Euskal Herriko Neska* Gazteek azaroaren 30ean kaleak betetzeko deia egin dute

Zaintza lanak egunero emakumeek egiten dituztela salatu dute, soldatapean zein soldatarik gabe. Neska Gazteek ez dute sistema hau zainduko, «emakumeen bizitzen aurka antolatzen den sistema» delakoan.

2023ko azaroaren 21a
18:10
Entzun

Euskal Herriko Neska* Gazteek agerraldia egin dute gaur Gasteizen, azaroaren 30ean mugimendu feministak antolatutako greba orokorrarekin bat egiteko dituen arrazoien berri emateko. Adierazi dutenez, sistemak «zapalkuntza mekanismoen bidez» arautzen du nork merezi duen zaintza eta nork ez, eta nori dagokion zaintzea eta nori ez.

Alde horretatik, zaintza lana emakumeek egiten dutela salatu dute, soldatapean edo soldatarik gabe. «Askotan, baina, zaintza lanak ez ditu merkatuak arautzen. Sistema zisheteropatriarkalean zaintzea emakumeen lana da, emakumeen eginbeharra, eta horregatik egiten dugu emakumeok ordaindu gabeko lanaren zatirik handiena», adierazi dute.

Neska gazteen arabera, zaintzarako eskubide kolektiboaren aldeko borroka «denon» ardura da. Alde horretatik, gizonei «dagokien ardura» hartzeko eskatu diete, euren pribilegioak alde batera utzita. Neska gazteek uste dute hezkuntza, osasungintza eta sare publiko osoa «ahultzen» ari direla, eta familien, «beraz, emakumeen» eskuetan uzten ari direla zaintza. «Neska gazteok ez dugu sistema hau zainduko, ez dugu gure bizitzen aurka antolatzen den sistema hau erreproduzituko. Zaintza eskubidea erdiesteko modu bakarra mobilizatzea, antolatzea eta borrokatzea delako: A-30ean greba feminista orokorrera!».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.