Euskal Herriko saltokietan euskaraz «lasai» aritzeko marka sortu dute

Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak eratu dute zigilua

Marka berriaren aurkezpena atzo egin zuten, Donostiako Bretxako merkatuan. IREKIA.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Donostia
2023ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Euskal Herri osoko merkataritzan eta ostalaritzan euskaraz hitz egiteko guneak identifikatzeko balioko duen marka bat sortu dute Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta EEP Euskararen Erakunde Publikoak: Euskaraz barra-barra du izena. «Marka honek adierazi nahi du ikusten dugun tokian guri zerbitzatzeko daudenak gai direla gurekin euskaraz mintzatzeko, edo euskara ulertzeko. Beraz, haiekin lasai-lasai hitz egin ahalko dugu euskaraz, inolako gaizki-ulerturik gabe», azaldu zuen Bingen Zupiriak, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, atzo Donostian egin zuten aurkezpenean.

Euskaraz barra-barra markaren berritasuna da Euskal Herri osoan hedatzeko helburua duela, Zupiriaren arabera. «Espazio horiek euskararen eremu osoan, lurralde guztietan identifikagarri egiteko marka bera izateak euskararen erabilera sozialari lagunduko dio, eta hiztunei konfiantza emango die», azaldu du Ana Ollok, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak.

Helburua da tabernetan, jatetxeetan, saltokietan eta merkataritza guneetan euskararen erabilera sustatzea, eta euskal hiztunen «estres linguistikoa» murriztea. Marka horrekin bat egin nahi duten saltokiek hiru baldintza bete beharko dituzte: zabalik dagoen bitartean gutxienez langile euskaldun bat izatea, bezeroei lehen eta azken hitza euskaraz egiteko konpromisoa hartzea eta kontsumitzaileei euskaraz egiteko aukera bermatu ahal izatea. Erakusleihoan markaren ikurra jarriko dute bat egiten duten saltokiek, bezeroei adierazteko euskaraz egin dezaketela.

Gainera, Antton Kurutxarri EEPko lehendakariak nabarmendu du saltokiei lagunduko dietela hizkuntza paisaia ele bitan jartzen: «Markaren zabalkundea egitean, saltegiei proposatuko diegu seinaleak, komunikazioa eta erabiltzen dituzten euskarriak euskaraz ere ezartzea, eta horretarako laguntza eskainiko diegu».

Marka atzo aurkeztu zuten, baina aurreko hilabeteetan proiektu pilotu bat egiten jardun dute 1.644 saltokitan eta tabernatan; gehienak Donostian daude, baina proba egin dute UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko herrietan eta beste batzuetan ere.

Aurten, Euskaraz barra-barra marka Euskal Herriko beste 50 udalerritara hedatzeko helburua dutela adierazi dute; besteak beste, Bilbora eta Gasteizera. Hala ere, nabarmendu dute helburua Euskal Herriko udalerri guztietara hedatzea dela.

Eremu pribatura —sozioekonomikora— mugatuko da markaren zabalkundea, baina azaldu dute etorkizunean aztertuko dutela ea «eremu publikora» ere hedadaitekeen.

«Harrera ona»

Elena Moreno Eusko Jaurlaritzako Merkataritza zuzendariak azaldu du Euskaraz barra-barra markak «harrera ona» izan duela proiektu pilotua martxan izan den garaian, «bai saltokietan, bai bezeroen artean». Gaineratu du merkataritza egiten ari den «barne eraldaketa sakonean» euskarak ere baduela bere lekua: «Eraldaketa horrek enpleguaren kalitatea zaindu behar du, gure gizarte pluralari erantzun behar dio, eta euskara gure kaleetan batzeko tresna gisa sartu behar du, gure zerbitzuek eskaintzen duten arreta are gehiago indartuz».

Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteko kide Haika Aizpuruak adierazi du ostalaritzaren sektoreak euskararekiko «konpromiso sendoa» daukala: «Erreferente izan nahi dugu, euskaraz artatuz eta elkarlanean arituz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.