firma botatzeko, dirua PSNren «beharretarako» zela adierazita. Nafarroako Lurralde Auzitegiak kasua preskribatu egin zuen, 2004an. Urralbururi eta Antonio Aragon Herrilan kontseilari ohiari leporatutako eroskeria delituak, eta beste sei akusatuei —tartean, Otanori— egotzitako estaltzaile delituak preskribatu egin zirela zioen auzitegiak, fiskalaren eta defentsen eskaerak aintzat hartuta. «Justiziak ez ditu eskularru zuridun lapurrak besteak bezala tratatzen», salatu zuen Jokin Elarreherri akusazioaren abokatuak.