Euskal Herriko Torturatuen Talde Sustatzailea aurkeztu dute, torturatuek aitortzarako bidea elkarrekin egiteko

Taldeak prozesuan parte hartzeko deia egin die torturak jasandako euskal herritar guztiei. «Kontakizun osoa» argitara eman behar dela nabarmendu dute.

Gaur eguerdian egindako aurkezpena, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Gaur eguerdian egindako aurkezpena, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Iosu Alberdi.
Bilbo
2024ko otsailaren 13a
13:30
Entzun

«Oso latza izan da», adierazi zien Joxe Arregik espetxeko lagunei, heriotza eragingo zioten torturak jasan ostean. Atznugal, idatzi zuen Patxi Xabier Arratibelek polizia deklarazioan, laguntza eske. Horiekin batera, baina, «horren ezaguterrazak» ez diren beste milaka «kasu, zenbaki, bizitza eta bizipen» daudela gogoratu dute Ixone Fernandezek eta Ainara Gorostiagak, hain zuzen, Arregiren heriotzaren 43. urteurrenean, Torturaren Aurkako Egunean. Biak ere torturaren biktimak dira, eta, gaur, mezu bat bidali diete halakoak sufritu dituzten euskal herritarrei: «Gure momentua da; aitortzaren garaia da». Horretarako aurkeztu dute Euskal Herriko Torturatuen Talde Sustatzailea, torturak jasandakoek «elkarrekin marrazteko aitortzaren eta erreparazioaren bidea».

Talde sustatzaileko kideek azaldu dute argitu gabe dagoela torturak zenbateko «tamaina, dentsitatea eta intentsitatea» izan duen Euskal Herrian, eta beharrezkoa dela errealitate hori «bere osotasunean» jasotzea: «Haren ondorio politiko, sozial, kultural eta gizatiarrak aztertu behar dira, baita gizarte gisa aitortzarako eta erreparaziorako bideak ireki ere». Horregatik, uste dute aitortza eskuratzeko urratsak egiteko garaia dela. «Gertatutakoaren kontakizun osoa plazaratzeko» garaia: «Guk bizitakoa, guri egin digutena aitortzekoa eta erreparatzekoa».

Bide horretan, gaurko aurkezpena «hasiera bat» besterik ez dela adierazi dute, eta helburu gisa jarri datorren urteko otsailaren 13an Euskal Herri osoko torturatuak bilduko dituen topaketa bat antolatzea. Horretarako, «torturatu orori» dei egin diote prozesuan parte hartzeko: «Akaso, askotan kontatu duzu egin zizutena, edota ez zara sekula gai izan inori kontatzeko. Baina, gure artean, horretarako lekua, babesa eta indarra edukiko duzu, bizitako horrek merezi duen aitortza lortzeko».

«Sufrimenduaren hari hori elkartasun sare» bilakatu nahi du talde sustatzaileak, «agente aktibo» bilakatzeko

Izan ere, Fernandezek eta Gorostiagak uste dute torturak jasan dituztenek badutela zer esana, eta Euskal Herriko Torturatuen talde sustatzailearen xedea dela prozesu bat abiatzea denen artean «sufrimenduaren hari hori elkartasun sare» bilakatzeko. «Agente aktibo» izateko: «Garrantzitsuena ez da egin zigutena, baizik egin zigutenarekin egiten duguna».

Torturak jasan dituzten herritarrak «adin, genero, lan edota herri askotakoak» direla azaldu dute talde sustatzaileko kideek, baina badela lotzen dituen «hari ikusezin bat»: «Kanpotik begiratuta lotura hori antzematen ez bada ere, sufrimenduaren hariak lotzen gaitu». Sarri, «hamarkada luzez barruan eta isilean» mantendu den sufrimendu bat, torturak jasan dituen lagun bakoitza «urte, hilabete, egun eta bizipen konkretu batera» eramaten duena: «Sentimendu eta zauri horiek gure barruko txokorik txiki eta itxienean gordeak ditugu». Horiek, azaldu dutenez, «ez baitira sekula ahazten», jasandakoa «latza, gogorra» izan baita.

«Sistematikoa»

Fernandezek eta Gorostiagak gogoratu dute tortura «sistematikoa» izan dela euskal gatazkan: «Metodo krudel eta lazgarria, sei hamarkada luzez erabat operatibo egon den sistema oso baten babespean». Horren erakusgarri, Kriminologiaren Euskal Institutuak 5.000 kasu baino gehiago erregistratu ditu Eusko Jaurlaritzarentzat eta Nafarroako Gobernuarentzat egindako ikerketetan, eta Euskal Memoria fundazioak ere 5.655 kasu ditu jasoak bere webgunean.

Sortuk, berriz, beste kopuru bat gogoratu du. Alderdi independentistak Nazio Batuen Erakundeko Torturaren Aurkako Batzordera iritsitako 5.379 kasuei ere egin die erreferentzia, tortura «sistematikoa» izan dela adierazteko: «Nork torturatu zituen? Non? Noiz? Zergatik? Zertarako? Galderak dira, baina erantzunetik ere badute». Hori ikusirik, Sortuk «aitortza, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak» eskatu ditu.

Torturaren Aurkako Egunaren harira, Gazte Koordinakunde Sozialistak ere indar egin du torturaren erabilera sistematikoan: «Langile mugimendu iraultzailearen mehatxuari aurre egiteko, behin eta berriz baliatu izan dute tortura burgesiak eta haren menpeko gobernuek». Hala, «militantziarako eskubide politikoen defentsa» eta «amnistiaren aldarria» egin du. Antzera Aske antolakundeak ere: «Independentziaren eta sozialismoaren bidean, Euskal Herriak amnistia!»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.