Euskal Herriko Torturatuen Sareak aitortza eta erantzukizun publikoa eskatu ditu sorrera batzarrean

Torturak jasandako 900 lagun elkartu dira Kursaalean. «Erreparazio mekanismo integralak eraiki ahal izateko», beharrezkotzat jo dute gertatutakoari bere osotasunean heltzea.

Euskal Herriko Torturatuen Sarearen aurkezpena, gaur, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Euskal Herriko Torturatuen Sarearen aurkezpena, gaur, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Iosu Alberdi.
Donostia
2025eko otsailaren 15a
14:20
Entzun

Txiki geratu da Donostiako Kursaaleko aretoa. 900 lagun inguru. Torturak jasandako 900 euskal herritar. Lagin bat baino ez dira, ordea, Kriminologiaren Euskal Institutuak 5.000tik gora kasu baititu erregistratuak. Eta batzuk itzalpean daude oraindik ere. Horiei guztiei egin die deia Euskal Herriko Torturatuen Sareak bere sorrera batzarrean, baita instituzio publikoei ere, bi xederekin. Batetik, torturaren biktimek aitortza eta erreparazio ofiziala izatea. Bestetik, «erantzukizun publikoak» eskatzea: «Euskal Herrian tortura modu sistematikoan aplikatu baita».

Aspaldian ikusi gabeko jendearekin elkartzeko aukera izan da askorentzat, min bera jasandako beste asko ezagutzekoa beste batzuentzat. Baina batzarrera bertaratutako denentzat izan da parada talde gisa urrats bat egiteko. «Tortura beren larruan jasan dutenen testigantza bizia gara, eta Euskal Herriko Torturatuen Sarea publikoki aurkezten diogu Euskal Herriko gizarteari», adierazi du Agurtzane Juanenak, sarearen izenean.

Hark eta Iker Morenok jarri diote ahotsa goizean jorratutakoari. Biak dira torturaren biktimak, eta biek jaso dute aitortza ofiziala. Juanena Brigada Politiko Sozial frankistak atxilotu eta torturatu zuen, 1975ean, eta Moreno, berriz, Guardia Zibilak, 2011n. Lehena Eusko Jaurlaritzak aitortu du biktima gisa, eta bigarrena Nafarroako Gobernuak. Gaur, tratu bera eskatu dute oraindik ere halakorik jaso ez duten milaka biktimentzat. «Torturaren errealitatea itzaletik argira ofizialki ateratzeko». Izan ere, oraingoz ehun torturatu inguru dira bi erakunde horietakoren baten aitortza jaso dutenak; orotara, estatuaren eta eskuin muturreko taldeen 279 biktima aitortu dituzte.

«Erantzukizun publikoa ezinbestekotzat jotzen dugu torturatuen aitortzan eta erreparazioan aurrera egiteko»

AGURTZANE JUANENATorturaren biktima

Era berean, nabarmendu dute badela garaia gertatutakoaren inguruko erantzukizun publikoak hartzeko: «Erantzukizun hori ezinbestekotzat jotzen dugu torturatuen aitortzan eta erreparazioan aurrera egiteko». Euskal Herrian tortura «sistematikoa» izan baita. «Metodo krudel eta lazgarri hori erabat operatiboa izan den egitura oso baten babespean gauzatu eta justifikatu ahal izan da», esan dute, eta zehaztu segurtasun indarrek ez ezik, epaileek, auzitegi medikuek, hedabideek eta hainbat alderdi politikok ere bide eman diotela. Hala, urrats hori ezinbestekotzat jo dute «egia osoa eta justizia» eskuratzeko.

5.379, gutxienez

«Oraindik ez dakigu zehatz-mehatz zer-nolako tamaina, dentsitatea eta intentsitatea izan duen torturak Euskal Herrian», azaldu dute eledunek. Eta hala da. Kriminologiaren Euskal Institutuak hiru ikerketa egin zituen Hego Euskal Herrian, eta, hala, 4.119 torturatu eta 4.998 tortura kasu erregistratu zituen 1960tik 2014ra bitartean. Alabaina, kopuru hori handitu egin da kasu gehiago ezagutu ahala; oraingoz, 5.379 baieztatu dituzte.

Nolanahi ere, azaldu dute torturak pairatu dituztenei soilik ez, biktimen inguruari ere eragiten diela jazotakoak. Hala, aferari «bere osotasunean» heltzeko beharra dagoela aldarrikatu dute: «Haren ondorio politiko, sozial, kultural eta gizatiarrak ezagutarazi behar dira, baita begirada feministatik landu ere». Hori lagungarria izango litzateke giza eskubideen urraketa horrek Euskal Herrian izandako ondorioak aditzera emateko eta «erreparazio mekanismo integralak eraiki ahal izateko», zehaztu dutenez.

Erreparazioak eragina izango luke orainean, baina baita etorkizunean ere, eta harantz begiratu nahi dute gaur Donostian elkartutakoek. «Jendarteari, datozen belaunaldiei, gertatu dena argitzea zor diegu». Eta horretarako, beharrezkotzat jo dute torturen zergatia ezagutaraztea eta «torturari bidea eman zion testuinguru politikoaren arrazoiak» zein izan ziren plazaratzea. Hain zuzen, uste dute hori dela «bermerik eraginkorrena berriz gertatu ez dadin».

Horregatik guztiagatik, lanari ekiteko asmoa azaldu du Euskal Herriko Torturatuen Sare eratu berriak, pairatutako mina «ahalduntze kolektiborako» erabiltzeko xedearekin. Hain zuzen, asmo horrekin ekin zion bere bideari Nafarroako Torturatuen Sareak, eta azken urtean lanean aritu dira hura Euskal Herri osora zabaltzeko. Iazko otsailaren 13an, Torturaren Aurkako Egunean, «auzolan erraldoia» abiatzeko asmoaren berri eman zuen Euskal Herriko Torturatuen Sareko talde sustatzaileak. Bidean, hogei batzar baino gehiago egin dituzte, eta zazpiehun torturatuk baino gehiagok parte hartu dute.

Gaurko ekitaldia izan da horren emaitza. Bertan, 900 lagun bildu dira guztira, baina mezua ez dute horien izenean soilik bota: «Gure malko bakoitzean, isildu dugun oihu bakoitzean, duintasunaren oihartzuna ere badago, egiarako deia». Aurrerantzean egindako urrats bakoitza «askatasunaren aldeko pauso bat» ere izatea nahi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.