«Otsailean eta martxoan izan ohi da sute gehien». Aurten, ordea, oso gutxi piztu dira. Abenduko tenperatura epelekin, baina, bestela izan zen, eta hektarea ugari erre zituen suak Hego Euskal Herrian. Sute horiek zergatik pizten diren ikertu du Virginia Carracedok (Madril, 1973). Kantabriako Unibertsitatean irakaslea da, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako suteak zein Espainia iparraldekoak ikertu ditu.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sute kopurua handia al da?
Oso sute gutxi izaten da. 1991. eta 2013. urteen artean 3.660 sute piztu ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta, guztira, 17.600 hektarea erre ziren. Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeak Kantabria, Asturias, Zamora Leon [Espainia] eta Galiziarekin batera eremu berean sartzen ditu Espainiako Ingurumen Ministerioak, eta, eremu hori osorik kontuan hartuta, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako suteak %1,5 besterik ez dira. Erretako lurzorua eremu osoan erre denaren %1,2 da. Euskal Herrian oso baldintza onak dituzue, eta sute oso gutxi izaten dira.
Zergatik piztu dira sute horiek?
Istripuen ondorioz. Euskal Herriko suteak ez dira izaten nahita piztutakoak, edo Mendien Legearekin lotutakoak. Bizkaian iazko abenduan izandako sutea nahita piztu zuten, baina kasu bakana da. Espainia iparraldean gertatutako suteek ez dute loturarik izaten lurzoruari kalifikazioa aldatzearekin.
Batzuetan, ordea, aditzera ematen da nahita piztu izan direla sute horiek.
Alarma hori piztu nahi izan da, baina inolaz ere ez da hala izaten. EAEn piztu diren suteek ez dute inoiz loturarik izan lurzoruei kalifikazioa aldatzeko helburuarekin. Gainera, suteak piztu diren lekuetara iristea ez da erraza izaten; oso leku malkartsuak izaten dira, herriguneetatik urrun, mendian, eta balio urbanistikorik gabeak. Egia da sute gehienak nahita piztuak izaten direla, baina helburua ez da izaten uste izandakoa.
Zergatik esaten da, orduan, nahita piztutakoak direla?
Gaur egun oraindik ere nekazari askok ematen diete su sastrakei, belardiak garbitu eta ganadua mendira igo aurretik inguru horretan belar berria hazi dadin. Kantabrian eta Asturiasen oso ohikoa da hori oraindik. Baina Euskal Herrian sute gehienak arduragabeak deitutakoak izaten dira. Bi motatakoak izan daitezke: arinkeriaz egindakoak, sua pizteko baimena izan arren baldintzak egokiak ez direnean egindakoak; eta istripuz gertatutakoak, ingurua zeharkatzen duten argindar instalazioetan sortutako txinpartek eragindakoak, adibidez.
Zein arrazoi daude Euskal Herriko suteen atzean?
1991 eta 2013 arteko suteak kontuan hartuta, lurralde bakoitzean ezberdinak izan dira arrazoiak. Bizkaian, esaterako, arduragabekeriazko sute gehienak basogintza lanen ondorioz piztutakoak izan dira. 2013tik, ordea, kopurua gutxitu egin da, zuhaitzak moztu ondorengo ezpalak erre ordez zerrauts bihurtzen dituztelako. Hondar horiek erretzea debekatuta dago egun. Gipuzkoan eta Araban ere berdina gertatu da, eta sute kopurua gutxitu egin da.
Ohikoa da abenduan iaz bezainbeste sute izatea?
Ez da ohikoena. Otsailean eta martxoan izan ohi da sute gehien, nekazariek orduan erretzen dituztelako sastrakak, belardiak udaberri amaierarako prest egon daitezen. Iazko abenduan, ordea, oso baldintza aproposak izan ziren lan horiek egiteko. Inguru horietan landaredia inofitoa dago, eta euri asko egiten du; horregatik, zailagoa izaten da suteak izatea. Abenduan, ordea, hego haizea ibili zen, eta landaredia oso azkar lehortu zen. Berezia izan zen orduan gertatutakoa. Kantabrian, adibidez, urtero gertatzen dira halakoak, bi edo hiru. Egun gutxi irauten dute, baina azalera asko erretzen da. Ezberdintasuna da sute horiek goi larreetan gertatzen direla, herrigunetatik urrun, eta ez dutela horrenbeste zalaparta sortzen. Aurtengoak, ordea, ezberdinak izan dira: beheko guneetan izan dira, arboladietan, herriguneetatik gertu. Nire ustez, gainera, komunikabideetan izan duen oihartzunak eragina izan du, eta sute gehiago izan dira. Aurten izan diren adierazle batzuk ez dira beste urte batzuetan izan.
Zein dira adierazle horiek?
Normalean sute horiek hamazazpi egun inguru irauten dute. Larreak birsortzeko helburua izaten dute, eta zabaldu egiten dira, baldintza meteorologikoak ez direlako onak izaten. Gainera, sute asko batera pizten dira, eta erraz hedatzen dira. Halakoetan, foku asko izaten da, eta horrek ere sua itzaltzeko lanak zailtzen ditu. Sute asko leku malkartsuetan izaten dira, iristeko zailak direnetan. Hainbat faktorek eragiten dute, eta suteok lurzoru asko erretzen dute.
Zein ondorio izaten dituzte sute horiek gero lurzorua oneratu ahal izateko?
Benetako ondorioak zein diren eta suteek lurrean edo landaredian zein eragin duten jasotzen duen azterketarik ez dago. Baina, noski, baditu. Halako suteek errauts asko sortzen dute, eta horiek ura mugitzea galarazten dute. Euria egiten badu, errauts horiek zabaldu egiten dira, eta inguru gehiago hondatzen da; landarediari gehiago kostatzen zaio haztea. Horregatik da garrantzitsua suak hitzartutakoan bakarrik piztea, hala egiten denean baldintza egokienak daudela esan nahi baitu, eta ondorioak ere ez dira horren larriak izaten.
Ondorioak berberak izaten dira leku guztietan?
Ez da gauza bera suak erretzea ustez berriro erreko ez den inguru bat, edo urtero suteak gune berberetan piztea. Eremu horietan zailagoa izango da landaredia birsortzea. Sute baten ondoren landaredia berriz haziz joaten da, baina behin eta berriz hazte prozesu hori moztu egiten bada, gero eta gehiago kostatzen da ingurua bere onera itzultzea.
Mendietako legea aldatu egin da. Izan du eraginik suteetan?
Euskal Herriko eta Kantabriako eta Asturiasko eremuan ez du eraginik izan. Legea aldatuta uste da erretako eremuagatik jaso beharreko laguntza handiagoa izango dela, baina ez da horren erraza. Baldintza zehatz batzuk egon behar dira. Aurreko legeak jasotzen zuen lurrak ezin zirela berriz kalifikatu 30 urte igaro arte. Eta oraingoak esaten du erkidegoek lur eremu horren izendapena aldatu egin dezaketela, baldin eta premiazko arrazoiren bat baldin badago. Baina hirigintza prozesu bat ez da premiazko arrazoi bat.
Virginia Carracedo. Kantabriako Unibertsitateko irakaslea
«Euskal Herriko suteak ez dira nahita piztutakoak izaten»
Mendian suteak zergatik pizten diren ikertu du Carracedok azken urteetan. Kantabrian du abiapuntua ikerketak, baina Araba, Bizkai eta Gipuzkoako arrazoiak ere aztertu ditu: «Istripuak izan ohi dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu