Euskal Herriko Kontseilu Sozialista eratu dute, «euskal langileriaren alderdia» izateko

Mugimendu Sozialistaren «erreferente politiko nagusia» izango da alderdia aurrerantzean. Astelena pilotalekuan egin dute aurkezpena.

(ID_13432531) (Jaizki Fontaneda/@FOKU) 2023-12-16, Eibar. Euskal Herriko Mugimendu Sozialistak bere ibilbide-orria aurkeztu du
EHKSren aurkezpen ekitaldia, Eibarren. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Iosu Alberdi.
Eibar
2023ko abenduaren 16a
14:50
Entzun

«Belaunaldi gazte baten urteetako lanaren ostean, gaur euskal langileriaren alderdia gorpuztu da». Hala adierazi du Ane Ibarzabalek, EHKS Euskal Herriko Kontseilu Sozialistako eledunak. Eibarko (Gipuzkoa) Astelena pilotalekuan aurkeztu dute erakundea, mila lagun baino gehiagoren babesarekin. Azaldu dutenez, antolakunde berriak xede du Mugimendu Sozialistaren «erreferente politiko nagusia» izatea: «Ongizate unibertsalaren alde egingo duen forma politiko bat».

Azken bost urteetan mugimenduak eginiko urratsen segidatzat jo dute alderdiaren sorrera, «erronka handiagoei» heltzeko tresna izango delakoan. «Gaurkoa hasiera besterik ez da», esan du Garazi Navarro EHKSko kideak. Atzera begira, gogoratu du «estatu zapaltzailean guztiz integratzen eta asimilatzen ari zen mugimendu politikotik» aldentzeko hautua egin zutela, ezker abertzaleak hartutako bideari aipamen eginez. Azaldu du «erantzun berrien bila» aritu direla, «sozialismoaren aldeko aldarria eguneratzearen» alde eginda.

Ibarzabalek, berriz, azpimarra egin du sistema kapitalistak langile askori «garai bateko bizi baldintzak» eskaintzeko duen «ezintasun nabarmenean», eta horren adibidetzat jo du gaur egungo egoera sozioekonomikoa: «Ohitzen hasiak gara jada pobreziaren hazkunde progresibora, estatuen erreforma totalitarioetara, ekosistemen suntsitze progresiboetara eta gerren ugaritzera. Kapitalismoak, zentzu batean, goia jo du».

«Inoiz baino aktualagoa eta errealagoa da sozialismoaren aldarria». 

ANDER GOIATXE EHKSko eleduna

Horiek horrela, deia egin dute «kapitalaren menderakuntzaren eta krisi kapitalistaren aurka» antolatzeko. Ander Goiatxe eleduna: «Sozialismoa edo basakeria kapitalista. Ez dago aukerarik tarteko bideetarako». Hori kontuan izanik, «fase politiko berri bat» abiatzeko nahia adierazi dute, «proletariotza ezintasunera kondenatzen duten proposamen parlamentarioetatik» aldenduta, «alternatiba sozialista» baten bidetik. Goiatxeren hitzetan, komunismoak «inoiz baino gaurkotasun handiagoa» du gaur egungo egoeran: «Inoiz baino aktualagoa eta errealagoa da sozialismoaren aldarria».

Horretarako, «komunismoa langileen artean hegemonikoa bihurtzea» izango da EHKSren helburu nagusietako bat, eledunen hitzetan, horretarako beharrezko «erreminta politikoak» eskainita. Izan ere, azaldu dute langile klaseak hartu behar duela «bere beharrei irtenbide bat emateko ardura», eta «alternatiba sozialista» eraiki, «interklasismoa eta erreformismoa» baztertuta.

Proposamenik eza

EHKSk zuzenean kritikatu ditu alderdi instituzionalak. «UPNtik eta EAJtik hasi eta EH Bildurekin bukatu», zehaztu du Goiatxek. Denei egotzi die «eredu kapitalistaren barruan txertatzea» euren proiektu politikoak, eta langile klasearen «miseriari» erantzuteko proposamenik ez izatea leporatu die. Eta Ibarzabalek honela gehitu du: «Esaten dutena esaten dutela, hemen, ongizaterako proposamen irrealak estatuaren erreforman oinarritzen direnak dira».

Adierazi dute ez dutela asmorik «politikari profesionalen alderdien antzera» jarduteko. «Guk badakigu sozialismoaren banderaren pean lortu direla langileriaren eskubide ekonomiko, politiko eta sozial nagusiak», argudiatu du Ibarzabalek, eta gehitu du masa antolakundeak eratzea dela alternatiba, «programa independenteak» garatuko dituztenak.

Era berean, azaldu dute halako erakundeek, EHKSk kasurako, gai izan behar dutela langileen aniztasuna «kontzientzia sozialista bateratu batean» biltzeko «bizitzaren esfera guztietan»; besteak beste, emakume langileen, migratzaileen, «identitate nazional zapalduen» eta LGTBI kolektiboak jasaten dituzten zapalkuntzak.

Borroka, baina, Euskal Herritik harago ere kokatu behar dela azaldu dute. Ibarzabalen esanetan, helburu estrategikoa baita «estatu sozialista eraikitzeko baldintza ideologiko eta politikoak sortzea» Euskal Herrian eta nazioartean. Hala, nazioartean «proletariotzaren indar politiko berri bat» artikulatzearen alde egin dute.

Proposamen politikoa

Erakundearen lehentasunetan egin dute azpimarra agerraldian, proposamen politikoa zazpi auzi nagusitan banatuta.

  • Bizitzaren garestitzea. Azaldu dute zerbitzu publikoen murrizketa eta prezioen gorakada langile klasearen «pobretzearen» erakusgarri direla, eta enpresa handiek, berriz, irabaziak handitu dituztela. Hala, «jopuntuan» jarri dituzte haien irabaziak: «Aberastasuna berau sortzen dugunon eskuetara itzul dadin». 
  • Gerra. Oro har «gerra inperialistei» eta zehazki NATOri aurre egitera deitu dute, zuzenean lotuz egungo gerra testuingurua eta sistema kapitalistaren krisia. «Gure oinarrizko premisa NATO desegitea da».
  • Autoritarismoa. Estatuen bilakaera autoritarioa salatu du EHKSk, horren adibidetzat jota, besteak beste, salbuespen egoerak, mozal legea eta langile mugimenduetan eginiko infiltrazioak. Horren kontra, «erantzun global bat» artikulatzea jo dute irtenbidetzat.
  • Krisi ekologikoa. «Naturaren eta giza beharrizanen arteko harreman orekatu bat» jo du helburutzat EHKSk: «Kapitalaren irabazi pribatuaren gainetik interes komuna jarriko duen soluzio bat».
  • Emakume langileen zapalkuntza. EHKSren esanetan, emakumeek lehen lerro politikoan egon behar dute, eta ezinbestekotzat jo du «sozialismoak emakume langilearen askapenerako oinarriak jartzea».
  • Autodeterminazioa. Erakundeak salatu du Espainiak eta Frantziak Euskal Herriko langileen «borondate nazionala eta kulturala» zapaltzen dutela. Horri aurre egiteko eta «Euskal Herriko langileriaren autodeterminazio eskubidea» betetzeko, uste dute «sozialismoaren eraikuntza internazionala» dela bidea.
  • Amnistia. «Langile klaseko militante politiko iraultzaileentzako» amnistia eta aitortza eskatu ditu: «Ezin da sozialismoaz hitz egin estatu zapaltzaileen aurrean, gure herrian eta mundu osoan borroka egin dutenen askatasuna exijitu eta amnistiaren aldarrikapena barne hartu gabe».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.