Euskal Herriko Torturatuen Sarera batzeko deia egin diete torturatu guztiei

Otsailaren 15ean egingo dute batzar eratzailea, Kursaalean. Talde sustatzaileak hogei batzar egin ditu azken hilabeteetan, eta zazpiehun torturatuk parte hartu dute horietan. Aitortza eskuratzeko lan egin nahi dute, «ahots propioa» izanik.

Euskal Herriko Torturatuen Talde Sustatzaileak egindako agerraldia, gaur goizean, Donostian. JON URBE / FOKU
Euskal Herriko Torturatuen Talde Sustatzaileak egindako agerraldia, gaur goizean, Donostian. JON URBE / FOKU
Iosu Alberdi.
Donostia
2025eko urtarrilaren 15a
11:55
Entzun

Euskal Herriko Torturatuen Sarearen nazio batzar eratzailea egingo dute otsailaren 15ean, Donostiako Kursaalean. Hala jakinarazi du gaur Euskal Herriko Torturatuen Talde Sustatzaileak, eraikin horren aurrean egindako agerraldian. Prentsaurrekoan, taldeko eledunek dei egin diete euskal gatazkaren barruan torturak pairatu dituzten guztiei, saretze prozesuaren «lehenbiziko mugarria» ezartzeko: «Konbentzimendu osoz diogu iritsi dela garaia gure herrian torturatuen aitortza publiko, sozial eta ofiziala lortzeko; garaia dela aitortzeko tortura modu sistematikoan erabili izan dela herri honen kontra».

Talde sustatzailearen bozeramaile Ainara Fresnedak eta Iker Araguasek azaldu dute aitortza eskuratzeko «berebiziko garrantzia» duela torturatuak «subjektu gisa» batzeak eta «ahots propioa duen sare gisa gorpuzteak». Eta gehitu dute bide horri ekiteko eta «indarra eta kemena erakusteko» baliatuko dutela otsailaren 15 goizean egingo duten batzarra.

Hain zuzen, xede horri heltzeko aurkeztu zuten Euskal Herriko Torturatuen Talde Sustatzailea iazko otsailaren 13an, eta ekainaren 26an, Torturaren Biktimen Aldeko Nazioarteko Egunean, talde horrek iragarri zuen Euskal Herriko torturatuak saretzeko «auzolan erraldoi bati» ekingo ziotela. Bidean, hogei batzar baino gehiago egin dituzte, eta guztira zazpiehun torturatuk baino gehiagok parte hartu dute horietan. Are, «itsasargi» gisa baliatu duten eredu bat ere izan dute: Nafarroako Torturatuen Sarea.

Halere, sarea are gehiago zabaldu nahi dute talde sustatzaileko kideek, eta, beraz, laguntza eskatu dute deia «ahalik eta torturatu gehienengana iritsi ahal izateko». Izan ere, uste dute «ahalik eta modu zabalenean» egin behar dela bidea, eta horretarako torturak pairatutako denak direla ezinbesteko. Uste dute eurek egin ezean ez duela beste inork egingo: «Torturatuontzat orain arte itxita egon diren aitortzarako eta erreparaziorako bideak zabaltzen lagundu nahi dugu».

«Zauriek hor diraute»

Fresnedak eta Araguasek gogoratu dute milaka euskal herritarrek sufritu dutela tortura Euskal Herrian: «Metodo krudel eta lazgarria, sei hamarkada luzez erabat operatibo egon den sistema oso baten babespean». Eta ondorengo belaunaldiei horren berri ematearen garrantzia nabarmendu dute: «Zer gertatu den argitzea zor zaie. Hori baita tortura desagerrarazteko modurik eraginkorrena».

Haien hitzetan, «zauriek hor diraute» torturak pairatu zituztenengan, eta horregatik ezinbestekoa da «zaintzaren esparruak» rol garrantzitsua izatea prozesuan: «Prozesu hori ahalduntze kolektiborako prozesu gisa erabiliz, elkarri lotzen gaituen sufrimenduaren hari hori elkartasun sare bihurtzeko, eta pairaturiko sufrimendua indar askatzaile bilakatzeko». Horretarako, Frresnedak eta Araguesek azaldu dute sarekideen elkarren artean eraiki beharko dituztela «elkar zaintzeko mekanismorik eraginkorrenak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.